Geisiane Maiara Marth: “Une zailetan jokatu behar dugu ausarten, eta arriskatu egin behar dugu”

Geisiane Maiara Marth: “Une zailetan jokatu behar dugu ausarten, eta arriskatu egin behar dugu”

N. S. O.

2020a “urte zaila” izan zela aitortu du Geisiane Maiara Marthek. Hala ere, aholkularitza juridikoa sarean eskaintzeko Ceolex enpresa sortzeko hautua egin zuen iaz. “Une zailetan jokatu behar dugu ausarten, eta arriskatu eta sinisten dugunaren aldeko apustua egin behar dugu. Gauzak funtzionarazten saiatu behar dugu gizarteari ekarpena egiten diogun bitartean”, adierazi zuen joan den asteartean, Bilboko Udalak ekintzaileei egin zien aitortza ekitaldian.

Brasildarra da sortzez Maiara, eta hamabi urte daramatza Euskal Herrian. Bihotzez euskalduna dela aitortu zuen, euskaraz: “Euskaraz ulertzen dut, baina kostatu egiten zait hitz egitea”.

Legearen arloa, “arkaikoa”

Zuzenbidea eta Komunikazioa ikasten ari da. “Jabetu nintzen legearen sektorea arkaikoa dela. Nola litekeen gaur egun hain garrantzitsua den lege sektoreak hain arkaiko jarraitzea. Niretzat oso garrantzitsua da zuzenbidea pertsonengana hurbilduko duen konponbide bat aurkitzea”.

Hortik sortu zuen zuzenbide laboraleko zalantzak argitzeko txat bat. “Hasierako proiektu hori garatu genuen, eta Ceolex bihurtu zen”. 2020ko otsailean eratu zuten enpresa. “Hiru aste geroago, konfinamendua hasi zen”. Bilbao Ekintzaren lana eskertu du: “Ekintzailea izatea zaila da. Ezagutza handia behar da. Bilbao Ekintzak ikastaro asko eta babes handia eman dizkigu. Ikuspegi horretatik, Bilbon oso erraza da ekintzaile izatea”.