Usansoloko biztanleak erroldatzera deitu dituzte

Usansoloko biztanleak erroldatzera deitu dituzte

Peru Azpillaga Diez

“Azken txanpan” da Usansolo Galdakaotik desanexionatu eta herri propioa bihurtzeko prozesua. Hala nabarmendu dute Usansolo Herria plataformako kideek. Usansoloren autonomia aldarrikatzen duen plataformak aspaldi ekin zion desanexioaren bidea jorratzeari, eta, prozesuak luze jo badu ere, haien helburua inoiz baino gertuago dagoela azaldu dute. Orain erroldan dute ipinia arreta. Bizkaiko foru arauak 2.500 biztanleko entitateen desanexioa baimentzen du, baina Espainiako Estatuko legediak 5.000 biztanletan du langa. Bizkaiko araudia errespetatzeko eskatu diote diputazioari, baina, badaezpada, erroldatze kanpaina ere abiatu dute Usansolon.

Iaz desanexiorako Batzorde Mistoa eratu zenetik, Usansolok udalerri independente izateko foru arauak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko egin beharreko azterlanak kontratatu dituzte: txosten soziologikoak, ekonomikoak, mugaketakoak eta juridikoak. “Prozesua martxan dago. Aurrera doa. Batzorde Mistoak bere lanetan dihardu, kontratatu ditu jada beharrezkoak diren ikerketa guztiak, Bizkaiko foru arauak aipatzen dituen baldintza guztiak ziurtatzeko beharrezkoak diren ikerketak”, esan du Monika Mena Usansolo Herria plataformako kideak.

Behin ikerketa horiek eginda, Batzorde Mistoan memoria txosten bat osatu eta Galdakaoko Udaleko osoko bilkuratik igaro ostean, aldundira helduko da. “Gu ziur gara baldintza guztiak beteko ditugula, baina ez dakigu zein izango den aldundiaren erantzuna”, esplikatu du Menak. Izan ere, Ezkio eta Itxasoren (Gipuzkoa) kasuan, iazko udan EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien herriei, esanez Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena dela gai hori eta aplikatu beharreko legea foru araua dela. Hala ere, auzia Madrilera iritsi zen, Espainiako Auzitegi Nagusira. “Handik estatuko legea inposatu diete, geure eskumena errespetatu barik”, dio Menak.

Haren esanetan, Bizkaiko foru arauak ezartzen dituen baldintza “guztiak” beteko dituzte, baita desanexionatuko den entitateak 2.500 biztanle izatekoa ere. “Ez dakigu zer gertatuko den”, erantsi du. “Ikusiko dugu nora jotzen duen aldundiak, baina egia da gai hau atera dela orain arte izandako elkarrizketetan”, azpimarratu du. Menak dioenez, 5.000 biztanle izateko beharra Espainiako Gobernuak aipatzen duen baldintza bat da. “Guretzat, hemengo prozesuaren erantzule bakarra Bizkaiko Aldundia da. Hark ditu ardura eta eskumena”.

Hala ere, arazoak saihesteko eta amaitzear dagoen prozesua errazteko, Usansolon bizi diren guztiei bertan erroldatzeko eskakizuna egin diete. “Prozesua azken txanpan dago, eta ez diogu inori aitzakiarik eman behar. Hemen bizi gara, eta hemen erabaki nahi dugu. Horretarako, garrantzitsua da erroldatzea”.

Arazorik egon ezean, aurreikuspenen arabera urte amaierarako galdeketa ofizial baten inguruan hitz egiten egon beharko luketela erantsi du Menak: “Dena ondo badoa, esango nuke urte amaierarako egongo garela galdeketa ofizialaren inguruan berbetan. Orain, ikerketa guztiak egiten ari dira, horiekin osatuko den memoria Batzorde Mistotik, aldunditik eta Bizkaiko Batzar Nagusietatik igaro beharko du, eta tarte horretan galdeketa ofiziala egiteko aukera izango genuke”.

Ibilbide zaila

“Orain dela 40 bat urte hasi ginen Usansolon desanexio prozesuarekin, baina, azken hamar urteetan, prozesuak inoiz baino abiadura handiagoa hartu du”. 2011n gauzak “geldirik” zeudela ikusita, Usansolo Herria plataforma sortu zutela oroitu du. “Helburu bakar batekin osatu genuen: desanexioaren prozesua bideratu eta lortzea”. Ahalik eta talde “pluralena” sortu zuten horretarako, eta geroztik izan diren udal hauteskunde guztietan bina zinegotzi lortu dituzte.

2012an, desanexioak debekatzen zituen foru araua onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek. “Horri kontra egiteko, erreferendum bat antolatu genuen”. Desanexio prozesuaren unerik “gogoangarrienetarikoa” izan zela esan du Menak. “Sekulako parte hartzea lortu genuen; jendeak hiru ordu eman zituen ilaran bozkatu ahal izateko”. Erreferendum hari esker foru araua aldatu zela azaldu du Menak. “Desanexioaren debekua kendu, eta baimendu egin zuen, lauzpabost artikulu aldatuta”. Bizkaiko foru arau berrituak eskatutako baldintzei jarraituz ari dira orain prozesua aurrera ateratzen. Pausoak eman ahala, Usansoloren desanexioa “laster” egia bilakatzea espero dute.