Erosteko aukera gutxi dago

Erosteko aukera gutxi dago

Ibai Maruri Bilbao

Egunero joan behar dugu notarioarenera. Honek ez du etenik”, esan du Rosa Leizaga Balmasedako Olatz higiezinen enpresako langileak. “Oraintxe, Enkarterrin ia ez da txaletik geratzen erosteko, eta Menako haranekoak [Burgos, Gaztela eta Leon, Espainia] eskaintzen hasi gara. Saltzeko genituenen %90etik gora saldu genituen udan eta udazkenean”. Ekonomia larri dagoen arren, alokairua edo hipoteka ordaintzeko ezinean dabiltzan bizkaitarrak milaka diren arren, aldi berean, txalet eta baserrien salmenta aspaldiko oparoen dabil. COVID-19ari aurre egiteko duela urtebete ezarritako konfinamenduak landa inguruko etxe eta baserriekiko interesa piztu zuen. “Orain, badirudi momentuz ez gaituztela berriz etxean itxiko, baina iazkoa oso gogorra izan zen, eta ez geunden prest berriz ere halakorik sufritzeko”, adierazi du Patricia Villanosek. Senarra, seme-alabak eta laurak Bilbotik Mungialdeko txalet batera joan ziren bizitzera joan den negu hasieran. Hain zuzen, Bizkaiko eskualdeen artean, Enkarterrin eta Mungialdean handitu da gehien 2020an landa inguruko etxeen salmenta.

“Luzaroan saldu ezinik egondako etxeak derrepentean saldu ziren konfinamendutik bueltan. Boom moduko bat izan zen iazko udan. Orain, mantsotu da erritmoa, baina pandemia aurreko urteetan baino mugimendu gehiago dago oraindik”, kontatu du Mungiako Erri-Bide higiezinen enpresako Yoana Bustinzak. “Lehen txalet bat edo bi saltzen genituen epe berean, hamar inguru saldu ditugu azken urtean”.

Orain eskaera eskaria baino handiagoa dela esan dute biek. “Bilatuz gero topatuko zenuke txaletik, baina 400.000 eta 550.000 euroren artean dagoenik, nekez. Neurrizko prezioan daudenak, denak saldu dira”, ohartarazi du Bustinzak. Uste du saldu ez direnak “garestiegi” daudelako edo egoera “eskasean” daudelako ez direla saldu. “Etxe bat salgai jarri eta astebete edo bira saltzen ibili gara”, gogoratu du Leizagak. “Uribe Kostan etxe bat topatzea ezinezkoa da. Lea-Artibai aldea urrun geratzen zaie bilbotarrei. Arratian, garesti daude. Enkarterrin ditugun prezioak beti izan dira erakargarriak. Lehen, bilbotarrek uste zuten urrun geundela, baina ohartu dira ezetz; Zallatik Bilbora hogei minutu eskas daude autoz!”.

Santibaez

Etxeak garrantzia hartu du

Villanos bezala, erosle gehienak Bilbokoak eta metropolikoak direla esan dute langile biek. “Etxean egon behar, irten ezinik. Lan egin behar, umeak ere etxean daudela. Zoramena izan zen gurean. Orain, behintzat, umeak lorategian egon daitezke jolasean”, esan du Villanosek. Pisuetan ere igarri dituzte konfinamenduaren ondorioak: balkoiak dituztenak erraz saltzen direla esan dute. Leizagaren esanetan, etxebizitzak garrantzia hartu du: “Kalean bizi den gizarte bat da gurea. Baina ia hiru hilabete egin genituen etxetik irten gabe, eta etxeak ere erosoa izan behar duela ohartu gara”. Kontrakoa ere gertatu da: aspaldion jende gutxiago joan da haienera etxea saldu guran, eta horrek eskaintza ez haztea ere ekarri du: “Ezinbestean etxea utzi behar ez duenak baztertu egin du etxea saltzeko asmoa. Itxialdian eroso egon dira txaletean, eta orain ez dute pentsatu ere egin nahi pisura joatea”.

Erosleek garrantzia ematen diote etxea ondo komunikatuta egoteari. Mungialdearen kasuan, esaterako, Mungian bertan edo alboko herrietan bilatzen dituzte. “Zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta gehiago kostatzen da saltzea”, adierazi du Bustinzak. Villanosi dagokionez, Bilbotik gertu egoteari garrantzia eman dio etxea aukeratzerakoan: “Oraindik ere, egun batzuetan telelanean gabiltza, baina besteetan bulegora joan behar dugu. Noizbait pandemia bukatu beharko da, eta ez genuen lanetik urrun egon nahi”.

Internet konexioa ere garrantzitsua da erosleentzat: etxetik lan egiteko eta eskolako lanak egin ahal izateko. “Guk bagenuen saldu ezin izan dugun etxe bat, sareko konexio txarra zuelako”, aitortu du Leizagak. Uste zuen erosleentzat garrantzitsua izango dela seme-alabek eskolarako autobusa izatea etxetik edo gertutik. “Baina ez da hala izan: haiek egunero autoz eroan eta ekartzeko prest daude. Horrek asko harritu nau”.

Baserriak ere erraz saldu direla aipatu du Bustinzak. “Mungian lursail gutxi daude salgai urbanizazioetatik kanpo. Hiru ditugu herrian: La Bilbainakoa, Elorduiganekoa eta Larrabizkerkoa. Horietan lor dezakezu, baina bizilagunak izango dituzu ondoan, eta erosle askok lasaitasun handiagoa gura du. Baserriek ematen dizute hori”. Leizagak askotariko erosleak daudela nabarmendu du. Batzuek gurago dute urbanizazio bateko txalet bat, 500-700 metroko lorategiduna. “Ez dute lan askorik nahi ingurua zaintzen”. Besteek lursail handiagoak nahi dituzte, 5.000-8.000 metro koadrokoak. “Horretarako aukera bakarra baserria erostea da”. Salgai egon diren gehienak saldu dituzte eskualde bietan.

Bustinzak esan du hipoteketan ere nabaritu dela. Bankuetako langileek esaten diete “lanez lepo” dabiltzala, eta eskatzen diren maileguak “handiak” direla. Ez daki erritmo honi luzaroan eutsiko dioten. “Aurreikuspen ekonomikoak ezkorrak dira. Baina iaz ere ez genuen hau gertatuko zen susmorik: konfinamendua bukatuta bulegora itzultzean uste genuen ez genuela lanik izango, eta hara gero zer etorri den”.

Bizkaiko Hitza-k eskualde biotako hainbat herri txikitako udaletan galdetu du ea populazioan nabaritu duten. Erantzun dute igarri dutela euren herrietan etxeen salmentak susperraldia izan duela azken urtean, baina ez da izan biztanle kopuruan nabarmen eragiteko bestekoa.