“Munduko onenak bildu dira Urkiolan”

“Munduko onenak bildu dira Urkiolan”

Peru Azpillaga Diez

Historia de la subida a Urkiola liburua (Urkiolako igoeraren historia) argitaratu berri du Javier Bodegasek (Lemoiz, 1957). Durangaldeko mendatearen igoera ezaguna helburu zuen lasterketaren historia bildu du, 1931n martxan jarri zenetik, 2009an Igor Antonek azkena irabazi zuen arte. Edizio bakoitzaren inguruko informazioa, kronika, sailkapena eta pasadizoak bildu ditu lanean. Txirrindularitzaren bidez, denboraren poderioz gizarteak izandako aldaketa ere agerian utzi nahi izan du Bodegasek liburuarekin.

Nondik sortu zaizu Urkiolako igoerari buruzko liburu bat osatzeko ideia?

Hau ez da txirrindularitzari buruz idatzi dugun lehen liburua. Taldetxo bat gara, eta txirrindularitzaren historiari buruzko hainbat lan argitaratu ditugu jada. Gure zaletasuna da, gustatzen zaigu, eta ondo pasatzen dugu lan hori egiten: txirrindularitzaren inguruko historia bildu, datuak jaso, anekdotak bildu, argazkiak lortu… Dena esku artean dugunean, liburua osatzen dugu.

Zer garrantzi du historia biltzeak?

Kirolaren bidez gizartean izan diren aldaketak azaleratzeko aukera ematen digu. Urkiolako lasterketa, esaterako, 1931n hasi zen, eta geroztik sekulako aldaketak izan ditu. Lehenengo edizioan, kasurako, partaideak trenez joan ziren lasterketara, eta izarrak ziren jada, ez pentsa, baina trenean joaten ziren; hori, gaur egun, pentsaezina da. Eta lasterketa ikusteko ere jendetza biltzen zen urtero; hori argazkietan ikustea izugarria da.

Nolako lasterketa izan da Urkiolakoa?

Urte askotan munduko onenak bildu zituen: Julio Jimenez, Eusebio Velez, Vicente Belda, Marino Lejarreta, Andrew Hampsten, Pedro Delgado, Claudio Chiapucci, Tony Rominger… Gaur egun ezinezkoa da lasterketa herrikoi batek halako partaidetza izatea. Gainera, ez ziren denbora pasa etortzen; lehiatzera etortzen ziren: irabaztera. Palmaresa ikusten baduzu, izugarria da.

Nolako bilakaera izan zuen?

Lasterketa martxan jarri zen garaian, modan zegoen bat-bateko igoerak egitea, laburrak eta gogorrak. Lehenengo edizioa 1931n izan zen. Gero eten egin zen, 1936ko gerraren ondorioz, eta ez zen berriz antolatu 1960ko hamarkadara arte. Denborarekin, lasterketa aldatuz joan zen; errepidea moldatu egin zuten; urrunagotik hasten ziren… Baina giroa ez zen aldatu; urtero jai bat izaten zen, herriko afizioak berea sentitzen zuen proba bat zelako. Txirrindularitza oso kirol herrikoia izan da beti, eta lasterketa hau horren adibide garbia da.

Orain zergatik ez da antolatzen Urkiolako igoera?

Batez ere, UCI World Tourraren sorreraren ondorioz. Globalizazioarekin batera, txirrindularitzaren egoera aldatu egin zen. Txirrindulari onenak lasterketa onenetan lehiatzeko apustua egin zen, eta arreta beste toki batzuetan jartzen hasi. Horrekin batera, euskal instituzioek ere, tokiko lasterketen aldeko apustua egin beharrean, Espainiako Vueltaren aldeko apustua egin zuten; bertoko probei babesa eta oihartzuna eman ordez, Vueltako etapak Euskal Herrira ekartzeko ahalegina egin dute. Ondorioz, gutxinaka-gutxinaka, bertako lehiaketak desagertuz joan dira Euskal Herrian.

Nola dago antolatuta liburua?

Edizioka dago egituratua. Urte bakoitzean lasterketa nola izan zen, nortzuek parte hartu zuten, sailkapena nola geratu zen, anekdotak eta argazkiak biltzen saiatu gara. Emaitza oso polita da, argazkietan Urkiolan biltzen zen jendetza ikus daitekeelako, eta, urtez urte lasterketarekin batera gizartea ere nola aldatuz joan den ikus daitekeelako.

Pasadizoren bat nabarmenduko zenuke?

1960ko hamarkadan emakumeek ez zuten bizikletarik izateko aukerarik, eta, beraz, ez zegoen emakumezkoen txirrindularitzako probarik. Garai hartan, jendea entretenitzeko, lasterketa baino lehen hainbat ekintza antolatzen ziren. 1964an, Carmen Diaz de Lezana amurrioarrak Urkiola igo zuen, eta zur eta lur utzi zituen han bilduta zeuden zale guztiak. Handik urte batzuetara gizon batek atzeraka igo zuen mendatea, heldulekuan jesarrita eta pedalei atzekoz aurrera eraginez.

Zer garrantzi du Urkiolako igoerak txirrindularitzaren munduan?

Igoera mitikoa da. Ez soilik proba honengatik: Euskal Herriko Itzulian eta Espainiako Vueltan, askotan igo izan da Urkiolako mendatea, eta beti izan da erabakigarria. Orain moldatu egin da errepidea, baina, lehen, orain baino are gogorragoa zen, eta itzuli handietako proba asko ere bertan erabaki izan dira.

Igoera guztien artean, nor izan da Urkiolako mendatea azkarren igo duen txirrindularia?

Urtero gainsari bat egoten zen lasterketa irabazteaz gain aurretik ezarrita zegoen marka hausten zuen txirrindulariarentzat. Edizio guztien arteko markarik onena Iban Mayo igorreztarrak du. Hala ere, behin igoera moldatuta eskuratu zuen.

Horrek zer esan nahi du?

Igoera berregokitu zutenean, hainbat ezaugarri hobetu ziren, eta denborek ere behera egin zuten: aldapa batzuk lausotu egin ziren, bihurgune batzuk aldatu, zorua egokitu… Igoera zaharreko errekorra Ramon Larrosa Karmani txirrindulariak du.

Zergatik zuen hainbesteko arrakasta igoera horrek?

Txirrindularitza oso kirol herrikoia izan da, gertukoa. Jendeak lotura handia izaten zuen halako lasterketekin. Adibidez, txirrindulariak bertatik bertara ikusteaz gain, lehen lasterketaren ostean haiekin egoteko abagunea ere izaten zen. Jai handi bat izaten zen txirrindularitzaren zaleentzat.

Liburua eskuratu nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.urtekaria.com