‘Deabruaren haitzak’, suntsituta

‘Deabruaren haitzak’, suntsituta

Natalia Salazar Orbe

Islandiako Fagradalsfjall sumendiak duela bi aste utzitako irudien antzekorik ezin izan dute ikusi Erandioko Astrabudua auzoko bizilagunek, nahiz eta han ere urpeko sumendi bat egon zen. Duela 90 milioi urte izan zen, eremua oraindik itsaso azpian zegoenean. Erandioko Auzokideok elkarteak azaldu duenez, garai hartan, Hiru Gurutzeta inguruan sumendi baten kraterra zegoen. Urpeko erupzioek bonba bolkanikoak sortu zituzten, eta Itzubaltzetatik Artxandara arteko gune geologikoan aztarna bereziak utzi. Deabruaren haitzak bezala dira ezagunak. Orain, suzko mendi haren arrastoak suntsitzen ari direla salatu du elkarteak. Bertako kide Kike Pradak “sentsibilitate eta inplikazio falta” leporatu dizkio udalari.

Auzoan babes ofizialeko etxebizitza batzuk eraikitzeko lanetan gertatu da, azkenekoz, arrastoen suntsitzea. “Esan genion udalari, gutxienez, bi metroko zatia babes zezala. Terraza kuaternarioaren lekukoa zen eremu hori”, esan du Pradak. Elkarteak salatu du suntsituta dagoela itsasondoko harriak ikusgai zeuden gunerik onena.

Erandioko Auzokideak elkarteko kideak aspaldikoa du inguruko aztarna geologikoekiko zaletasuna. “Ikerketa ugari daude Bizkaiko bolkanismoari buruz; zehatzago, Enekuri eta Artxandatik Leioara arte doan eremuari buruz. Itsaspeko sumendiak zeuden inguru horretan”. Prada txikia zela, Axpe mendiaren ingurua eremu arrarotzat zuten: “Antzina kutsadura hain latza zen, belarrik ere ez baitzen hazten. Inguru hark Marte itxura zuen, arraroa zen: haitzak zeuden, inguru malkartsuak, koloretako eremuak… Erandion Deabruaren haitzak esan diegu jatorriz urpeko sumendia zenaren azpian zegoen eremuari. Askok, ordea, ez zuten haren berri”.

Pradak azaldu duenez, hainbat aztarna zeuden inguruan. “Astrabuduan jatorrizko kraterretik ehunka metrora zeuden bonba bolkanikoak aurkitu zituzten”. Eremuaren garrantzi geologikoari egin dio aipamen: “Ezin irudika dezakegu zer-nolakoa zen Lurra garai hartan: azaleratu egiten ziren urpeko sumendiak zeuden, tolesturaren eraketak… Sedimentu haietatik sortu ziren gure mendiak ere. Eta hemen, agerian geratu zen eremu bolkaniko hau”. 1990eko hamarkadan Bizkaiko Foru Aldundiak interes geologikoko gune izendatu zuen eremua.

Espazioaren interesari erreparatuta, Pradak berak inguruan ibilbide geologikoa antolatzeko proposamena egin zion Erandioko Udalari, hainbat agiri, mapa eta datu bilduta. Gainera, gogora ekarri du Aspeko industrialdea sortu zutenean sumendiaren magalean bidexkak eratu zituztela. “Oso aukera ona zen. Ingurua irisgarria zen”.

ERANDIOKO SUMENDIAREN HAITZEN ARRASTOAK

Asmo onak

Erandioko Udalak eremu geologikoa babestu eta erakusteko ideia begi onez ikusi zuela azaldu du Pradak: “Herriko ibilbide interesgarrien artean jaso zuen ibilbide geologiko bolkaniko hau”. Bidean seinaleak eta informazio panelak jartzea zen elkartearen asmoa: “Bonba bolkanikoetatik pasatu, Hiru Gurutzetako gainera igo, eta handik bidea jaitsi kraterra zegoen lekutik bonba bolkaniko eta koladen espaziora arte. 90 milioi urtez aldatu gabe egon dira materialok”.

Hasierako asmo onen arren, jardunbideak bestelakoak izan direla salatu du Erandioko Auzokideok elkarteko kideak. Aspeko harrobia egonkortzeko lanetan “suntsitu egin dute haitz bolkanikoen eta koladen arrasto oro. Inolako beharrik ez zegoen horiek suntsitzeko. Hori kolpe latza izan da eremuak zuen interes kulturaleko proiektuarentzat. Suntsitu egin dute”.

Esku hartze hori kudeaketa txarrari leporatu diote, “inguru horretan betidanik gertatu baitira luiziak”. Orain, berriz, Astrabuduan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lanek aztarnak suntsitu dituztela azaldu dute. Egoera horren aurrean, Pradak salaketa egin du: “Erandion ondarea utzita dago. Erakundeek apenas jartzen dute babesik”.