Langileak kontratatzeko modua salatu du Elkarrekin Podemosek

I. Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak errenta aitorpena egiteko langile berriak kontratatu dituen modua salatu du EP Elkarrekin Podemosek. Zugaztel foru enpresak eskaintzen du zerbitzua, eta errenta kanpaina honetarako 110 langile berri kontratatu ditu. Elkarrekin Podemosen arabera, “Infojobsen tankerako orrialdeetan” ibili da behargin berrien bila. Xabier Benito EPko batzarkideak “diputazioaren eginkizuna” zein izan beharko litzatekeen zehaztean, dio “kalitatezko enplegua sortzea” izan beharko litzatekeela, “eta ez behin-behinekotasuna sustatzea, McDonalds izango balitz bezala”. Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuari kontratazio horien inguruko azalpenak eskatu dizkio, eta Iruarrizagak erantzun du ez duela haien berri, ez dituelako bere sailak egin. Benitok “larria” iritzi dio egoerari: “Ez soilik halako webgune baten bitartez kontratatzen ari delako, baita sailak ezin duelako azalpenik eman ere, ez dakielako nola egin den”. Horregatik, EPk Zugazteleko zuzendari kudeatzaile Isabel Sanchez Roblesen agerraldia eskatuko du, “[Iruarrizaga] diputatuaren gaitasun falta zelakoa den ikusita”.

“Argi zegoen errefortzu bat beharko zela 2021eko errenta kanpaina aurrera eramateko”, esan du Benitok. Gogoratu du duela hilabete batzuk diputazioak esan zuela ez zela behargin gehiago beharko, ez aurtengo kanpainarako ez Batuz sistema martxan jartzeko. “Horrek erakusten digu inprobisazioz jokatzen ari direla”. Adierazi du lan eskaintza horrekin “aurreko urteetan bankuek ordaintzen zituzten baino soldata baxuagoak” kobratuko dituztela kontratatuko diren langileek.