Bilboko ekintzaileen ausardia aitortu dute

Bilboko ekintzaileen ausardia aitortu dute

Natalia Salazar Orbe

Bilboko Udalak aurten ezin izan du egin Bilbo Ekinean galarik, pandemiak ezinezko egin baititu jende topaketa handiak. Aurreko urtean Bilboko Udalaren laguntzarekin enpresa bat sortu dutenei aitortza egitea da gala horren helburua. COVID-19ak ekintzaileak kikildu zitzakeen arren, Bizkaiko hiriburuan ehun enpresatik gora sortu zituzten iaz, eta horiei aitortza egin die asteon udalak, galarik ezean, udaletxeko Arabiar aretoan.

Zehazki, 112 enpresa sortu zituzten iaz, Bilbon. Juan Mari Aburto alkatearen esanetan, “oso kopuru garrantzitsua da, eta, orain inoiz baino gehiago, nabarmendu egin behar dugu, inoiz bizi izan dugun urterik latzena izan baita. Pertsona ausarten urtea izan da, pandemia garaian negozioak sortzen ausartu baitira”.

Negozioaren bidearen isla

Horietako bi ordezkari izan zituzten, ohikoa baino xumeagoa izan arren “hiriko gertakari garrantzitsuenak” ospatzeko erabiltzen duten aretoko ekitaldian. Aburtok eta Xabier Otxandiano Garapen Ekonomikoko zinegotziak egun batzuk lehenago eman zieten, banan-banan eta aurrez aurre, Bilboko baldosaren figura sinboliko bana. Baldosa horiek negozioa abian jartzeko egindako bidea islatzen dute. Enpresa horiek martxan jartzeko, udalaren aholkularitza jaso dute, Bilbao Ekintza udal sozietateari atxikitako BIG Bilbao —Bilbao Ideien Gunea— ekintzailetza zentroaren bitartez.

Aburto alkateak eman zituen datuen arabera, 112 enpresa berri horiek 137 lanpostu sortu dituzte, eta hirian milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin da. Enpresen kopuru handiaz gain —2019an 139 sortu ziren—, 30 urtetik beherako gazteek zuzendutako proiektuek gora egin dute: %28,47 izan dira. Hala ere, ekintzaile gehienak 36 eta 45 urte artekoak dira. Emakumeen kopuruak ere gora egin du: %51,09 dira.