Pinuaren lekua hartzen ari dena

1986az geroztik, boskoiztu egin da eukalipto kopurua. Kolore Guztietako Basoak taldeak salatu du 3.600 hektarea eukaliptok 7.000 hektarea pinu ordezkatu dituztela jada.

Natalia Salazar Orbe

Barakaldoko Errekatxo auzoan, 49 pinu hektarea kendu eta horien ordez eukaliptoak landatu nahi zituen lursailon jabe pribatuak. Bizkaiko Foru Aldundiak ez dio baimendu, ordea. Hainbat elkartek eta organismok landaketa horien arriskuaz ohartarazi ondoren hartu zuen erabakia aldundiak, eta jabeari jakinarazi dio bertako espezieak landatu beharko dituela. Ez da ohiko erabakia, azken urteetako joera kontuan hartuta: Eusko Jaurlaritzaren 1986ko baso inbentarioaren arabera, 3.769 hektarea eukalipto zeuden, eta koniferoak eta eukaliptoak uztartzen zituen baso mistoak, berriz, 1.105 hektareako azalera hartzen zuen. Horietatik Gipuzkoari zegozkion zazpi hektarea kenduta, beste guztia Bizkaian landatuta zegoen. 2018ko inbentarioaren arabera, 17.277 hektarea eukalipto zeuden Bizkaian —12.410 gehiago—. 2020koan, 20.506 zenbatu dituzte.

Keko Alonso Kolore Guztietako Basoak taldeko kideak azaldu duenez, 1986az geroztik “boskoiztu” egin da eukaliptoaren azalera: “Eta, azken hamabost urteetan, ia hirukoiztu egin da kopurua”. Datu ofizialak kontuan hartuta egin du analisi hori. Hala ere, adierazi duenez, landaketon kopurua askoz handiagoa da. “Datu ofizialen arabera, Bizkaian eukalipto espezie askotarikoen 20.500 hektarea daude. 2020ko inbentarioko datuak dira horiek. Hala ere, 2019ko datuak jaso dituzte bertan. Beraz, xingola marroiak jotako arbolak ordezkatzeko prozesuaren %70 bertan zenbatu gabe dago oraindik”.

Haztegietako arduradunen ahotik jasotako informazioari egin dio aipamen adierazpenok argudiatzeko: “Eukalipto landareak agortu egin ziren iaz Bizkaiko haztegietan. Bizkaiko merkatuaren eraginez, Kantabrian eta Asturiasen [Espainia] ere agortu ziren, eta, ondorioz, Galiziatik milioika landare ekarri zituzten. Kontuan hartu hektarea batean mila arbola pasatxo sartzen direla. Beraz, soilik iaz milaka hektarea landatu zituzten. Ez dakigu 5.000 edo 12.000 izan diren”.

Alonsok ohartarazi du pinua uzten ari den lekua hartzen ari dela eukaliptoa, eta ordezkatze prozesu hori bistakoa dela deritzo: “2016ko eta 2020ko inbentarioen artean Bizkaian 7.000 hektarea Radiata [pinu] kendu dituzte. Nora joan diren aztertuz gero, ikusten da 3.600 hektarea eukaliptoz ordezkatu direla. Kopuruok datu ofizialetan daude. Eta oraindik zenbatu gabe daude 2019 eta 2020. urteetako kopuru handienak”.

Pinu taula

Nagusiki, kostaldean

Espezie horren kokapenari dagokionez, Bizkaiko kostaldean dago gehien. Herriei erreparatuta, zenbaitetan nabarmena da horien kopurua: Maruri-Jataben, herriaren azaleraren erdia eukaliptoz landatuta dago; Lemoizen, azaleraren %44, eta, Bakion, %38. Eusko Jaurlaritzaren basoetako maparen datuak dira.

Eukaliptoa lantzea merkea dela esan du Kolore Guztietako Basoak taldeko kideak. “Diruz lagunduta dago. Aldundiak publizitate engainagarria egiten du, esanez eukaliptoa ez dutela diruz laguntzen”. Azaldu du eukaliptoa landatzeko diru laguntzarik ez dutela ematen. Bai, aldiz, beste era batera eskatuta; esaterako, xingola marroiak jota dauden pinudiak ordezkatzeko. “Gaixotutako pinudien hektarea bakoitzeko 1.500 euro ematen zituzten. Arazoa da inork ez dizula galdetzen horiek kenduta zer landatuko duzun. Beraz, askok pinuak kendu dituzte, laguntza jaso dute, eta diru hori ia nahikoa izan dute landaketa berria egiteko. Gipuzkoan dagoeneko ez dute egiten, talde ekologistek salatu egin zutelako. Orain, han, diru laguntza ematen dizute baldin eta gero ez baduzu eukaliptorik landatzen. Bizkaian, ez”. Hortaz, “esan daiteke gaixotutako pinudiak kentzeko eukaliptoak ez landatzeko baldintzarik jarri gabe diru laguntza ematen dutenak eukaliptoaren landaketa finantzatzen ari direla diru publikoarekin”.

Baso landaketen azterketari erreparatuta, bestelako ondorioak ere atera ditu Alonsok. Globulus eta nitens eukalipto espezieak dira orokorrean Bizkaian landatzen dituztenak. Dena dela, beste eukalipto espezie batzuekin ere esperimentatzen ari dira. “Aldundia da beste espezie batzuk probatzen ari dena, ikusteko izozteei aurre egiteko gaitasuna duten, zur ona ematen duten, eta papera egiteko egokiak diren”, adierazi du Alonsok. Izan ere, 2020ko basoen mapan 912 hektarea ageri dira beste eukalipto espezie batzuekin landatuta, eta horien %80,8 lur publikoetakoak direla zehazten du inbentarioak.

Kolore Guztietako Basoak taldeko kidea jakitun dago zenbait herrik beharrezkoa dutela basoak ustiatzea. Hori dela eta, ingurumenaren eta ekonomiaren arteko oreka bilatu beharraz aritu da. Lorategietan eta basoan jarduten den enpresa bat ere badu Alonsok, eta eukaliptoei aurre egiteko beste eredu bat sustatzen ari da. Esan du mendi pribatuen %75 ingurutan ekoizpenerako kanpoko espezieen monolaborantza egiten dutela. “Helburua da errentagarritasuna lortzea denbora gutxian zur asko lortuta. Lur publikoetan, portzentaje hori %69 da”.

Silbikultura

Alonso ez dago ados kudeaketa horrekin. Azaldu du aldundiak 31.000 hektarea mendi publiko kudeatzen dituela. Horietatik 7.000 hektarea ondarezko mendiak dira; gainerakoak, erabilera publikoko mendiak. Horiek udalenak dira, baina aldundiak kudeatzen ditu. “Gure taldeak esaten dituen gauzetako bat da ondarezko mendiak kontserbatu egin beharko genituzkeela”. Modu publikoan erabiltzeko udal mendiei dagokienez, horiekiko mendekotasun ekonomikoa dutenetan “naturatik gertu dagoen silbikultura bultzatzen dute: kalitatezko zura ematen duten eta naturatik gertu dauden mendiak direla esaten dute horiei buruz.

Monolaborantzaren akatsak zerrendatu ditu Alonsok: “Kanpoko espezieekin egiten da lan; ez dira gure ekosistemaren parte; eta zuhaitz guztiak batera mozten dira, orokorrean oso malda malkartsua den eta klima euritsua duen lurralde honetan. Zorurik gabe geratzen gara arbola guztiak batera mozten ditugunean”.

Hark proposatzen duen basogintza ereduak bestelako ezaugarriak ditu: “Zuhaitz guztiak ez dira batera moztu behar. Uzta garestiagoa da. Askoz merkeagoa da dena batera moztea, eta horregatik egiten dute hala. Zorua zapuztu egiten da, baina merkeago ateratzen zaielako egiten dute horrela”. Hala ere, baieztatu du posible dela bestelako eredu hori: “Orain, paletak egiteko zura ekoizten ari gara, eta, kasurik onenean, etxeetako habeak edo papera egitekoa. Silbikulturaren bidez, kalitatezko edo kalitate handiko zura ekoiztuko genuke, askoz balio handiagoa duelako”.

Alonsok adierazi du bide hori bideragarria dela. “Europan era horretan ekoizten dena baino gehiago kontsumitzen da. Beraz, merkatua egon badago. Jabugoko pernilezko ogitarteko batean ogia edo permila egin ditzakezu. Eredu honen bidez, pernila egingo genuke”.

Baso askotarikoen aldeko proposamena egin du. Orain arte egindako hutsetatik ikasi behar dela sinetsita dago: “Pinuak emaitza ona eman izan duenez, leku guztietan jarri dute. Horretan bat gatoz administrazioarekin. Haien ustez, xingola marroiaren kontrola galdu da onddoak milaka hektarea pinu izan dituelako erasateko. Horixe bera esan izan dugu guk bi urtez batzarretan, baina ez digute kasurik egin”.

1950eko hamarkadan iritsi zen pinua Bizkaira. “Herritarrak landaguneetatik ateratzen ari ziren garaia zen. Bizimodu mota bat hil eta berri bat hasten ari zen. Ez geneukan informaziorik, ez genekien zer ondorio izan zezakeen, eta prozesu hartan laguntzeko balio izan zuen. Eskertzekoa da”.

Gaur egungo egoera bestelakoa dela deritzo: “Herritarrek ez dute bizi aldaketa nabarmenik euren bizitzan, eta orain badakigu eukaliptoak zer ondorio dituen. Aitzitik, gaur egungo une historikoa ingurumen krisiak markatuta dago, eta badakigu kakaztutako mundu bat utziko diegula gaztetxoei”.

Krisi horren aurrean hori guztia kontuan izango duen dibertsifikazio bat sustatu behar dela sinetsita dago Alonso: “Silbikulturaren bidetik jarraituta, ekoizpenerako erabiltzen ez diren basoak berreskuratu behar ditugu, zer-nola funtzionatzen duten jakiteko. Ostean, baso naturalak oinarri hartuta ekoitzi behar dugu”.

Kudeaketa mota horretan, basoaren birsorkuntza baliatzen dute. “Azpitik ez da garbitzen, eta, arbolak kentzen direnean, dagoeneko badaude kimu berriak ateratakoak ordezkatzeko prest. Beraz, sarri ez da beharrezkoa izaten berriro landatzea”. Laburbilduta, “bertako espezieak sustatuko dituen dibertsifikazio bat eta basoaren prozesu naturalen alde jokatuko duen kudeaketa bat” eskatu du haren taldeak.