Itsasadarretik itsasora

Itsasadarretik itsasora

Ibai Maruri Bilbao

Eraberritu egin da Itsasmuseum Bilboko itsas museoa. Azken urteetako eraldatze prozesuan beste pauso bat eman du, Bizkaiko golkoan erreferentziazko museo bihurtzeko. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak esan du museoak “hazteko” bideari ekin diola, eta azpimarratu du bere burua “birkokatzeko lanetan” dabilela horretarako.

Sarreratik igartzen dira aldaketak. “Hemen itsas museo bat zergatik dagoen erantzungo diguten irudi bi ipini ditugu”, azaldu du Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak. Bilboko argazki bi dira, hain zuzen, bisitariari harrera egiten diotenak: 1970eko hamarkadakoa bata; 2010ekoa bestea. Lehenengoan, Euskaldunako ontziola eta haren ingurua ikus daitezke. Bigarrena azken hamarkadan itsasadarreko inguru horrek bizi zan duen eraldaketa sakona erakusten duen airetik hartutako irudi bat da. Izan ere, inguru hori XIX. mendetik dago ontzigintza sektoreari lotuta: 1858tik ontziak itsasoratzeko dikeak zeuden Olabeagan.

Hurrengo aretoan daude zain Itsasmuseumek erakusketara gehitu dituen altxorrak. Esaterako, hamalau dokumentu kartografiko eskuratu ditu museoak. “Balio historiko handikoak dira”, ohartarazi du Ruigomezek. Kartografo garrantzitsuenak hauek dira: Lucas Janszoon Waghenaer, Willem Janszoon Blaeu, Johannes Van Keulen, Robert Dudley eta Vicente Tofiño, besteak beste. Balio arkeologiko handia duten piezak ere ekarri dituzte: adibidez, Santimañeko aztarnategian topatutako zintzilikario bat, maskorrekin egindakoa; baita zeramikazko anforeta teario bat ere, Lekeitiokoa.

Hurrengo aretoan dator Itsasmuseumeko erakusketa iraunkorra. Hiru erakusketa moduluk osatzen dute. Lehenengoa kontzeptu mapa bat da, museoak lantzen dituen gaien eskema bisual moduko bat, zazpi irudiz osatua: itsasoa, pertsonak, merkataritza, industria, ontziola, arotzeria eta orainaldia edo gaurkotasuna dira euretako bakoitzaren gaiak. Mapa txiki batek erakusten du beste erakusketak non dauden.

Bizkaia itsas lurraldea da bigarren moduluaren izena: Bizkaiko golkoarekin eta kostaldearekin lotutako piezak, mapak eta testuak nahasten ditu, eta bizkaitarrek itsasoarekin duten harreman estua erakutsi. Hirugarrenak —Bilboko itsasadarra, itsasorantz— antzinako karta nautikoak eta Bilboko mapak ditu, Jose Ramon Maestro Martinek eta Itziar Ramirez Uribarrik mailegatutakoak. Bilboko itsas historia irudikatzen du: kontatzen du hiribildua baino lehen portua izan zela, eta nabarmentzen itsasadarraren nabigagarritasunak merkataritza bultzatu zuela eta Bizkaian aurrekaririk gabeko garapenari bide eman ziola.

Industria eta kirola

Aldatu den beste erakusketa eremu bat altzairuzko ontziolei buruzkoa da. XIX. mendearen azken herenean, itsasadarra industria gune moderno bihurtu zen, altzairuzko ontzigintzaren garapen garrantzitsuari esker. Itsasmuseumek ontziola historikoetan eraikitako ontzien lana erakusten du, Euskalduna, La Naval eta Astilleros del Nervion ontzioletan egindako balio historiko handiko maketen bidez.

Ontziolen ondoan, kirolari eskainitako atala dago: XIX. mendearen amaieratik gaur egunera, Bizkaian egiten diren uretako kirol garrantzitsuenak ezagutu daitezke. Belaz eta traineruez gain, surfari buruzko beste atal bat gehitu diote erakusketari.