Foru aldundiak Eurokoparako emandako dirua itzultzeko eskatu dute

N. S. O.

Eurokopako partidak San Mamesen lehiatzea gero eta zailagoa dela ikusita, ekitaldiok Bilbora ekartzeko egindako inbertsio publikoarekin zer gertatzen den galdezka hasi dira talde politiko batzuk. Kasurako, Bizkaiko Batzar Nagusietan, EP-IU taldeak aldundiari galdetu dio ea aukera dagoen emandako dirua bueltan jasotzeko.

Israel Escalante EP-IUko batzarkideak Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuari egin zion galdera astelehenean, Bilbon. Batzarkideak esan zuenez, foru aldundiak 2.905.000 euro ipini ditu Eurokoparako 2017az geroztik. Aurtengo aurrekontuetan, berriz, 750.000 euro zeuden aurreikusita. Aldundiak Bilboko Udaleko Bilbao Ekintza erakundeari eman zion diru hori, Bizkaiko hiruburua Eurokoparako egoitza moduan sustatzeko.

Urtea bukatu arteko epea

Basurkok azaldu zuen aldundiak Bilbao Ekintzarekin sinatutako akordioaren arabera erakunde horrek “bere borondatez” itzuli behar dituela justifikatu ezin dituen diru laguntzaren gastuak. Diputatuak esan du Bilboko udal erakundearekin duen kontratua betetzea eskatuko diotela Bilbao Ekintzari. Kontratu horretan jasota dago Bizkaiko hiriburuan futbol ekitaldia egiteko gastatu ez dituen diru sailak itzuli beharko dituela: “Bilbao Ekintzak egindako gastuek ez badute justifikatzen emandako diru laguntza osoa, hau da, Eurokopa Bilbon egiten ez bada, bere ekimenez itzuli beharko du diru laguntza”. Erakundeak abenduaren 31ra arteko epea du gastuak justifikatzeko. Basurkok aurtengo aurrekontuan jasotako 750.000 euroei bakarrik egin zien aipamena.

Escalanteren ustez, “aldundiak 2017az gerotik egindako gastua berreskuratu beharko luke”. Esan zuen badirudiela Eurokopa ez dela jokatuko Bilbon; “beraz, gastu horrek ez dauka zentzurik”. Gizarte gaietarako eta egoera ekonomikoari bultzada emateko erabil daitekeen diru guztiaren garrantzia azpimarratu zuen.