Mimenagako padura uriolei aurre egiteko erabili gura du EH Bilduk

Mimenagako padura uriolei aurre egiteko erabili gura du EH Bilduk

Ibai Maruri Bilbao

Berango eta Getxo arteko Mimenagako padura ekologikoki berreskuratzeko proiektua aurkeztu dute bi herriotako EH Bilduko udal ordezkariek. Berdegune erraldoi bat sortzea da haien proposamena. Horretarako, Marel-Renault tailerretako lursailak berreskuratuko lirateke, eta naturari itzuliko litzaizkioke. Helburua da Padura ibaiak inguru hartan sortzen dituen uriolak saihestea.

“Eraikuntza masibo eta espekulazioaren aurrean, bestelako alternatibak badaudela azalarazi nahi izan dugu. Gaur egun espazio hori utzita eta kutsatuta dago, eta naturari dagokiona itzuli nahi diogu”, esan du Nerea Gijarrubia Getxoko EH Bilduko zinegotziak. Bi udaletan mozioa aurkeztuko dute, osoko bilkuren babesa lortzeko asmotan.

Talde abertzaleak ondutako proiektuaren arabera, paduraren berreskuratze ekologikoak hainbat elementu izango lituzke. Esaterako, Gobela ibaiaren ibilbideari jarraiki, ibaiertzeko baso bat landatzea da haien proposamena. Landa eremu zabal eta basatiak ere nahi dituzte. Eta putzuak eta hezeguneak; Gobelak gainezka egitekotan, inguru hori beteko litzateke urez, eta beste inguru urbano batzuetan uriolak saihestuko. Izan ere, Gobelak hainbat uriola sortu ditu inguruan, eta Uraren Euskal Agentzia horiek ekiditeko lanak egiten dabil azken urteetan. Halaber, lursail horietan gaur egun dauden landare inbaditzaileak kentzea eskatzen du EH Bilduk. Haien ordez, bertako arbola espeziek osatutako baso bat landatzea gura du. Gaur egun inguruan dauden ortuak mantendu eta handitzea ere bada taldearen aldarrikapena, getxoztarrek eta berangoztarrek erabili ahal izateko.

Porlana garbitu

Proiektuaren arabera, Marel-Reanult tailerrek utzitako porlanezko lursaila garbitu eta bertan egurrezko olgetarako elementuak ipiniko lirateke: tirolinak, abentura jolasak…. Atseden hartzeko lekuak izango lituzke, eta, Gobelaren bidea jarraituta, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat ere sortuko litzateke, Mimenaga eta Gobelalde lotuko lituzkeena.

Gaur egun Getxon eta Berangon indarrean dauden hirigintza plangintzek Mimenagan etxebizitzak eraikitzea aurreikusten dute. EH Bilduko ordezkariek ez dute hori zentzuzkotzat jo, uholdeak izateko arriskua baitu. Gijarrubiak esan du euren proiektuak Sopelako Urko paduraren berreskuratze ekologikoaren filosofia jarraitzen duela. “Osasun krisiak agerian utzi du gero eta beharrezkoagoak ditugula berdeguneak eta gozatzeko espazioak gure herrian. Batzuentzat hirigintza espekulazioan eta eraikuntza masiboan oinarritzen da, baina bada beste eredurik”.