Natalia Salazar Orbe
Oraindik erabakia hartu gabe badago ere, gero eta zailago dirudi Bilboko San Mames futbol estadioak gizonezkoen aurtengo Eurokopa partidak hartzea. Datorren astelehenean erabakiko du UEFAk Bilbo lehiaketa horretako egoitzetako bat izango den. Bilboko Udalak joan den astean iragarri zuen hautagaitza onartuz gero San Mamesen partidok jokatuko direla estadioak duen edukieraren laurdenarekin —alegia, 13.000 ikus-entzulerentzako lekuarekin—, eta prestaketa lanak egiten hasiak ziren. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak asteon esan du ez dituela ezarritako baldintzak aldatuko eta osasun publikoa lehenetsiko duela, Bilbok egoitza izateko aukera galtzeko arriskua egon arren.
Espainiako Futbol Federazioak ohartarazi du Bilbok Eurokopako partidak hartzea ez dela bideragarria izango Jaurlaritzak ezarritako baldintzak bete behar badira. Besteak beste, Jaurlaritzaren baldintzen arabera, azken hamalau egunetako intzidentzia metatuak 40tik beherakoa izan beharko du; populazioaren %60k txertatuta egon beharko du; eta ospitaleetako okupazioak %8tik beherakoa izan beharko du gela arruntetan eta %2tik beherakoa ZIUetan; horrez gain, estadioan publikoaren laurdena bakarrik sartzeko baimena eman du. UEFAk argi du nahitaezko baldintza dela Eurokopako egoitzetako zelaietan publikoa egotea.
Baldintza horiek guztiak bi hilabete barru bete beharko lirateke. Datuek, ordea, bestelako egoera bat erakusten dute, oraingoz. Astelehenean jakin zen 100.000 biztanleko 400 kutsatuen langa gainditu duela Bilbok, aztertutako azken hamalau egunetako zenbakiei erreparatuta. Hala, hiriaren mugak itxi dituzte.
EH Bildu, azalpen eske
Eusko Jaurlaritzak 13.000 ikusle elkartzeko proposamena egin izanari kritika egin dio EH Bilduk, eta proposamen horri buruzko azalpenak eskatu ditu. Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren eta Jon Redondo Kirol zuzendariaren agerraldia eskatuko duela iragarri du. EH Bilduk “harridura” agertu du: “Pandemia batean murgilduta gaude, egunetik egunera kezkagarriagoak diren datuekin, eta Eusko Jaurlaritzak erabaki du milaka pertsona bil daitezkeela kirol ekitaldi batean”. Rebeka Ubera taldeko legebiltzarkideak Urkulluk asteon hitz egin aurretik egin zituen adierazpenok.
Uberak esan zuen ez zuela ulertzen Eusko Jaurlaritzak zer-nola hartu zuen edukieraren erabaki hori: “Ezin da egun batean herritarrei erantzukizuna eskatu eta pilaketak eta mugikortasuna saihestu, eta hurrengo egunean futbol estadio batean milaka pertsona bildu ahal izatea sustatu. Inkoherentea da, eta herritarrek ez dituzte ulertzen horrelako erabakiak”.
Izaera “inperialista”
Egoera horren aurrean, Eurokopa Honi Ez plataformak deituta, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten joan den zapatuan, Bilbon, partidak San Mamesen ez egiteko aldarrikatzeko. Eurokopa honi ez. Gelditu dezagun leloaren atzean egin zuten manifestariek estadioaren paretik atera eta udaletxe aurrera arteko bidea.
Eurokoparen izaera “inperialista” dela esan zuten, eta ohartarazi egitasmoak Euskal Herriko “pobrezia orokorra, dominazioa eta errepresioa areagotu” ditzakeela. Azaldu zutenez, “baten batek argudia lezake Eurokopa bezalako proiektuak direla datu ekonomiko kezkagarriei buelta emateko modu bakarra. Hala ere, ezagunak zaizkigun behin-behinekotasunari, ezegonkortasunari, atsedenik ezari edo soldata miserableei deitzen die burgesiak aberastasuna”.