Peru Azpillaga
Ia 40 urte igaro dira Athleticek Espainiako Kopa azkenekoz irabazi zuenetik. 1984a zen. Espainiako Lehen Mailako liga ere irabazi zuen urte hartan talde zuri-gorriak. Hura izan zen bilbotarrek eta bizkaitarrek gabarra Bilboko itsasadarrean gora ikusi zuten azkeneko aldia. Geroztik, Athleticek ez du bi txapelketa horietako bat bera ere irabazterik lortu.
Biharkoa azken hamabi urteetako hamargarren finala izango du Athleticek. Espainiako Superkopa bi eskuratu baditu ere, aurkaria gainditu ezinik ibili da Kopako finaletan: 1985ean, 2009an, 2012an eta 2015ean. Kopa, ordea, txapelketa berezia da Athleticentzat; izan ere, bere ibilbidean gehien irabazi duen txapelketa da: 24 aldiz, hain zuzen ere. Urte askotan, Kopa gehien irabazi zituen taldea ere izan zen, Bartzelonak aurre hartu zion arte.
Oraingoan, historian lehen aldiz, aukera bikoitza izango du Bilboko taldeak Espainiako Kopa eskuratzeko. Lehenengoa bihar bertan izango da, eta beste euskal talde bat izango du aurrez aurre Sevillan (Andaluzia, Espainia): Reala. Bi taldeentzat, beraz, norgehiagoka historikoa izango da; izan ere, aspaldi irabazi gabeko txapelketa izateaz gain, derbi bat jokatzeko aukera izango dute. 21:30ean hasiko da finala (ETB1).
Finala bihar jokatuko bada ere, iaz jokatu beharreko partida bat da Athletic eta Realaren artekoa. Bi klubek finala atzeratzea erabaki zuten, publikoarekin jokatu ahal izateko. Alta, pandemiak ez die aukera hori emango: estadioko ateak itxita jokatu beharko dute azkenean.
Bi taldeetako zaleek urtebete daramate, beraz, final honen zain. Haiek partida etxean ikusi beharko duten arren, eta nahiz eta irabazlearen jarraitzaileek ospakizun handiak aurreragorako utzi beharko dituzten, partidaren aurreko egunetan giroa berotuz joan da, pandemiak utzi duen neurrian betiere.
Zaleak, prestatzen
Bizkaian, aurreko finaletan bezala, kolore zuri-gorriek kale eta eraikin askotako hormak estali dituzte: balkoien lehiaketak antolatu dira; kamiseta bereziak egin; dendetako erakusleihoak apaindu… Athleticek Bizkaiko adinekoen egoitzetako egoiliarrei milaka zapi zuri-gorri banatu dizkiete, partida ikusteko jar ditzaten. Gernika-Lumoko kultur etxean Lehoiak leihoan erakusketa atondu dute, zaleei eskainita. Oporretan dauden eskolako umeak zuri-gorriz jantzita ateratzen ari dira etxetik. Tabernetako solasaldietan pandemiari lekua kenduz joan da futbola. Kalean nabaritu egiten da finala ate joka dagoela. Beste finaletan bezalako girorik sumatzen ez bada ere, ilusioa, urduritasuna eta zirrara arnastu daitezke.
Kasu honetan, gainera, Athleticen zaleek aukera bikoitza dute zerbait ospatzeko. Izan ere, finalerdian Levanteri irabazi ostean, denboraldi honetako Kopako finalerako txartela ere lortu zuen, eta apirilaren 17an, berriz ere Sevillan, Bartzelonari egin beharko dio aurre. Bi taldeak behin baino gehiagotan neurtu dira Kopako finaletan, eta, azkenaldian, Bartzelona suertatu da beti garaile. Hala ere, Athleticek Superkopa irabazi zion Kataluniako taldeari joan den urtarrilean. Beraz, jokalariek badakite garaipenaren bidea zein den. Edozelan ere, katalanak bolada onean daude; kasurako, Realari 1-6 irabazi zioten duela bi aste.
Hamalau egun, bi final eta txapelketa bakarra. Zuri-gorriak bi garaipenekin, bakarrarekin edo esku hutsik bueltatu daitezke. Baina, emaitza edozein dela ere, Athleticen izena idatzita geratuko da Espainiako Koparen historian.