Aurrez aurreko arreta ere nahi dute

I. Maruri Bilbao

Zergapetu batzuentzat sistema berriak zailtasunak ekarriko dituela uste du OCU kontsumitzaile elkarteak. “Pozik gaude sistema berriarekin; helburu moduan, ez zaigu txarra iruditzen. Diputazioak gure datu guztiak ditu. Baina uste dugu zuritik beltzera igaro garela, erdibiderik gabe: aurrez aurre egiteari utzi eta dena modu telematikoan egiten hasi”, esan du Kepa Loizaga OCUren Bilboko bulegoko bozeramaileak. Aurrez aurreko harremanari ere eustearen alde agertu da.

“Adineko gehienek ez dute aitorpenik egin behar, baina egongo dira, esaterako, 60-65 urteren bueltako asko, aldaketaren bat edo zuzenketaren bat eskatu eta hori justifikatzen duen agiria eskaneatzeko eskanerrik ere ez duena”. Eustaten datuak gogoratu ditu Loizagak: bakarrik bizi diren herritarren erdiek ez dute ordenagailurik etxean, eta langabezian daudenen %40k ez dute Internetik erabiltzen. Antzekoa da erabilera adinekoen artean: 65 urtetik gorakoen %36k ez dute Internet astero erabiltzeko ohiturarik. “Esango nuke arrakala teknologikoa eta digitala ez dituztela aintzat hartu. Herritar guztien ezaugarriak ez dira igualak izaten”.

Azaldu du herritar askorentzat aitorpena egiteak “buruko mina” sortzen duela, menderatzen ez duten gai bat delako. “Arrotza egiten zaie terminologia”. Gogoratu du orain arte horientzat bankura joatea zela aukerarik onena. “Orain ezin dute bankuan egin. Norbaitek laguntzea nahi badute, aholkularitza batera joan behar dute, eta ordaindu, noski. Bankuan egitea doakoa izan da beti”.

Erraztasunak falta

Profesionalek ez ezik, gertukoek ere egin dezakete errenta aitorpena, norberaren izenean, gutunean den pasahitzari esker. Baina Loizagak uste du, aukera hori egon arren, norberak bere aitorpena egiteko aukera bermatu behar duela diputazioak, eta erraztasunak ipini behar dituela aurrez aurreko zerbitzua eskainiz.

Era berean, kobratzeko emaitza atera zaienek proposamena onartzen badute zazpi egunen buruan dirua jasotzea “tranpa txiki” iruditzen zaio: “Jendeak dirua hartu gurako du azkar-azkar, benetan hori edo gehiago dagokion konprobatzeko lana hartu ere egin gabe. Eta, aitorpena zuzen eginda kobratu beharrekoa zirriborrokoa baino gehiago bada, ogasunarentzat mesede”.