Urtean behingo ibilerak

Urtean behingo ibilerak

Ibai Maruri Bilbao

Aspaldian zailtasunak izan dituzte, baina azkenean beti lortu dute Bermeoko Aste Santuko pausoak kalera ateratzea. Iaz eta aurten, ostera, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, soilik eliza barruko meza eta otoitzaldiekin gogoratuko dute Jesu Kristoren nekaldia. Egiazko Gurutze Santuaren Kofradia da gaur egun herrian geratzen den bakarra. “Lehen gehiago ziren, beste herri askotan bezala, baina gurea da bizirautea lortu duena”, azaldu du Urko Arostegi kofradiako presidenteordeak. 1550ean sortu zen, hiribilduko agintarien ekimenez, frantziskotarren komentuan. Bizkaiko zaharrenetako bat da. Izan ere, Bilboko kofradien artean ere hiriburuko Egiazko Gurutze Santuaren kofradia da zaharrena, eta Bermeokoa baino lau urte beranduago sortu zen.

Udalaren eta frantziskotarren arteko desadostasunen ondorioz, Talako Andra Mari elizara aldatu zuten egoitza 1759an. Eliza hura hondatu zenean, Santa Eufemiara joan ziren. Eta hura izan da kofradiaren egoitza, XX. mendearen hasieran desagertu zen arte. 1966ko apirilaren 23an sortu zen berriz, eta orain Santa Mariaren Jasokundearen elizan dute egoitza. Ehun bat kidek osatzen dute kofradia. Arostegik esan du orain “errazagoa” dela parte hartzea: “Lehen, aita bazen kidea eta hura hiltzen bazen, semeak hartzen zuen kide izateko eskubidea herentzian. Zaila izaten zen kofradiako kide bihurtzea, mundu guztiak izan nahi zuelako. Orain, nahikoa da parte hartzeko gogoa izatea”.

Sasoi batean Eguen eta Bariku Santuz izaten ziren prozesioak Bermeon. Aspaldiko urteetan Erramu domekako elizkizunean parte hartzen dute, eta, ondoren, Bariku Santuz irteten dira: “Goizean, Topaketaren prozesioa egiten dugu, eta arratsaldean, Ehorzketa Santuarena. Guztira hamalau pauso ditugu, eta batzuk batean ateratzen ditugu, eta gainontzekoak, bestean”. Sorbalda gainean eroaten dituzte; beraz, edonork ez du balio eroale izateko. “Tradizioz, arrantzaleak izaten ziren. Eguen eta Bariku Santuan ez ziren itsasoratzen, eta prozesioan parte hartzen zuten. Gaur egun, bestelako jendea da pausuak eramaten dituena”.

Bizkaiko beste herri batzuetan oraindik osasuntsu daude kofradiak, eta Bilbon loratzen ari dira, baina Bermeon ez daude sasoiko. Gernika-Lumotik, Bilbotik edo Oñatitik (Gipuzkoa) ere joaten zaizkie laguntzera. Hain zuzen ere, duela bizpahiru urteko Aste Santuan pauso guztiak ateratzeko behar den baino lagun gutxiago zegoen horretarako izena emanda, eta laguntza eskatu behar izan zuten hedabideen bitartez.

Aitortu du kofradiako kide gehienak adinean gora joandako gizon-emakumeak direla. Hala ere, badaude 30 urteko gazteak ere: “Ume eta nerabeak ere bai, baina horiek ezin dute pausurik eroan; horiek beste zeregin batzuk dituzte prozesioan”. Aroztegiren esanetan, bermeotar “asko eta asko” biltzen dira prozesioa ikustera: “Herri osoa”. Prozesioan parte hartzera dei egin die, desagertzetik salbatu gura badute: “Prozesioak fede ekintzak dira, bai: Jesu Kristoren heriotza gogoratzen dute. Baina badira Bermeoko kultura eta tradizioa ere, gure nortasunaren parte, eta pena litzateke hori galtzea”. Esan du balio artistiko eta historiko handia duten pausoak dituztela.

Itxaropena eta kezka

Gaur da Bariku Santua, prozesioan irteteko eguna Egiazko Gurutze Santuaren Kofradiarentzako. Baina parrokiako elizkizunetan parte hartu besterik ez dute egingo. “Beste toki batzuetan otoitzaldiak-eta antolatu dituzte, baina guk ez, aforoarekin arazorik ez izateko”. Itxaropena du datorren urtean kalera irteteko, baina, era berean, kezka ere badu: uste du gero eta adineko jende gehiago izango dutela, eta gazteak erakartzeko zailtasuna.

Sortu zirenetik, kofradiek bestelako eginkizun batzuk ere izan dituzte: nagusia tokian tokiko behartsuei laguntzea izan da. Bermeokoak ere hori izan du ardatzetako bat bost mendeotan. Gaur egun, hala ere, Aste Santuko prozesioak antolatzera mugatu dute euren jarduna.

Aste Santua iritsi aurretik bilerak egiten dituzte, dena prestatzeko. Pausoak zein egoeratan dauden ere begiratzen dute, konponketarik behar badute, egiteko. Eguenez prestatzen dituzte, eta biharamunean atera. Baina, oraingoan, urte bi daroate Bermeoko kaleetara irten barik.