Gaizkilea

Legeaz bestaldekoak interesatzen zaizkit. Ez eztijario batek esango lukeen moduan, “boteretsuek munduaren hariak nola maneiatzen dituzten ikusita disidentzia delako bide bakarra” edo antzeko lelo kursiengatik. Bost axola niri munduaren hariak, boteretsuak eta disidentziak. Ondo saltzen diren pertsonaiak direlako interesatzen zaizkit.

Kartzelara joan nintzaion bisitan. Iruzurgilea da, agure-atsoen etxeetan engainuz sartu eta lapurreta egiten duten horietakoa. “Xarma gutxi”, pentsatuko duzue. Ados. Nazkagarria. Agian. Baina pertsonaia hauek morboa sortzen dute. Bestela, zergatik ari zara zu oraindik irakurtzen?

Irribarrez hartu ninduen. Gaizkileak ez du irririk debalde egiten; egitekotan, irri makurra da, bigarren asmo ezkutukoa. Nire gaizkilearenak xaloa zirudien. Txarto hasi ginen. Betidanik zuela gaizkilea izateko bokazioa, baina biolentzia fisikoarekin uzkurtzen den horietakoa dela. Duela gutxi erabaki zuen iruzur egitera dedikatuko zela, eskularru zuriko delinkuentzia.

Bere lehenengo lapurretarena kontatu zidan. Gas zerbitzuaren buzoz jantzita jo zuen tinbrea. Atso batek ireki zion. Zimurrak eta gernu usaina. Gas instalazioa errebisatzera zetorrela esan, eta amua irentsi zuen atsoak. Bazela garaia, urte erdia zeramala ur berorik gabe, hamaika aldiz deitu zuela gas konpainiaren telefonora erantzunik jaso gabe eta jada etsita zegoela esanda, sukalderaino eraman zuen, galdara matxuratuaren aurrera.

Itxurak egiteko erreminta kutxa zeramanez, segituan hasi zen galdararen tripak desmuntatzen. Kitzikagarria. Gutxi usteko zuen atsoak azeria oilategian sartzen utzi zuela. Bi orduan ur beroa galanki irteten zen txorrotatik. Katramilarekin ez zuen astirik izan kaxoi armairuetan dirua bilatzeko, eta ezin zion konponketagatik kobratu, atsoak ondo baitzekien gas konpainiaren aseguruak kubritu behar zituela konponketak. Hala ere, lehenengo aldia izateko, kontent. Atso inozoak ez zuen susmo txarrik hartu. Horrek konfiantza eman zion.

Gainera, atsoak bere lanari buruzko erreferentzia onak eman, eta pentsionista askoren etxeko ateak ireki zitzaizkion. Denak gas konpainiak kalteturikoak. Trebea zen, eta galdara mordoa konpondu zituen, baina agure eta atso kabroi horiek ez zioten begirik kentzen. Otzana zen; ez zeukan ostiaka hasteko gibelik, eta, ondorioz, lapurreta bakar bat ere ez urte osoan!

Orduan, zergatik zegoen kartzelan galdetu nion harriduraz. Gas konpainiak berak salatu zuela erantzun zidan, instalatzaile baimenik gabe konponketak egiteagatik. Ez nuen ondo ulertu. Ez zituen konponketak kobratzen: non zegoen, ba, delitua?

Dirurik ez kobratzeak zigorra samurtu barik, gogortu egin zuela esan zidan. Gas konpainiako abokatuek pentsatu zuten helburu politiko bat zegoela ekintza ustez ulertezin horren azpian. Gainontzeko konpainiek ere alarma piztu zuten berehala. Alor Energetikoen kontrako eraso baten lehenengo agerralditzat jo zuten, pobrezia energetikoa salatzen zuen mugimenduak bultzatua. Gure iruzurgilea terrorista energetiko arriskutsu bihurtu zen justiziaren begiradapean, gaizkile gupidagabea, pentsionista deskapitalizatuei etxean hotza pasatzeko eskubidea ukatzen ziena.

Iruzurgilearen abokatuak egia esatea gomendatu zion, hots, etxeetara lapurtzeko asmotan sartzen zen iruzurgile bat besterik ez zela, baina ez zioten sinistu. Zigor eredugarri bat ezarri zioten, jarraibide hori errotik mozteko.

Kartzelatik abailduta atera nintzen. Jota. Ez dira garai onak gaizkileentzat.