Eredu iraunkorra modan jarri

Eredu iraunkorra modan jarri

Oihana Cabello

Fashion Revolution taldean ezagutu zuten elkar hirurek: Laura Marchantek, Amaia Garzonek eta Libe Kerroumek. Eta The Eko Lab egitasmoa sortu dute. Kerroumek esan bezala, jendeari moda jasangarria zer den erakusteko zerbait egiteko beharra ikusi zuten hirurek. Hala, Bilboko Udalak ematen dituen Bilbao Aurrera planeko diru laguntzei esker, Zabalguneko eraikinean izango dira hilaren 30era bitartean. Erakusketa iraunkorraz gain, tailerrak eta hitzaldiak ere izango dira.

Laborategia izan nahi dute, baina ikasteko. Ehungintza iraunkorra da bultzatu nahi dutena. “Esan beharra dago gu ez garela adituak, eta etengabe ikasten ari garela. Hala ere, erakutsi nahi dugu arropak nola sortzen diren, zer dagoen atzean, nork, non eta zer modutan egiten dituen eta ehungintza mota bakoitzak zer pauso dituen”, azaldu du Kerroumek. “Behin informazio hori barneratuta, arropa edo produktu horien iraupena bermatzeko pautak ezagutarazi nahi ditugu laborategian, eta produktua erabili ezin denean nola berrerabili edo nola birziklatu daitekeen”.

Tailerrak, hitzaldiak…

Ehungintza duintasunez nola landu jakiteko aukera eman nahi diete herritarrei, eta prestatutako jarduerak horretara bideratuta daude. Lau tailer emango dituzte. Lehenengoan, zapatak nola berregin irakatsiko dute. Bigarrenean, antzerkiaren eta arroparen arteko harremana ezagutzeko aukera izango da. Hirugarren batean, bitxiak egingo dituzte material biodegradagarriarekin, eta horretarako 3D makina erabiltzen ikasiko dute. Laugarren tailerrean, hondakinekin egingo dute lan, eta material organikoarekin bioplastikoa sortuko dute.

The Eko Labeko hitzaldiak ere bereziak izango dira. Basque Design Centerrek emango du horietako bat. “Beraien espazioa ireki dute aurten Gueñesen, eta bertan lantzen dituzte jasangarritasunez landu daitezkeen diseinu guztiak: arropak, ehungintza eta arkitektura”, esan du Kerroumek. Material iraunkorrei buruzko pauta orokor batzuk emango dituzte.

Bigarren hitzaldia Biga Avant Wearek emango du. Arropa marka hori sortu duten Gasteizko bi ahizpak teknologiarekin ezaugarri bereziak dituzten arropak lantzen dituzte: usainik ez duen arropa, kasurako. “Teknologia erabiltzen dute horretarako, eta arropa iraunkorra da haiena. Naturala denarekin uztartzen dute diseinua”. Hitzaldian, enpresa bat jasangarritasunetik abiatuta nola egin ere azalduko dute.

Tailerretan parte hartzeko jada ezin du beste inork izena eman, baina hitzaldietarako lekua badago: Theekolab.com webgunean eska daiteke. Erakusketak ez du edukiera mugarik, espazio zabala delako. Interaktiboa izango da, eta jendeak ikusiko du bost pausotan nola egiten den arropa bat. Dinamikoa da, teknologiarekin bat egiten duelako. QR kodeen bidez, artisten bideoak ikusi ahalko dira, eta proiektore batekin bideoak eta irudiak ikusiko dira.

Kontzientziaren garrantzia

Publiko zabalarengana heltzeko gogoz antolatu dute The Eko Lab, Kerroumek adierazi duenez. “Egia da tailerretan izena eman duten gehienek badutela zerikusia modaren munduarekin. Hala ere, gure asmoa da herritar denengana heltzea, interesa piztea eta kontsumo ereduak nola aldatu ezagutaraztea, jasangarritasunaren alde egiteko”.

Kontsumo iraunkorrari dagokionez, gizartea “ez da ezjakina”, haren esanetan. “Jakitun gara, baina beste aldera begiratzen dugu. Errazagoa da kontsumismoaren erritmoan jarraitzea”. Horregatik, Kerroumek uste du garrantzitsua dela zer dagoen ikustea eta hori barneratzea.

Egitaraua

Apirilak 17
11:00 eta 16:00. Tailerra: Re_construcción de calzado. (Barbara Leon).
Apirilak 20
15:30. Tailerra: Contando historias a través del vestuario. (Betitxe Saitua).
Apirilak 22
15:30. Tailerra: Diseña tu primera joya en impresión 3D inspirada en nuestras montañas en primavera. (MRLaspiur).
Apirilak 26
16:00. Hitzaldia: Materiales sostenibles.
17:30. Tailerra: Making de bioplásticos. (Basque Design Center).
Apirilak 27
18:00. Fashion Films proiekzioak.
Apirilak 28
17:00. Hitzaldia: Emprender en moda de manera sostenible. (Biga Avant Wear).