Jokin Astorkiarena: “Emozioetan zentratu gara. Horretara bideratu dugu gure enpresa”

Jokin Astorkiarena: “Emozioetan zentratu gara. Horretara bideratu dugu gure enpresa”

N. S. O.

Pandemiak gizartea aldatu zuen, eta, horrekin batera, espazioak eta harremanak ulertzeko erak ere bai. Hala uste du Tokitu Espacios enpresaren sortzaile Jokin Astorkiarenak. Amaia Diez Rodriguezekin batera sortu zuen enpresa, iaz. Ikuspegi berri hori jarri zuten enpresaren oinarrian. Astorkiarenak azaldu du diseinua eta teknologia uztartu dituztela: “Lortu dugu jendea gai izatea bere etxetik proiektuak ikusteko. Eta, garrantzitsuena: diseinuak pertsonak izatea ardatz. Emozioetan zentratu gara. Horretara bideratu dugu guk gure enpresa”.

Bi bazkideek arkitektura ikasi zuten. 2008ko krisiak harrapatu zituen, eta kanpora joan behar izan zuten. Londresen ezagutu zuten elkar. “Singapurko aireportua diseinatzen aritu ginen biok. Euskal Herrira itzultzea erabaki genuen, uste genuelako zerbait ekar genezakeela kanpotik”.

Bilbao Ekintzaren laguntza

Bilbora iritsi, eta proiektua gauzatzeko Bilbao Ekintzaren laguntzak izan zuen garrantzia azpimarratu du: “Oso beharrezkoa zen. Gu sormenaren sektoretik gatoz. Sektore horretan inork ez digu irakasten enpresa bat sortzen. Bilbao Ekintzak bidaia hori egiten lagundu zigun”.

Gaur egun erakundeak egiten duen ekarpenari buruz mintzatu da: “Networking-etan ere oso sinergia interesgarriak sortzen ditu, sortu berriak diren enpresatan eta baita zaharragoetan ere. Hori da inportantea, Bilbo ezagutzen duten enpresek gu ezagutzea eta sinergia horiek sortzea”.