Kastrexanan eta Santa Agedan ere metroaren geltokiak nahi ditu EH Bilduk

I. Maruri Bilbao

EH Bilduk Bilboko Udalaren konpromisoa eskatu du metroaren laugarren lineak FEVEren Kastrexana eta Santa Ageda tren geltokietan geldialdiak egin ditzan; izan ere, Euskal Trenbide Sareak bizilagunei aurkeztutako proiektuan, ez dira geldialdi horiek aurreikusi.

Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotzi Bruno Zubizarretak adierazi duenez, “ezinbestekoa” da egun dauden azpiegiturak erabiltzea, Bilbo eta Barakaldo artean banatutako auzo horretako bizilagunek metroaren laugarren lineako geltokiak eskura izan ditzaten, horrela “haien mugikortasuna eta bizi kalitatea hobetu ahal izateko”. Gainera, gogorarazi duenez, leku horretan gune industrial bat dago. “Metroak geltokiak izateak sarbideak hobetuko lituzke, inguru horren berroneratzeari lagunduz”.

Raul Mendez Bizkaiko EH Bilduren batzarkide denarekin eta Maria Solar Barakaldoko Udaleko EH Bilduren bozeramailearekin batera egin du eskaera. Solarrek azaldu du, linea horretako geralekuak Bilbon egongo liratekeen arren auzo horretako biztanle gehienak Barakaldon bizi direla. Era berean, esan du badakitela Barakaldoko Udaleko Alkatetza sailetik dagoeneko jakinarazpenen bat egin dietela Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskaera horrekin, eta ondo iritzi dio. Hala ere, EH Bilduk eskatuko du udalaren osoko bilkurak aho batez aldeko jarrera har dezala eta eskaera horren berri eman dezala.

Moyuara joatea, aukeran

Mendez batzarkideak ohartarazi du prozesu parte hartzailean herritarrek egindako eskaeretako bat dela FEVEren bi geltoki horiek laugarren linearen geltoki ere izatea. Era berean, parte hartze prozesuari dagokionez, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Batzar Nagusietan, herritarrei aukeratzeko emandako alternatiben artean laugarren linearen jatorrizko ibilbidea ere jasotzeko: Errekalde eta Moyua artekoa. Joan den astean bozkatu zen, baina ez da onartu.