Itsaspean hegan egiteko zaletasuna

Itsaspean hegan egiteko zaletasuna

Maialen Arteaga

Paradoxikoa badirudi ere, ur azaletik behera, gizakiari oxigenoa falta zaion lekuan hartzen du arnasa Izaro Urpeko Kirolen Elkarteak. Ur azpiko unibertsoa ikertu, eta behea miatzeko zaletasuna partekatu nahi dute kideek. Izan ere, sorlekuan bertan dute itsasoa: Bermeon.

30 urte baino gehiago igaro dira taldea sortu zutenetik. 1985ean eman zituzten lehenengo pausoak, baina bi urte beranduago gorpuztu ziren formalki, Bermeoko hainbat herritarrek amankomunean zuten zaletasun batetik abiatuta. “Afizio batetik sortutako familia bat gara. Bakoitzak bere espezializazioan jarduten du. Zale horiek bakarka egiten zuten arrantza, eta batzea erabaki zuten”, kontatu du Lander Aurrekoetxea Izaro Urpeko Kirolen Elkarteko arrantza delegatuak. “Klubaren bitartez, elkar ezagututzeko aukera dugu, eta, gauzak antolatzeko orduan, bakarka baino indartsuagoak gara”, adierazi du.

Gustuko aisialdia izan zuten abiapuntu, baina, gerora, itsasoko eta portuetako garbiketak ere egin izan dituzte eskualde inguruan. Bost urte daramatzate jada inguruko itsaspeko zaborra garbitzen. Orain, Zero Zabor proiektuarekin batera ari dira elkarlanean, lur azaletik haratagoko hondakinak garbitzeko asmoz.

Diziplina ugari landuz

Urpeko arrantza, Indiar estiloko arrantza, bikotekakoa, sakonekoa… Urpeko argazki lehiaketak, oxigeno botilarekin edo botilarik gabe… Diziplina ugari lantzen dituzte elkartean. Arlo bakoitzean espezializatutako irakasleeek eskaintzen dituzte saioak. Egun, orotara, ehun baino gehiago dira: “Kide gehienak bermeotarrak dira, baina eskualde osotik eta Bilbotik ere etortzen da jendea”, azaldu du Aurrekoetxeak.

Belaunaldi aldaketa bat sumatu dute: “Gazte berri batzuk ere sartu dira taldera, 18, 19 eta 20 urte bitartekoak. Guretzat oso pozgarria da gazteak taldean izatea; klubaren transmisiorako beharrezkoa da”. Ez da harritzen, ordea: “Jendea urpera lehen aldiz sartzen denean, nolabait itsasoari lotuta gelditzen da; ur gaziak engantxatu egiten zaitu, eta jende asko hasten da klubean gehiago ikasteko asmoz”.

Transmisio horren erakusle da urtero Bermeoko kiroldegian antolatzen duten egitaraua: “Txapelketa bat egiten dugu, eta arratsaldean umeentzako urpeko ekintzak antolatzen ditugu, mundu hori umeengana hurbiltzeko”. Egun “berezia” izaten da bertakoentzat. Taldekideak ehundik gora badira ere, kudeaketa lanak ez dira astunak: “Ez digu buruko minik ematen. Lan karga handiena txapelketak antolatzea da: bilerak, izen-emateak, protokoloak, osasun neurriak… Bestela, egunerokoak ez digu lan handirik exijitzen”.

Txapelketa handi horietako bat da bihar Bermeon antolatu duten Bizkaiko Urpeko Arrantza Lehiaketa. 09:15ean hasiko da, eta lau ordu iraungo ditu. Urdaibaiko inguruak izango dituzte lehiarako zelai —Bermeotik hasi eta Ogoño arte—, baina Aurrekoetxeak azpimarratu du biosfera erreserbaren mugak errespetatu behar direla. Haren esanetan, ez da edonolako txapelketa: “Maila oso-oso goian dago. Lehenengo bosten artean geratzea, esaterako, zinez zaila da”. Bi urterik behin egiten dituzte arrantza lehiaketak, baina maiztasun hori areagotu egin nahi dute datozen urteetan. Izaroko hainbat kide Espainiako eta Munduko txapelketetarako sailkatu izan dira sarritan; arrantzan ez ezik, itsaspeko argazkilaritza arloan ere bai.

Baina maila handiko parte hartzaileak izateak ez dizkio inori ateak ixten, taldeko kideak dioenez: “Ekintzetan parte hartzeko ez da ez gauza askorik ez profil jakinik behar”. Material eta baliabide falta ere ez da oztopo: “Norbaitek edozertan parte hartu nahi badu baina materialik ez badauka, hori ez da arazoa izango. Gure taldean beti egongo da norbait behar duenari berea uzteko prest”.