“Energiaren konbertsioa eta metaketa aztertu ditugu”

“Energiaren konbertsioa eta metaketa aztertu ditugu”

Natalia Salazar Orbe

American Chemical Review aldizkariak Edurne Redondo Negrete (Karrantza, 1987) eta haren taldea saritu ditu. Kimikan doktorea da karrantzarra, eta Brnon (Txekiar Errepublika) ari da elektrokimikaren esparruan ikertzen.

3D printing for electrochemical Energy Aplications artikuluagatik saritu zaituztete. Zer ekarpen egiten duzue artikulu horretan?

3D printing inprimatze alorrean eta energia aplikazioetan egindako artikuluak bildu eta berrikusi ditugu. Energiaren konbertsioa eta metaketa aztertu ditugu.

Taldean ari zarete ikertzen?

Bai. Nire arduraduna Martin Pumera da. Hasi nintzenean lau bakarrik ginen, baina orain, bi urteren ostean, ia hogei pertsona gaude. Asko hazi da taldea. 3D inprimatzea egiten dugu hainbat aplikazio elektrokimikotarako. Baina ez hori bakarrik. Martin Pumerak baditu beste ikerketa ildo batzuk ere: mikromotoreak ere lantzen ditugu.

Hiru dimentsioko inprimagailuekin inprimatutako piezak ezagunak dira. Zuen ikerketa harago doa, ordea: eroaleak diren materialekin egiten dituzue hiru dimentsioko inprimatzeak. Zein da berezitasuna?

Eroaleak diren filamentu batzuk erabiltzen ditugu. Polimeroz osatuta daudenez, eroankortasun hori areagotu egin dezakegu. Tratamenduak egiten dizkiegu elektrodo inprimatuei —termikoak, elektrokimikoak edota kimikoak— horien propietateak hobetzeko. Horrez gain, beste material batzuk ere jartzen dizkiegu elektrodo inprimatuei; besteak beste, elektrodeposizioz, eta aplikazio elektrokimikoetarako aztertzen ditugu. Horrez gain, energia gordetzeko aplikazioetarako erabiltzen ditugu; baita sentsoreetarako ere. Sentsore kiralak ere aztertu izan ditugu 3Dn inprimatutako elektrodo horietan entzima kiralak jarriz. Entzima horiek gai dira aminoazido kiralak sentsoreetan sumatzeko.

Material horiekin egindako inprimatzeek zer aplikazio praktiko izan ditzakete?

Baterietarako edo superkondentsadoreetarako erabil daitezke. Horiek energia biltzeko gailuak dira. Sentsoreetarako ere izan daitezke erabilgarriak. Gaur egun, sentsoreak COVID-19arengatik ezagutzen ditugu. Izan ere, testak egin behar dira identifikatzeko COVID-19aren molekula presente dagoen soluzio batean ala ez. Likido batean molekula zehatz bat dagoen ala ez jakiteko sentsoreak erabil daitezke.

Oraindik ikerketa prozesuan ari zarete ala merkaturatzeko eta praktikan jartzeko prest dago?

Gure taldea, batez ere, ikerketa hutsean ari da. Hala ere, pentsatzen dut aukerak egon daitezkeela produkturen bat merkaturatzeko. Oraintxe, gure taldean ez dugu era horretako proiekturik edo kolaboraziorik. Hau teknologia berria da, eta ikertzen ari gara ea etorkizunera begira erabilgarriago egin dezakegun zerbait atera daitekeen.

Jaso duzuen sariak zer onura dakarkie ikerlariei, besteak beste, zuri zeuri?

Artikulua aldizkari horretan argitaratze hutsa jada asko da. Ospe handia du aldizkari horrek. Ohorea da halako aldizkari batek zure lana argitaratzea. Sariari esker, gure artikuluak zabalpen handiagoa izango du.

Txekiar Errepublikan ari zara zu ikerketa egiten, Brnon. Euskal Herrian ikerketarako aukera mugatuagoak al daude?

Esango nuke aukerak egon badaudela. Hala ere, ikertzaileontzako ona da mugitzea. Nik, doktoretza bukatzean, banekien oso

garrantzitsua dela atzerrian esperientzia izatea etorkizunean ere aukera gehiago izateko. Batez ere, nazioarteko presentzia oso garrantzitsua da gure curriculuma hobetzeko. Horrez gain, aukera ematen dit leku berriak eta pertsona eta ikertzaile garrantzitsuak ezagutzeko.

Etorkizunera begira, zer bide egin nahiko zenuke?

Orain, bide akademikoan geratu nahi dut, unibertsitatetik edo ikerketa zentroetatik gertu.

Ikerketa arlo zehatzen bat landu nahiko zenuke?

Esperientziarik handiena elektrokimikan dut; beraz, elektrokimikarekin lotura duen alorren batean aritu nahiko nuke. Baita ingurumenarekin edo klima aldaketarekin lotutako zerbaitean ere. Tesia superkondentsadoreei buruz egin nuen. Superkondentsadoreak energia biltzeko gailuak dira, eta energia berriztagarriak ekoizteko energia gordetzeko gailuak behar dituzte. Ez litzaidake ardura izango arlo horretan jarraitzea. Edo baterien arloan lan gehiago egitea. Hala ere, badaude beste alor batzuk ere, esaterako, CO2a xurgatzea edo murriztea elektrokimikaren bitartez.

Lehen aipatu duzu zuen taldea mikromotoreak ere ikertzen ari dela. Zertan da ikerketa hori?

Mikromotoreak nanopartikulak edo mikropartikulak dira, eta ingurunearekin erreakzionatzen dute. Duten forma bereziak ere mugiarazten ditu. Forma berezia dute eta ingurumenean kimikoki, argiarekin edo beste mota batera kitzika daitezke partikula horiek, eta haien mugimendua bideratu.

Eta zertarako erabil daitezke?

Aplikazio asko dauzkate. Besteak beste, medikuntzaren alorrean balio handia izan dezakete. Izan ere, partikulak bideratu badaitezke gorputzaren atal batera, erreakzio kimikoak, tratamenduak edo diagnosiak egin daitezke partikula horiek bideratuta.