Inkesta

Athleticek Espainiako Kopako bi final jokatuko ditu apiril honetan. Bizkaiko Hitza-k taldearekin harreman berezia duten lau lagun elkarrizketatu ditu, taldearentzat historikoa den une honen atarian zer sentitzen duten azaldu dezaten.

1. Nola ikusten duzue aurten bi final jarraian jokatzeko aukera?

2. Zela ikusten duzu Athletic biharko finalerako?

3. Zure ustez, bi partidetako zeinetan dauka aukera gehien? Zergatik?

4. Espainiako azkeneko Kopa 1984an irabazi zuen; denbora asko igaro da geroztik… Zer datorkizu gogora?

5. Zer garrantzi du garaipena errepikatzeak garaipen hura ezagutu ez zuten belaunaldientzat?

6. Finalak non eta norekin ikusiko dituzu?

7. Ausartuko zinateke emaitzen bat esatera?

Nerea Onaindia (Athleticeko jokalari ohia):
«Garaipenak guk 1984an bizitako parte bat errepikatzea ekarriko luke hainbatentzat»

Nerea Onaindia

1. «Aurten Kopako bi final jarraian jokatzeko aukera oso gauza berezia izango da, halakorik ez delako inoiz gertatu, eta horrek bereziago bilakatuko gaitu».

2. «Athletic oso egoera positiboan ikusten dut momentu honetan. Jokalariak joko eta presio ona egiten ari dira eta ausartak izaten ari dira. Beraz, partida biak irabazteko gai ikusten dut taldea, eta hala izatea espero dut».

3. «Agian, Realaren aurka aukera gehiago izan dezaketela uste dut.  Partida bakarrera jokatuz aukerak handitu egiten dira, eta, momentu onean gaudenez, aprobetxatu behar dugu».

4. «Kopa beti izan da berezia Athleticentzat. Gure filosofiarekin ligak irabaztea zaila izan da beti,  baina Koparen formatuak aukera asko eman dizkigu eta gure kasta aterata aukera horiek aprobetxatu ditugu. 1984ko Kopa irabazi zutenean, aita eta lagun batzuekin Areetara joan nintzen gabarra ikustera. Aitaren lagun baten bulegotik ikusi genuen eta zoragarria izan zen. 13 urte neuzkan eta egun ahaztezina izan zen».

5. «Gaur egun garaipena lortzeak hainbat belaunaldik guk urte hartan bizitakoaren parte bat errepikatzea ekarriko luke. Eta gure filosofiarekin zalantzak dituztenei, ilusioa berriro piztuko lieke. Zoritxarrez, ospakizunik egin ezinak dena oso ezberdina izatera derrigortuko gaitu, baina benetako balioa hor egongo da».

6. «Finalak etxean ikusiko ditut, etxekoekin».

7. «Lehen partidako emaitza esango dizut, familiarekin egindako porran jarri dudana: Athleticek 3, Realak 2».

Javier Clemente (Athleticeko entrenatzaile ohia):
«Etxean ikusiko dut; zaleek joateko aukerarik ez badute, ez dut uste ni joan behar naizenik»

Javier_Clemente

1. «Athleticentzat positiboa izango da, bere historiari beste garaipen bat gehitzeko bi aukera izango dituelako. Futbola taldeen historiekin osatuta dago, eta hau tituluek osatzen dute».

2. «Oso pareko ikusten ditut biak. Aurkaria dena delakoa izanik ere, finaletan gauzak orekatu egiten dira asko, eta, kasu honetan, derbi batekin, are gehiago».

3. «Uste dut bietan dituela aukera berak, baina, une honetan, lehengoa izan behar da garrantzitsuena guretzat. Gero gerokoak».

4. «Ez dut oso ondo gogoratzen: urte hartan liga ere irabazi genuen, eta, beraz, Kopako garaipena bigarren maila batean geratu zen. Baina zure afizioaren aurrean lortzen duzun garaipen bat izaten da, eta, zentzu horretan, aurten zalerik ez egotea tristea izango da, haiek direlako finalaren atalik garrantzitsuena».

5. «Athleticen zaleentzat, Realekoentzat bezala, oso garrantzitsua da zale gazteek ere bizitzea txapelketa bat irabazteak dakartzan sentimendu horiek guztiak. Jendearen ilusioa berpiztu beharra dago. Gazte gehienek ez dute inoiz halako ezer bizi izan».

6. «Etxean ikusiko dut. Sevillara joateko gonbidapena jaso nuen, baina etxean geratzea erabaki dut; zaleek joateko aukerarik ez badute, ez dut uste ni joan behar naizenik. Arduraz jokatu behar dugu, eta eredu izan, etxean geldituz».

7. «Ezinezkoa egiten zait emaitza ematea. Biek dute irabazteko gaitasuna. Finalak duen alderik okerrena, eta, are gehiago derbi bat dela kontuan izanda, zera da: galtzaileari tonto aurpegia geratuko zaio».

Garazi Soldevilla (Zazpiak bat peñako kidea):
«Gazteok badakigu zer den galtzea; orain irabazten ikasi behar dugu»

Garazi Soldevilla

1. «Aukera ikaragarria da. Bi final ditugu jarraian. Gogo handiarekin goaz, oso momentu onean gaude, eta, nire ustez, aurreko finalekin alderatuz ezberdina izango da».

2. «Azken urteetan Bartzelonaren aurka jokatutako Kopako finalak galdu ditugu, baina, orain dela gutxi, Superkopako finala irabazi genien; ondorioz, badakigu ez dela ezinezkoa. Realaren aurka gogotsu goaz, eta irabaziko diegu».

3. «Nire iritziz, bietan ditugu aukerak. Partida bakarra da, eta edozer gauza gerta daiteke; azken momenturaino ez dago ezer galduta. Bat aukeratu behar badut, nahiago dut Realari irabaztea, baina, egia esan, klub moduan hobeto izango litzateke Bartzelonaren aurka irabaztea, horrek Europan lehiatzeko aukera emango digulako».

4. «Gure filosofiagatik, liga bat irabaztea oso zaila da. Kopak beste formatu bat du. Betidanik lehiaketa hau berezia izan da Athleticen zaleentzat, eta sentimendu eta gogo horiek jokalariek era jaso dituzte. Kopa gurea da».

5. «29 urte ditut eta ez nuen garai hori bizi izan. Jokatutako azken lau finaletan estadioan egon naiz, eta guztietan galdu dugu. Aurten ezingo gara egon, baina ziur nago kopa altxatuko dugula, eta ahal denean gabarra aterako dugula. Gazteok momentu hori bizitzea merezi dugu: badakigu zer den galtzea; orain irabazten ikasi behar dugu, eta momentua iritsi da».

6. «Etxean ikusi beharko da, ezin dugu besterik egin une hauetan. Amarekin eta nebarekin ikusiko dut, eta haiekin ospatuko dut».

7. « Azken momentuan irabaziko ditugu biak. Realaren aurka 1-2, eta Bartzelonaren aurka 2-3».

Beñat Zarrabeitia (kazetaria):
«Athleticek badu DNA lehiakor bat eta hamarkadetan landutako sen irabazle bat»

BeÒat Zarrabeitia

1. «Pozgarria da. Zalantza barik, kirol alorrean erakusten du taldeak baduela goi mailan lehiatzeko indar nahikoa. Hala ere, izurriak gure bizitzak markatzen ditu eta sekulako inpaktoa izango zukeen euskal finala beste modu batean bizi beharko da».

2. «Sendo eta tituluak lortzeko aukera garbiekin. Superkopan hala erakutsi zuen, eta kanporaketetan ere une zailak gainditzen dakien talde bat dela erakutsi du. Athleticek badu DNA lehiakor bat eta azken hamarkadan landutako sen irabazle bat».

3. «Aukerak baino gehiago, lehentasunak markatu behar dira. Aurrenekoa, biharkoa da, eta, irabaziz gero, Athleticek optimismoz beterik jokatuko luke bigarrena».

4. «Historia hor dago, baina lupa jarrita ñabardura batzuk topatzen ditugu: besteak beste, 1985 eta 2009 bitartean, klubak ez zuela finalik jokatu edo 1969tik gaurdaino Kopako hiru titulu soilik eskuratu dituela. Ostera, azken hamabi urteetako bederatzigarren finala du Athleticek biharkoa, eta hori ez da kasualitatea. Taldeak lehiakortasuna berreskuratzen duenean, Kopan isla positiboa izaten du».

5. «Garai errepikaezina da hori, kirol alorrean, eta baita sozialki, kulturalki edo politikoki ere. Paralelismo nagusia da, nire ustez, garai zailetan klubak elementu kohesionatzaile gisa duen gaitasuna. Badu gaitasuna herritarrak elkartu eta albiste positiboak emateko».

6. «Biharkoa, jaioberria den alabarekin eta neska-lagunarekin, etxean. 17koa, ziurrenik, Sevillan».

7. «Asko poztuko nintzateke Asier Villalibrek Endika Guarrotxenaren lekukoa hartuko balu».