Positibo

Harrapatu egin dut. Koko malapartatu horrek harrapatu egin nau. Opor giroan, lasai eta presarik gabe txigortutako ogi usainez hasi behar zuen asteazkenak. Ohetik jaikitzerako banekien ez nuela aldarte onik. Hilekorako falta zitzaizkidan egunak zenbatu nituen eta baztertu egin nuen nire gogo txarraren motiboa hari egozterik. Ordura arte herritik irten ezinda egon ginen eta itsaso aldera joateko plana genuen eguazten hartarako. Urak nire buruko ziztadak baretuko zituela pentsatu nuen eta dutxan sartu nintzen. Ondoren, goserik gabe armosatu nuen. Azkenik, sofan jesarri nintzen espero baino tarte luzeagoz. Azkenean ez genuen itsasorik ikusi.

Nonbaiten hoztu egingo nintzela pentsatu nuen; tenperatura aldaketen ondorio izango zela ere argudiatu nion nire barruko beldurrari. Baina nire barruko ahotsak isildu gabe errepikatzen zidan: “Koronabirusa, koronabirusa, koronabirusa‚Ķ”. Bainugelako botiken kutxako ertz batean aurkitu nuen termometroa. Sukarrik ez dut izaten eta ez nuen izaterik espero, baina badaezpada besapea itxi eta zain gelditu nintzen. 37,7. Nire begiek prozesatu orduko hasi zitzaidan nire barruko ahotsa: “KORONABIRUSA!, KORONABIRUSA!, KORONABIRUSA!…”.

Ezkai infusio bat prestatu nuen eta sofan etzan nintzen. Buruari bueltaka aritu nintzen; harik eta biharamunean herriko osasun etxera deitzea erabaki nuen arte. Ordubetean antigenoen proba egiteko zita eman zidaten. Nire izen-abizenak entzun eta barrura sartu nintzen; makilatxo bat ezkerreko sudur-zulotik eta gero eskumakotik. Begiaren ertzetik malko bat atera zitzaidan. “Listo, pare bat ordutan SMS bat jasoko duzu emaitzarekin”, esan zidan erizainak, begiekin irribarre egiten zidan bitartean. Eskerrak eman nizkion, autoa hartu eta etxera buelta. Ordubete eskaserako testu luze baten erdian, letra larriz, “POSITIBO” jartzen zuen. Kaka zaharra, harrapatu dut, harrapatu nau.

Urtebeteko lasterketa izan da, eta kale kantoietako batean ezin izan diot izkin egin. Nire bila ere etorri da. Osakidetzako erizainak beharrezko argibideak eman zizkidan telefonoz; besteren artean, ur asko edateko eta gaizki sentituz gero parazetamola hartzeko. Aztarnariaren galdera guztiei erantzun nien sakelako agenda begi-bistan nuela. Telefono deiak amaituta, etxean geratzea eta gaixotasunari aurre egitea zegokidan. Hurrengo asteko planak eta lanak bertan behera utzi nituen; eta halako batean Hitza-ko artikuluarekin akordatu nintzen. Sukarrak eragindako ondoezak argi utzi zidan ezingo nuela ezer idatzi. Hala ere, egunak nituen aurretik, eta ezer esan aurretik, itxarotea erabaki nuen.

Atera dut indarra azkenean; zuek ostiralez irakurriko duzuen hau astelehenean idatzi dut nik. Etxean irten gabe eta ondoezik egotean asko eskertzen da ingurukoen ardura eta laguntza. Eskertu egiten dut mezu bat bidaltzen dizun horren gertutasuna edota erosketak etxeko atera ekartzen dizkizunaren prestasuna eta eskuzabaltasuna. Kontatzeko indarra izatea beste eskertzen dut entzungo dizun norbait egotea. Itxialdian balkoira irtetea bezalakoa izan da niretzat zuekin hemen elkartzea.