Betitxe Saitua: “Tailerrean hausnarketa egingo dugu”

Betitxe Saitua: “Tailerrean hausnarketa egingo dugu”

O.C.

Antzerkirako jantziak diseinatu eta egiten ditu Betitxe Saituak (Sopela, 1986). Ramon Barearen El viaje a ninguna parte, Juana Lorren La mejor madre del mundo eta Maria Goirizelaiaren Ama Kuraia dira jantzi dituen azken obretako batzuk. Orain, “oso proiektu interesgarri bat” prestatzen ari da, udazkenean ezagutaraziko dutena: Altsasu.

The Eko Labekin bat egin duzu.

Proposatu egin zidaten, eta bi modura hartuko dut parte: erakusketan traje bat aurkeztuko dut eta tailer bat emango dut.

Zer ikasiko da bertan?

Hutsetik hasiko gara, eta planteatuko dudana da zer den jantzigintza eszenikoa, nola sor daitekeen jantzi bat eta zer funtzio duen; hau da, zer pauso eman behar diren lehenengo eta zein den prozesua hasiera horretatik agertokian ikusi arte. Alde praktikoa ere izango du tailerrak.

Diseinatzaile moduan, zelako ekarpena egiten dizute holako egitasmoek?

Azken batean, ezagutzera emateko aukera bat da. Sarritan, denda handiekin lotzen da moda, baina jantzigintzaren atzean mundu oso zabala dago. The Eko Lab egokia da nire lana beste pertsona batzuekin partekatzeko.

Zure arropak antzerki obretarako izaten dira. Bereziak dira?

Bi lan ildo ditut. Batetik, jantzi eszenikoak diseinatu eta egiten ditut. Kasu horretan, proiektu handi batean atal bat baino ez da nire lana. Bestetik, proiektu pertsonalak ditut, eta neurrira egindako jantziak egiten ditut, enkarguz. Bi horiek askotan uztartzen ditut, eta komunean dute pieza bakoitzari eskaintzen diodala denbora asko eta dedikazio handia.

Pertsonaia izaten duzu kontuan. Jantziak janzten du pertsona, ala pertsonak jantzia?

Tailerra horri buruzkoa izango da, eta hausnarketa egitea da asmoa. Azken batean, egunero janzten gara, eta ez gara jabetzen arropa horrek ematen digun zer berezi horretaz. Hausnarketa egingo dugu antzerkietan erabiltzen diren jantzien bitartez, agian argiagoa izan daitekeelako, nahiz eta egunerokoan ere ematen den. Alai zaudenean, esaterako, zure emozio horrekin bat datorren arropa janzten duzu.

Hausnarketa aipatu duzu. Zer da hausnartu behar dena?

Tailerrean, ohiturak planteatuko ditugu. Arropa asko erostera ohituta gaude, eta garrantzirik ez diogu ematen horri. Jasangarritasunaren ikuspuntutik, modari dagokionez, planteatuko dena da bueltatu beharra dagoela sasoi bateko eredura: hau da, arropa gutxiago izan, hobea, eta zaintzea. Antzerkigintzan zaindu egiten da, beti. Arropa bat egiteko, pentsatu behar da pertsonaia nolakoa den, zelako izaera duen, zer rol betetzen duen istorioan, eta hori da islatu behar dena. Hori da tailerraren planteamendua.

Zer du berezia zure lan egiteko moduak?

Asko gustatzen zait proiektuak heltzen zaizkidanean erreferentziak bilatzea: irakurri, ikusi, kontsultatu… Hasierako ikerketa lana oso gustuko dut; momentu hori berezia izaten da niretzat. Hala ere, prozesu guztia da gozamena nire kasuan. Antzerki edo filmetarako jantziak diseinatzen ditugunok talde handi baten parte txiki bat gara, eta komunikazio handia egon behar da zuzendaritzarekin, antzezleekin…; denekin, azken batean. Hori ere oso interesgarria iruditzen zait.

Lan egiteko modu jasangarriarekin bat egiten al duzu?

Bertoko dendetan erosten ditut materialak, nik egiten ditut diseinuak, patroiak nire tailerrean egiten dira, oihalak nire tailerrean moztu eta josten dira. Beraz, lan egitearen eta sortzearen prozesu guztia jasangarria da.

Badago merkaturik?

Jantzi eszenikoen enkargu asko ditut. Zorte ona daukat, baina lan handia ere badago atzean.