Geltokia, auzoan bertan

Metroaren laugarren linea Bilboko Abando geltokitik Alonsotegira joango da, FEVEren trenbidea erabiliz. Euskal Trenbide Sareak ibilbide bi proposatu ditu: orain arteko trenbidearen ibilbidea errespetatzen duena ala Irala eta Errekaldera desbideratuko litzatekeen beste linea bat. Bizilagunek desbideratzea nahi dute.

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko metroaren 4. linearentzako ibilbide bi osatu ditu Euskal Trenbide Sareak. Bilboko Irala, Errekalde, Basurtu eta Zorrotza auzoetako eta Alonsotegiko bizilagunei zein diren aurkezten dabil hil honetan. Bilboko Abandoko tren geltokitik Alonsotegiko Irauregikora joango da linea berria. Fase bitan egitea da asmoa: lehenengoa, Bilbokoa, Abandotik Zorrotzara doana; bigarrena, Zorrotzatik Alonsotegirakoa. Lehenengo zatian bost minutuero igaroko litzateke trena; bigarrenean, hamabostero. Bilboko tarterako osatu dira A eta B aukerak. Herritarrek bataren edo bestearen alde bozkatzeko aukera dute, auzootako udaltegietan eta Alonsotegiko kultur etxean dauden buzoietan edo Internetez.

Cadagua bailara zeharkatzen duen FEVEren trenbidean oinarrituko da laugarren linea hau. Ibilbide osoan lurpetik joango da. Metropolian aurreikusita dauden beste obra batzuk ere integratuko ditu; besteak beste, Zorrotzan trenbidea lurperatzea eta Abandoko geltoki intermodal berria.

Lehen faserako A alternatibak FEVEren bideari saihesbide bat egitea proposatzen du: Basurtu eta Abando artean eraikiko litzateke, Iralatik eta Errekaldetik igaroko litzateke, eta bi auzo horietan geltoki bana izango luke, Ametzolakoaren ordez. Trenbide hori egungo Bilbo-Balmaseda, Bilbo-Leon eta Bilbo-Santander FEVEren lineek ere erabiliko lukete. 289 milioi euroko inbertsioa beharko litzateke. A alternatiba honekin, urtean, Abando eta Zorrotza artean 5,87 milioi herritarri zerbitzua ematea aurreikusi dute; hirugarren lineak dituen beste da.

B aukeran, berriz, egungo FEVEren trenbidea osorik aprobetxatuko litzateke. Kasu honetan, metroa Iralarekin eta Errekalderekin lotzeko, auzo biotako bakoitzera lurpetik igoko liratekeen funikular bana egitea proposatzen da. 4,2 milioi bidaiari aurreikusi dituzte, eta 240 milioi euroren inbertsioa behar luke.

Metroa Errekaldera eta Iralara eroatearen aldeko plataformako Asier Orbeak argi dauka aukera bi horien artean A dela Bilbo hegoaldeko auzoei komeni zaiena: “Funikularra Ametzolara eta han metroa hartu? Zer adarjotze da hori? Bi alternatiba eman dizkigute aukeran, bozkatzen utzi zaigula esateko. Baina argi dago A aukeratzera behartzen gaituztela”. Irala, Errekalde eta San Adriango 60 bat elkartek osatzen dute Orbea ordezkari den plataforma; esan du guztiak bat datozela A ereduaren aldeko iritzian.

Uste zuten, aukeratzera ematekotan, oraingo A aukerarekin batera garai batean iragarritako Matiko-Moyua-Errekalde ibilbidea izango zela bigarrena. “Ez dugu ezinbestekoa ikusten hegoaldeko auzoak Moyuarekin lotzea, baina ibilbide horretan Matiko eta Moyua arteko proiektua eginda zegoen, eta soilik Moyuatik Errekaldera artekoa falta zen”. Gustuko zuten euren auzoak Bilboko Zabalgunearen bihotzarekin lotzea. Hala ere, ez dute begi txarrez ikusten Abandon egotea linea berriaren abiapuntua, Euskal Trenbide Sareak orain pentsatu bezala. Baina, kasu horretan, beste desbideratze bat eskatzen dute: Basurtun FEVEren egungo geltokia aprobetxatu ordez, 200 metro iparralderago eroan trenbidea eta San Mamesko geltoki intermodalarekin lotu. “Abandora joateko baditugu lehendik ere FEVEren trena, Renferena eta autobusak. Baina auzotik ez dugu zelan joan San Mamesko geltoki intermodalera, eta gure eguneroko bizitzan ezinbestekoa dugu han lehen edo bigarren metroak hartzeko: unibertsitatera joateko, industrialdeetara, Ezkerraldeko edo Eskuinaldeko herri handietara…”. Eurek eskatzen duten moldaketa hori egin ezean, Orbeak esan du hegoaldeko auzoetakoek mendebalderantz egin beharko dutela, gero ekialderantz jotzeko. Denbora galtzea iruditzen zaie.

Zorrotzako auzo elkarteko Fernando Ramosek, berriz, ez du ezinbestekoa jo trenbidea San Mameseko intermodalerantz desbideratzea. “Aireportuetan bezala, pasabide mekanikoak jar ditzakete geltoki batetik bestera. Azken batean, 200 metro baino ez dira”. Zorrotzan proiektuarekin “oso pozik” daudela adierazi du. “Hogei urte generaman entzuten gure auzora eta Enkarterrira metroa FEVEren trenbidetik etorriko dela, eta azkenean badatorrela dirudi”. Haien aldarrikapen nagusia auzoan trenbidea lurperatzea da, eta hori egingo da. Ibilbideak ez die hainbeste inporta. “Berdin zaigu Moyuara edo Abandora doan: guk metroa nahi dugu, eta lurpetik”. Aitortu du egungo bi aukeren artean eurentzat aproposagoa izan daitekeela B aukera. “Iralara eta Errekaldera desbideratu gabe zuzenean joango ginateke Abandora, azkarrago. Baina garraio publikoaren helburua denoi mesede egitea izan behar da, eta ondo deritzogu A aukerari”.

Orbeari eta Ramosi, biei iruditu zaie “eskasa” prozesu parte hartzailea. Batetik, eman dieten informazioa “urria” izan dela uste dute. Aurkezpenak online egin dira, gainera. Era berean, iritzia emateko eta proposamenak egiteko aukera ukatu dietela iruditzen zaie. Inkesta bat eman diete. Horri aurre egiteko, Errekalde eta Iralako plataformak bere aldarrikapenak jasotzen dituen dokumentua sortu eta banatu du auzotarren artean, buzoietan sartzeko. San Mamesko loturaz gain, bestelako egokitzapen batzuk ere jaso dituztela esan du Orbeak: kasurako, Iralan geltokirako sarbideetako bat gorago jartzea, gorago dauden San Adrian eta Miribilla auzoetako bizilagunei ere zerbitzu emateko. “Txikikeriak dirudite, baina jende askori erraztuko liokete egunerokoa. Bestela, kasu honetan, San Adriangoak eta Miribillakoak metrotik bakartuta geratuko lirateke”.

info

Garraio publikoari bultzada

Zorrotzan trenbidea nondik joango den zehaztu gabe dago oraindik. Izan ere, lurpeko tren geltokia non egongo den adostu behar dute Espainiako Gobernuak eta Bilboko Udalak. “Ondo bidean, aurten sinatuko dute akordioa, eta han jasoko dute proiektua eta nola finantzatuko den”, dio Ramosek. Zorrotzako bizilagunek eskaera argia egiten diete: geltoki horrek bi sarbide izatea; goiko aldean bata eta beheko aldean bestea. Duela 11 urte, metroaren laugarren linea handik igaroko zela erabaki aurretik, FEVEren trenbidea eta geltokia lurperatzeko bost proiektu aurkeztu zizkieten, eta auzokoek haietako bat hautatu zuten. Hura errespetatzea nahi dute.

Orbea ezkor eta baikor agertu da obren hasieraz hitz egiterakoan. Batetik, badaki metroaren laugarren eta bosgarren lineen obrak COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko Europako Batasunak hitzemandako funtsei lotu dituela Bizkaiko Foru Aldundiak. Baina, bestetik, auzootan “borroka egiteko prest” ikusten ditu bizilagunak, eta horrek agintari politikoei “presio” egingo diela uste du. “[Unai Rementeria] Ahaldun nagusiak beti hitz egiten du Bizkaian mugikortasuna hobetzeko proiektuez. Baina iragarri dituen guzti-guztiak dira garraio pribaturako —itsasadarreko tunela, Bilbo hegoaldeko saihesbidea…—. Garraio publikoa bultzatzeko garaia da. Langile auzoetan garraio publikoa behar dugu”.