Bonbardaketa gogoan hartuta

Bonbardaketa gogoan hartuta

Peru Azpillaga

Datorren astean 84 urte beteko dira Durangoko bonbardaketa jazo zenetik: 1936ko gerraren barruan, Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek, Francisco Francoren Espainiako diktadorearen armadari lagunduz, herria bonbardatu zuten, martxoaren 31 eta apirilaren 4 artean. Historialariek bildutako datuen arabera, erasoak 337 lagun hil zituen, eta hegazkinek 281 bonba baino gehiago jaurti zituzten. Durango ez zen izan, ordea, gerra hartan bonbardatu zuten herri bakarra; Durangaldean bertan, Elorriok eta Otxandiok ere pairatu zituzten indar faxisten aire erasoak.

Urte hartan gertatukoa ezagutzera eman, faxismoaren biktimak oroitu eta aurrerantzean historia gertaberri ez dadin, Durangoko Udalak eta herriko hainbat elkartek oroimen jardunaldiak antolatzen dituzte urtero. Osasun arrazoiengatik iazko edizioaren programazioa bertan behera geratu ondoren, aurten antolatzaileek egungo egoerara egokitzea eta oroimen ariketa antolatzea erabaki dute: “Ez dago etorkizunik iragana ezagutu gabe. Eta, erakunde publiko gisa, behartuta sentitzen gara belaunaldi berriei ezagutzera ematera gure senideek duela 84 urte jasan zuten bonbardaketa lazgarri hura. Izan ere, memoria historikoa ez da bonbardaketa hartara mugatzen, gerora herri gisa jasan behar izan genuen errepresio guztia barne hartzen du”, esan dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Hori bermatzeko, udalak eta herriko zenbait elkartek egitarau bat atondu dute, martxoaren 31ra arte iraungo duena eta ekitaldi desberdinak biltzen dituena. Horietako bat izango da Andra Mari elizpean egingo dutena, bonbardaketaren biktimen oroimenez antolatutakoa —Gerediaga elkarteak antolatu ohi du—. “Guk antolatzen dugu, norbaitek bere gain hartu behar duelako, baina herriarentzat sortutako ekitaldi bat da, herritarrek herritarrentzat egindako oroimen ariketa bat”, nabarmendu du Izaskun Ellakuriaga Gerediaga Elkarteko kideak. “Gertatutakoa ahazten ez dugula berresteko; ostera, errepikatzeko arriskua egon ez dadin”.

“Aurten argi izan dugu ezin geniola gure urteroko hitzorduari huts egin, eta, Kriskitin dantza taldearen laguntzarekin, urteroko ekitaldi xumea egiten saiatu gara”, kontatu du Ellakuriagak. Dantza ikuskizunaz gain, bonbardaketaren lekuko izandako Josefi Izazelaiak lore eskaintza bat egingo du. “Izazelaiak bost urte zituen bonbardaketa izan zenean, eta, haur txikia bazen ere, gordetzen ditu egun hartako oroitzapen gutxi batzuk”, azaldu du Ellakuriagak. Horrekin batera, Durango 1936 elkarteak azken urteetan bildutako testigantza batzuekin, egun hartako kontakizuna egiten duen ikus-entzunezko bat eskainiko dute. “Testigantzetatik abiatuta, egun hartan gertatutakoa kontatzea da asmoa. Hemen jazo zena oroitzeko eta belaunaldi berriei ezagutzera emateko. Era berean, baita bizitza galdu zuten edota frankismoaren biolentzia pairatu zuten pertsona guztiei aitortza bat egiteko ere”.

Memoria batzordea

Azkeneko urteetan udalak memoria edo gatazkak lantzen dituzten elkarteekin batzorde bat osatu duela esplikatu du Ellakuriagak, eta bonbardaketa oroitzeko egitaraua ere bertan adostu dute. “Elkarte bakoitzak bere proposamena egiten du, eta gero batu egiten da dena”.

Bihar, esaterako, erakusketa bat estreinatuko da Durangoko Arte eta Historia Museoan, Jose Maria Anzola errepublikazaleari buruzkoa; 1937ko martxoaren 31ko eta hurrengo egunetako aire erasoen argazkiak atera zituen Anzolak. Hilaren 31n bertan, 12:00etatik 19:00etara, Durango 1936 elkarteak urteetan bildutako bonbardaketaren lekukoen testigantzen bideoak proiektatuko dituzte Andra Mari elizpean.

“Uste dugu oso garrantzitsua dela gogora ekartzea Durangon gertatutakoa, jende asko oraindik ere harritu egiten baita bonbardaketaren nondik norakoen berri izaten duenean”, ohartarazi du Ellakuriagak. “Detaileetan sartzen zarenean, zenbat bonba bota zituzten aipatuz, argazkiak erakutsiz edota egun horretan jazotako istorio txikiak azalduz, orduan harritu egiten gara”.

1937ko eraso hark herriaren bilakaera errotik aldatu zuen. Leherketen ondorioz, Durangoko zati handi bat berreraiki behar izan bazuten ere, herrian oraindik ikusgai daude gerrako aztarnak. “Ez ziren soilik bonbak izan, hegazkinek tiro ere egin zuten herritarren aurka, eta metrailaren zuloak oraindik topa daitezke eraikin batzuetan”. Ellakuriagak gogoratu duenez, aztarna psikologikoek ere iraun izan dute, hainbat familiatan oso presente egon baita 1936ko gerraren oroitzapena: “Bakoitzak modu diferentean bizi izan du; batzuei hurbilagotik eragiten die, ez soilik bonbardaketak, baita gerora etorritako guztiak ere. Urteak sufritzen eta isilik egoten bizi ostean, batzuentzat leungarria da oroimen ariketa honetan parte hartzea, baina badira oraindik oroitzapenak barruan gordeta bizi direnak ere”