Erabilitako maskarei bestelako bizi bat

Erabilitako maskarei bestelako bizi bat

Maialen Arteaga

Erabilitako maskarekin poltsa berrerabilgarriak egitea; Amaia Vazquez, Matxalen Rodriguez eta Irune Iraragorri Zornotzako Lauaxeta ikastolako ikasleei bururatu zaien egitasmoa da. Zer esan handia eman du birziklapenean oinarritutako Mask Bags proiektuak. Enpresaren Administrazio irakasgairako ekonomia zirkularrean oinarritutako lan bat abiatu behar zuten, eta azkeneko urtean mahaigaineratu den maskaren arazoari eustea erabaki zuten. “Maskaren kontsumo masiboak kutsadura forma berri bat ekarri du, eta ez gara horretaz behar beste jabetzen. Arazo honi konponbide edo alternatiba bat eskaini nahi genion”, esan du Iraragorrik.

Ekoizpen eta eraldaketa prozesu guztia hiru kideen artean egiten dute. Maskarak jasotzeko, bilketa guneak jarri dituzte ikastetxean bertan eta herriko beste gune batzuetan. Maskarak jaso ondoren, 72 orduz bidoi baten uzten dituzte, eta ondoren, desinfektatu egiten dituzte, IMQ eta Osakidetzarekin kontrastatutako protokolo baten bidez. Behin ukitzeko moduan daudenean, koloreka sailkatzen dituzte, eta, azkenik, josi egiten dituzte. Vazquezek egiten du jostun lana. Bilketan, ordea, inguruko hainbat lagunek eta ikastolako Batxilergoko lehen mailako ikaskideek laguntzen diete. Poltsa bat egiteko 48 maskara behar dituzte. Oraingoz, ohiko maskara kirurgiko urdinekin ari dira lanean, baina gerora kolore eta diseinuan moldaketak egiteko asmoa dute.

Mugak ez dira oztopo

Mugikortasunaren mugek egitasmoa ere baldintzatu dute, ordea. 2020an hasi ziren ideia gorpuzten, eta, geroztik, klase orduetatik kanpo ere bildu behar izan dira. “Neurriek elkar biltzea oztopatu digute, baina horretara ere moldatu gara. Ikastolan biltzeaz gain, modu telematikoan elkartu gara”, argitu du Rodriguezek. Egoera berriaren testuinguruaz gain, ikasle izateagatik dituzten beste muga batzuk aitortu dituzte: “Kapitala”, zehaztu dute hiru kideek. Izan ere, hasiera batean egindako poltsak merkaturatzeko asmoa zuten gazteek; gerora, helburuari buelta batzuk eman, eta kontzientziazio kanpaina gisa diseinatzea erabaki zuten:. “Irabaziak lortzeko asmorik ez bagenuen ere, gure hasierako ideia poltsak sortu eta merkaturatzea zen. Gerora ikusi genuen nahiko zaila zela, eta buelta bat eman genion. Orain ideia hau zabaldu nahi dugu, beste edonork egiteko aukera izan dezan”, azaldu du Vazquezek. Hala ere, aurki poltsak saltzen hasi ahal izateko asmoa dute: “Lanean gabiltza laster poltsak eskuragarri jartzeko. Hala ere, norberak etxean ere egin ditzake, eta horrela kutsadura asko murrizten da”, esan du Vazquezek.

Ez dakite auziaren inguruan kontzientzia sortzea lortu duten, baina proiektuak izan duen oihartzunaz jabetu dira. “Uste dut bestelako informazio bat eskaini dugula, egunkari eta telebistaren bidez ideia zabaltzeko aukera izan dugulako, baina ez dakigu informatu dugun jende hori zenbateraino kontzientziatu dugun”, adierazi du Rodriguezek, zalantzaz. Dena den, garai txarretan ere ekintza onak egin daitezkeela ikusteko balio izan die, COVID-19aren krisialdiari aurre egiteko antolatzeko eta konponbideak eskaintzeko. “Jende asko etorri zaigu esanez koronabirusak gauza negatiboak soilik ekarri dituela, eta horrelako ekintzekin ikusten da dena ez dela negatiboa. Arlo guztietan dago arazoak konpontzeko beste aurpegi bat”, azaldu du Rodriguezek.

Irakaspen ugari atera dute. Iraragorriri teoriaren eta praktikaren arteko lotura ezagutzea ahalbidetu dio esperientzia honek: “Ikasgai gehienak teorikoak dira, eta honek kontzeptuak praktikatzeko aukera eman digu”. Beste bi kideek, berriz, egindakoaren eraginean jarri dute azpimarra: “Proiektu txikiek oihartzun eta eragin handia izan dezakete, eta lanak bere fruituak ematen dituela ikusten da”, dio Rodriguezek. Vazquez ados dago horretan: “Dena hutsetik sortu, eta ingurua kontzientziatzeko gaitasuna dugula ikasi dut”.