Umore absurdoz blai

Umore absurdoz blai

Uxue Gutierrez Lorenzo

Sudur gorria jantzita, algara eragitea izaten dute helburu clownek. Txantxaz txantxa eta umorea oinarri, pertsonaia inuzente bezain gardenak publikoaren irribarrearen bila igotzen dira oholtzara. Umorea eta clown unibertsoa oinarri, Topaklown topaketen 8. edizioa egingo dute Durangon. Herria umorez blaitu asmoz, sudur gorri andanak beteko dituzte Durangoko agertokiak datorren eguenetik domekara.

Orotara, zazpi konpainiek taularatuko dituzte ikuskizunak, eta, birritan erakutsiko du emanaldia konpainia bakoitzak. Erabaki hori ez da nolanahikoa izan, eta pandemiaren ondorioetako bat dela azaldu du Gorka Ganso topaketako zuzendari artistikoak: “Jarleku kopurua asko mugatu du pandemiak, eta horregatik erabaki dugu konpainia bakoitzak birritan eskaintzea ikuskizuna, horrela, herritar gehiagok izango dute clownez gozatzeko aukera”.

Emanaldiak bi espaziotan banatu dituzte: Landako gunean egongo dira ikusgai kalean egiteko onduak izan diren ikuskizunak, eta, San Agustin kultur gunea izango da, berriz, barnealdeko emanaldien plaza. M & Mme Poiseau Frantziako konpainiak abiatuko du jaialdia L´abre à vache ikuskizuna eskainiz. Landako gunea izango dute agertoki, eta doan izango da emanaldia.

Ezohiko edizioa izango dela argi dute antolatzaileek, eta topaketen berezko zenbait alderdi moldatzea beste aukerarik ez dute izan: “Topaklownek hanka asko ditu: formakuntza, elkartrukerako espazioa izatea, ikuskizunak… Moldatu egin gara eta ikusi dugu aukera zegoela behintzat Topaklownen hanka bat mantentzeko: ikuskizunak”, azaldu du Gansok.

MAITE GUEVARA

Ikastaroetako eta jendearen arteko harremanen garapenerako espazio faltan, ikuskizunen eskaintza mantentzea izan da apustua. Halere, Gansok aitortu du Topaklown “deskafeinatua” izango dela. Azaldu duenez, 200 pertsona inguru bildu ohi dira topaketaren ikastaroetan, eta, formakuntzetan nahiz ikuskizunen ondorengo elkarrizketetan elikatu ohi da, gehienbat, zale, profesional eta ikusleen arteko harremana. “Abiapuntua beti izan dira ikastaroak, formakuntza; are, askotan irakasle eta ikasle asko dira beraien ikuskizunak ekartzen dituztenak Topaklownera”.

Partekatutako jakintza teorikoak adibide praktikoak ditu emaitza, eta horrek clownaren komunitatea indartzen duela uste dute antolatzaileek.

Iazkoa berreskuratu

Umorearen erabileraren beharretik abiatuta josten da Topaklown. Aurtengo egitaraua prestatzerakoan, iaz bertan behera utzi behar izan zuten edizioa izan dute abiapuntu. “Aurtengoa iazkoaren jarraipena da, saiatu gara iaz antzeztu ezin izan zuten konpainiei parte hartzeko aukera ematen”. Horren adibide dira Zaragozako (Aragoi, Espainia) Teatro Indigesto eta Frantziako M & Mme Poiseau.

2020ko Topaklowneko partaideekin batera, clown munduko beste zenbait artista ere batu dira egitaraura. Kasurako, Maite Gebarak ¡Qué buen día! emanaldiaren aurre estreinaldia egingo du datorren barikuan. Zapatuan, aldiz, Herrialde Katalanetatik helduko den Los Barlou konpainiak Step Up emanaldia eskainiko du.

ADELA ETA MARTIRIO BERNARDA ALBAREN ETXEAN

Artisten eta konpainien hautaketa egiterakoan, Euskal Herriko zein munduko beste txoko batzuetako artisten arteko orekari erreparatzen diote antolatzaileek. “Beti ekartzen ditugu kanpoko artistak, hemengo jendeak aukera izan dezan beste toki batzuetan zer-nolako gauzak egiten diren, baina, aldi berean, Euskal Herrian umorearen arloan lanean daudenei ere aukera eman nahi diegu”.

Jatorri aniztasunaz gain, umorearen abiapuntutik clownarekin batera uztartzen diren beste teknika batzuk ere ikusi ahal izango ditu publikoak: inprobisazioa eta zirkua, esaterako. “Abiaputua beti da clowna, sudur gorriaren maskara txiki hori daukaten pertsonaiak, baina baita gustatzen zaigu erakustea umoreak paleta anitza duela ere, eta ez dela bakarrik clowna”, adierazi du Gansok. Esate baterako, Teatro Indigesto konpainiak inprobisazioan oinarritutako emanaldia eskainiko du, eta, lana birritan taularatuko duenez, saioetako bakoitzean publikoak emanaldi ezberdin bat ikusiko du.

Egitarau koloretsuari irudia gehitu diote, egitarauaren afixa ere umorez janzteko. Sudur gorrien aldarrikapena heroi “patetikoz” jantzi dute afixa egiteko. Yogurinha Borova artista heroiz jantzita ageri da , eta ikusleak zirikatzeko erabili dute argazkia. Irudi horren bidez, clownaren funtsa islatu nahi izan dute. “Herritarrek koraza bat eraman ohi dugu gure buruak babestu eta barruan duguna ezkutatzeko.Clownak, aldiz, ez dira mundu honetakoak eta dira tentelak eta traketsak, eta, hain zuzen, guk ezkutatzen dugun barneko guztia agerian uzten dute clownek”.

SET UP IKUSKIZUNA