“Ahozko eta idatzizko erregistroen arteko saltoak kezkatzen nau”

“Ahozko eta idatzizko erregistroen arteko saltoak kezkatzen nau”

Ibai Maruri Bilbao

Azkeneko hamabi urteak Labayruko zuzendariorde egin ditu Igone Etxebarria hizkuntzalariak (Dima, 1962), eta joan den martxoan zuzendari kargua hartu du. Fundazioak eta euskarak datozen urteetan izango dituzten erronkei begira ekin dio egiteko berriari.

Lehenengoz, 1985ean hasi zinen Labayrun beharrean. Zertan aldatu da urteotan?

Gizartea aldatu den neurrian aldatu da. Lan egiteko moduak aldatu dira. Argitalpenak Internetez egiten dira asko. Ikerketak egiteko baino interes handiagoa dago kulturaren zabalkunderako. Beharrizanak ere asko aldatu dira. Labayru sortu baino lehenago hasi ziren euskara eskolak hemen: lehengo ikasleak euskaldunak ziren, baina beraien hizkuntzan alfabetatu bakoak; orain, mundu guztiak ikasi du euskara eskolan, baina berba egiteko orduan ditu eragozpenak. Beste era beteko proiektuak eta produktuak eskaini behar ditugu orain.

Ikasleen soslaia aldatu dela diozu. Bilakaera hori norantz joango den arrastorik?

Ez daukat argi. Guk beti egin dugu helduekaz lan, jende euskalduna alfabetatuz. Gaur egun ere jarraitzen dugu helduegaz lan egiten, baina badakite euskaraz. Hala eta guztiz ere, gure ikasleen artean soslai nagusietakoa da beharrean dagoen jendea, enpresetan, euren hizkuntza maila hobetu gura dutenak, soslairen bat lortu gura dutenak. Baditugu lehen titulua lortu gura duten gazteak ere. Orain eskaintza espezifikoagoa izan behar da, bakoitzaren beharretara egokitu. Uste dut espezializazio hori izango dela datozen urteetarako bidea. Erronka handia dago kanpoko hizkuntzak berba egiten dituztenekaz ere. Kanpoko hizkuntza asko daude gure artean. Pertsona horien lehen premia lana topatzea da, eta, horretarako, gaztelania ikasten dute. Gure erronka da jende horri ikusaraztea euskara jakitea ere mesedegarri dela eurentzat.

Ahozkotasunarekin ere baduzu kezka, ezta?

Denok gara ikasiak, baina berba egiteko orduan erregistroa makalduta ikusten dut. Errekurtso gutxiago ditugu adierazkortasunerako. Ahozko hizkuntza motela dugula uste dut. Lehen esaten zen bizkaiera eta batua. Baina hori ez da arazoa: dugun arazoa da idatzia eta ahozkoa. Leku euskaldunetan ahozkoa aberatsa duten arren, gero hori ez da islatzen idatzizkoan. Eta kontrara: idazten ondo dakien jendeak ahozko hizkeran ez du adierazkortasunik. Salto handia dago erregistro batetik bestera, eta kezkatzen nau. Zelan konpondu hori? Ez dakit.

Baina ahozkotasun makalagoaren arazoa ez da bakarrik euskararen arazoa, ezta? Ez da ahozkoan atzera egin, oro har?

Erregistroaren arazoa hizkuntza guztietakoa da, bizimoduagatik, komunikabideetan zabaltzen den hizkuntzagatik eta beste faktore batzuengatik, baina euskararen kasuan larriago ikusten dut; hori baino gehiago dela uste dut.

Arazoa ez dela bizkaiera edo batua esan duzu arestian. Hala ere, oraindik bi hizkeren inguruko eztabaida sortzen da tarteka.

Agertzen da batzuetan txokokeria puntu bat, berezitasuna bilatzeko joera bat. Hori muturrera eroaten da, tartean-tartean. Baina, oro har, ez dago euskalkien arteko talkarik. Egin kontu azken urteetan bien arteko aldea asko txikitu dela: bizkaiera egiten dugunean, euskara estandarrari esker ikasi ditugun berbak erabiltzen ditugu; batuaz gabiltzanean, bizkaierazko berbak sartzen ditugu. Euskara estandarra euskalkiekin zabaldu beharko genuke oraindik, baina dagoeneko asko uniformatu da, eskolari, hedabideei eta argitalpenei esker.

Urte gogorra izan da Labayrurentzat pandemiaren hau?

Oso gogorra. Ez diogu eskolak emateari utzi. Egun batetik bestera, aurrez aurrekotik online-ra igaro ginen. Gero, erdibideko eredua izan dugu. Egokitu egin behar izan dugu. Momentu batzuetan, normalean baino ikasle gehiago zan ditugu. Gauzak egiteko aukera gutxiago egon da: kiroldegiak itxita, oporretan joan ezin, kultur emanaldirik ez… Denbora aprobetxatzeko, jendeak ikasteari ekin dio.

Labayruren beste oinarrietako bat da etnografia eta ondarea bildu eta hedatzea. Besteak beste, Euskal Herriko Atlas Etnografikoan parte hartzen duzue.

Labayru sortu aurretik, Etniker taldeen bitartez Joxe Migel Barandiaranek asmatutako Atlas Etnografikoa egiten hasi ziren; ondoren, Ander Manterola eta Gurutzi Arregi izan dira zuzendariak. Hori Labayrutik kudeatzen izan da. Zortzi liburuki argitaratu dira. Oraintxe bertan, geldi dago. Labayrun proiektu horren parean herri ondarea landu izan dugu beste proiektu askotan. Herriz herri ibiltzen gara jendea grabatzen, bizimoduaren hainbeste arlori buruz. Horrekin, hainbat material egiten da: dibulgaziorako ikus-entzunezkoak, eskoletarako materiala, argitalpenak,turismoan erabiltzeko edukiak… Jokaera da batu, antolatu eta berriro gizarteratu. Ez dugu batzen gordetzeko beste barik.

Liburutegi mardula ere badu Labayruk Derioko egoitzan.

Seminarioan sortu zen Labayru, eta seminarioko liburutegia zegoen oinarrian. Gaur egun dokumentazio zentro inportantea da. Ez da bakarrik liburuak. Aldizkarietan funts itzela dugu; ez dira asko egongo gurea baino handiagoak. Ostantzeko paper euskarrietan ere asko dugu. 80.000tik gora kartel, argazkiak, eranskailuak, afixak, liburuxkak, bideoak… Gurako genuke digitalizatu, baina ez dugu bitarteko handirik horretarako. Gaur egun kontsultak Internetez egiten dira.

Labayru Bilboko Elizbarrutiak Bilbo erdigunean egingo duen egoitza berrira joatea da asmoa. Garrantzitsua da aldaketa?

Ez dakigu noiz izango den hara joatea. Bilbora joan gura dugu, ikusgarritasunaren aldetik eta praktikotasunaren aldetik garrantzitsua delako. Orain, hiru egoitzatan gaude, eta bakarrean egotea hobea da kudeaketarako.