Aitzindariak bidea urratzen

N. S. O.

Joera oraindik ez da aldatu, baina gero eta gehiago dira pinuaren krisiaren ostean eukaliptoaren kalteez jabetu eta bestelako basoen kudeaketaren aldeko apustua egin dutenak. Urteetan, elkarteak izan dira ondorio kaltegarriei buruz ohartarazi eta proiektuak proposatu eta gauzatu dituztenak. Lurgaia fundazioa da aitzindarietako bat. Orain, zenbait udal ere hasi dira neurriak hartzen.

Abanto-Zierbena eta Bakioko udalak dira horietako bi. Bakiokoak, esaterako, aho batez onartu zuen martxoaren 25eko osoko bilkuran basoen kudeaketa eredua aldatzeko konpromisoa. Horretarako, baso jabeekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta beste erakunde batzuekin lan egiteko prestasuna agertu dute.

Herri ekimenetik sortutako eskaera bati erantzunez hartu du erabakia udalak: Haria elkarteak eskatu zion udalerriko mendi eta basoen kudeaketari buruz gogoeta egiteko eta basook babesteko erabakiak hartzeko.

Azken urteetan, Bakioko Udalak zenbait jarduera gauzatuak zituen bide horretan, eta, aurrera begira, beste batzuk ere finkatu ditu. Besteak beste, aurtengo aurrekontuetan Bakio 2030 izeneko diru saila sortu dute. Haren bidez, teknikari bat kontratatuko dute mendien planean ezarritako helburuak betetzen ari diren jakiteko. Horrez gain, foro bat sortuko dute plan horren helburuak lortze aldera eman beharreko pausoak eztabaidatu eta erabakitzeko.

Era berean, 2019an hitzarmen bat sinatu zuten Lurgaia fundazioarekin, eta guztira 5,7636 hektarea utzi dizkio baso autoktonoa kontserbatu eta zaharberritzeko. Gaur egun, eukaliptoa kentzen ari dira eremu horretan. Mozketak bukatzean jarriko da indarrean hitzarmen hori.

Lurgaia fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta biodibertsitatearen kontserbazioa eta natura ondarearen kudeaketa sustatzea du helburu. Lursailak eskuratzen ditu, jabe publikoek eta pribatuek egindako borondatezko dohaintza, salerosketa edo lagapen hitzarmenen bidez. Lursailotan, bertoko basoa landatzen du, eta bermatzen dute lurrok ez dituztela erabiliko etekin ekonomikoak lortzeko.

Harizti misto handienetakoa

Proiektu horietako baten bidez, Urdaibaiko harizti mistorik handiena eta Bizkaiko handienetakoa sortzen ari dira Undabason. Ibarruri eremuan ari dira proiektua garatzen, Muxikan. 2008an hasi zuten bidea. Familia lurjabe batek baso autoktonoa nahi zuela eta, lehen zaintza akordioa sinatu zuten orduan. Harrezkero, lursail gehiago eskuratu dituzte, eta basoa haziz joan da. Gaur egun, 100 hektareatik gora kudeatzen dituzte. Helburua da 153 hektareara iristea, eta, horretarako, dirua batzeko kanpaina bat dute martxan.

Administrazioez eta elkarteez gain, norbanakoak ere basoen kudeaketa aldatu beharraz jabetzea garrantzitsua da bidea urratzeko. Mallabiko Zubiate familia konturatu egin da, eta bere lurretako zortzi hektareatan bertako basoa landatzen ari dira. Oraingoz, hiru hektarea pasatxo leheneratu dituzte. Besteak beste, haritza, astigarra, lizarra, gerizondoa, urkia eta pagoa landatu dituzte. Basooi etekin ekonomikoa ateratzea da haien asmoa, baina kalitatea kantitatearen gainetik lehenetsita. Eta merkatua badagoela diote.