“Nola da posible nik ez jakitea nire gorputzak zer egiten duen?”

“Nola da posible nik ez jakitea nire gorputzak zer egiten duen?”

Ibai Maruri Bilbao

Aurretik seme bat zuen, eta bere asmoetan ez zegoen beste umerik izatea. Hala ere, Eider Moreno (Elorrio, 1981) haurdun geratu zen. “Bilatu gabe etorri zen, baina pila bat poztu gintuen”. Izena ere argi zuten: Kattalin izango zen euren alaba berria. Baina hiru hilabetera haurdunaldia eten zitzaion. Orduan bizitakoa kontatzeko Kattalin ez da jaio komikia sortu du (Zoila Ascasibar, 2020).

Zelan gogoratzen duzu haurdunaldia eten zitzaizula jakin zenueneko eguna?

Nik ez nekien orduan zer zetorren. Beste arlo batzuetan bezala, badakigu asko gertatzen den zerbait dela, baina ez dakigu zer den, ez dugulako berbarik egiten horren inguruan. Ezjakintasun itzela dago abortu naturalen inguruan. Tabu moduko bat da.

Zergatik da uste baino ohikoagoa den hori hain ezezaguna?

Pentsatzen dut izan dela emakumezkoen kontuei behar duten garrantzia eman ez zaielako.

Une hartan jazo zenuen arreta ez zitzaizun egokia iruditu.

Informazioa bota nuen faltan, eta enpatia eta gizatasuna ginekologoen aldetik. Gaia oso hotz tratatu zuten. “Ilusioa zenuen?”, galdetu zidaten. Zer uste duzu, ba? Noski baietz! Nire alaba izan behar zen. Nire barruan dena zegoen bideratuta alaba bat izateko. Bat-batean esaten dizute ezetz, eta esaten dizutena da normala dela, beste hitzordu bat emango dizutela ginekologoarenera joateko, hark baieztatzeko haurdunaldia eten dela, joateko kanpora eta emango didatela hitzordua. Barkatu, zer? Enpatia non dago? Haurdun dauden emakumeak, berez, sentikorrago daude, eta arreta berezi bat behar dute. Orain aurrean duzuna emakume haurdun bat da, eta esan berri diozu haren alaba ez dela jaioko. Gizatasuna falta da tratuan.

Kattalin ez zen jaio, baina bai izen hori duen liburua. Zergatik?

Energia horri bide bat ematearren. Alde batetik, jaio ez zenari, beste bide bat emateko. Niretzat oso sinbolikoa izan da liburua haren izenarekin ateratzea. Beste alde batetik, beste emakume batzuek izan dezaten nik eduki ez nuen informazioa. Hau da, nik abortua modu natural batean bizi badut, zer gertatzen da? Nik ez nuen jakin hasieran, eta jakin dezatela beste batzuek. Medikuek etengabe esaten dizute garbiketa egin behar duzula edo pilulak hartu; ez dizute beste aukerarik ematen, ez dizute esaten gorputzak badakiela hori modu natural batean kanporatzen. Niri horrek frustrazio handia eragin zidan: emakumeari betidanik gertatu zaion zerbait da haurdunaldia berez etetea, egunero gertatzen da, eta zelan da posible nik ez jakitea horren aurrean gorputzak zer egiten duen? Azken batean, emakumeon gorputza ezagutzea da. Ez dut esaten horrela egin behar denik, baina nahi nuen beste emakumeek jakitea aukera hori ere badagoela. Niri orduan asko kostatu zitzaidan jakitea.

Zelan jakin zenuen?

Medikuen aldetik, ez. Nire inguruan galdetu nuen, eta lagun batek esan zidan baduela emagina den lagun bat, eta hark esan ziola denbora bat pasatzerakoan gorputzak berez igartzen duela haurdunaldia eten dela, eta berak kanporatzen duela sortu duen guztia. Hori medikuek esan behar izan zidaten! Nik yoga eskolak ematen ditut, eta lanketa pertsonala egina dut nire gorputza ezagutzeko. Beraz, argi neukan modu naturalean egingo nuela. Konfiantza osoa jarri nuen nigan bizi den natura horretan. Horrek ez du esan nahi prozesua hastean ez nuela beldurrik pasatu. Hasten direnean odol jarioak, eta egunak pasatu arren ez direnean eteten, beldurtu egiten zara.

Prozesu horretan ez zenuen medikuen laguntzarik izan?

Ez. Odol jarioa hasi zenean, odolbildu handiak irteten ziren, mina ere handia zen. Uzkurtzeak sentitzen dituzu, erditzean bezala. Nik ez nekien hainbeste odol isurtzea normala zen. Ospitalera joan ginen ikusteko dena ondo zegoen. Medikuek esan zidaten gorputza bere lana egiten ari zela, baina, hala ere, berriro garbiketa eta pilulak eskaini zizkidaten aukeran. Uste zuten ez nekiela haurdunaldia eten zitzaidala, eta orduan jakin nuela odol isuriekin hasi nintzenean. Ez zuten ulertzen nik modu naturalean kanporatzea erabaki izana. Gorputzarekiko ikuspegi inbaditzailea dute.

Prozesua horrela egin izanak zuri mesede egin zizun?

Bai, jakina. Nire gorputza gehiago ezagutzen. Gaurko gizartean dena nahi dugu orain, eta horrek dakar prozesuak ez barneratzea modu egoki batean. Uste dut horrek dakarrela gauza batzuk ondo sendatu barik geratzea. Erritmoa errespetatu dudanez, eta unean unekoa bizi izan nuenez, esango nuke zikloa hobeto zarratu nuela.

Doluan lagundu zizun?

Dolua berdin bizi behar duzu, baina beste era batera. Emozioak oso gogorrak eta indartsuak izan ziren. Emozio horiek osorik eta kontzienteki bizi ondoren, nolabait neure burua lasai eta garbi geratu zela esango nuke. Ez nuen dena ahaztu nahi, nire bizitzan hori gertatu izan ez balitz bezala. Haurdunaldi hori nire gorputzean sentitu nuen. Nire alaba Kattalin izan behar zen hazitxo hori kanporatzean, ez nuen zakarretara bota nahi. Izena zuen, eta familiako parte izatera zihoan. Lurperatu egin genuen. Lurretik dator eta lurrera doa.

Zergatik komikia?

Paper zuriaren aurrean jarri nintzenean, berez egin nuena bineta bat izan zen. Kattalinen energiak bultzatu ninduen. Era batera, jaio ez zen energia hori modu honetan jaio da.