Bulda

Ezin ei zen garizuman okelarik jan, bekatua zen gaurkoa lako egun batez haragia jatea. Baina bazegoen okela lasai asko jan eta bekatutik salbu gelditzeko modurik: abadeari bulda ordaintzea. Bekatuak ere ez omen ziren denentzat berdinak. Poltsikoa astintzen zuenari barkatzeko eskumena zuten apaizek; eta, noski, orduan ere izango zen bulda ordain zezakeenik. Zortedunen batzuek arraina eta beste batzuek etxeko armairuetan aurkitutakoa jango zuten gaurko egunez. Pobreak bekatutik libre bizi nahi bazuen, arau guztiak beteta ere nekez egingo zion muzin infernuari bizi zen bitartean. Diruz hobeto zebilenak aukeran izango zukeen noiz erre txingarretan eta noiz aritu lainorik laino saltoka.

Aste Santua deitu ohi diogun udaberriko oporraldi honen zain egon gara hilabete luzez. Murrizketa gehiagorik izango ote genuen ez genekien duela astebete pasatxo. Gero, 400eko langa ezarri zuten 100.000 biztanleko, eta herri batzuetako mugak itxi egin zituzten. Herri horietan ostalariei baldintzak zorroztu zizkieten, eta dagoeneko nahastu gabe gogoratu ezin dudan beste neurriren bat edo beste. EAEn mugitzeko aukera dute gainerakoek; eta baita lo lekua aurrez erreserbatuta dutenek ere. Horiek mugak itxita dituzten herrietara ere joan ahal izan dute, eta bertako mugetatik atera gabe ibili. Neurri horiek hasieran amorratu egin ninduten. Gizartea banatzen ari zirela iruditu zitzaidan: denok ala inor ez, pentsatu nuen. Gero, neure buruarekin bakean egon nahi nuela pentsatu nuen, ez nuela haserre egon nahi, arnasa hartu nahi nuela sakon, eta zoriontsu izan.

Baina tarteka baino ez dut lortzen. Dirua eta osasuna ei daude jokoan. Eta batzuetan ez dakit dirua edo osasuna aukeratu behar ez ote den. Bata zein bestea behar ditugu bizitzeko, baina ni sarri akordatzen naiz umetan gure aitak esandakoarekin. Lau orridun hirusta bat aurkituz gero edota zeruan izar iheskor bat ikusitakoan desira bat pentsatzen hasten ginen. Neure burua zurrunbilo batean sartzen zen: benetako hartz zuri kume bat nahi dut, eta inoiz agortzen ez den txokolatez beteriko armairu bat gelan, inor inoiz ez hiltzea, sekula gehiago etxerako lanik ez izatea, ipurdirainoko luzera duen ile hori kizkurra izatea… Nahien unibertsoari mila buelta eman ondoren ahots gora esaten nuen erabakita nuela zer eskatuko nuen. Sekretua izan behar zuen betetzea nahi bagenuen eta eutsi egiten nion esan nahiari. Orduan aitak esaten zigun osasuna eskatzeko. Eta nik pentsatzen nuen: osasuna? osasuna badaukat, baina txokolatez betetako armairurik ez. Hala ere, osasuna eskatzen nuen, badaezpada.

Pandemiak dantza lekua mugatu digunetik sarri akordatu naiz umetako pentsamendu haiez. Oraindik ere pentsatzen baitut badudala osasuna, eta horregatik nahi ditut hau, hori eta beste hura. Eta egoera honetan ernegatzen nautenak ez dakit mugak diren edota berauek ezartzeko modua. Sumintzen naute datu jasek eta zintzotasunik ezak. Ikaratzen nau ezer ez dakienak adierazten duen segurtasunak. Amorratu egiten nau “denok” esatea “batzuk” esan nahi denean. Fedea galdu dut buldetan sinisten dutenengan.