Zenbat leku diren hemen

Zenbat leku diren hemen

Uxue Gutierrez Lorenzo

Hemendik idazten dugu orain. /Non guztiak biltzen dituen hemendik./Nonahiko hemen guztietarik”; hala dio Koldo Izagirreren Hemendik idazten dugu poemak. Hemen eta orain egotea zer den izan zuen hizpide Izagirrek olerkian. Gutun Zuria letren nazioarteko jaialdiko antolatzaileen interesa piztu zuten Izagirreren lerro horiek, eta hemen posible guztien bueltan ondu dute aurtengo jaialdia. Aurrez aurre, Bilboko Azkuna zentroa izango dute hemen guztien bilgune; birtualki, beste hemen asko ezagutu ahal izango ditu publikoak.

Beñat Sarasola jaialdiko aholkulariak azaldu duenez, testuinguruak bultzatuta heldu da gaitegia: “Hemen kontzeptua lotu dugu pandemiaren testuinguruan presentzialtasunak galdu duen indarrarekin, eta jaialdia bera presentzialki egitea ere aldarrikapen moduko bat da”. Datorren martitzenetik zapatura egingo dute jaialdia.

Hemen hitza askotariko ertzez eta hari muturrez beteta dagoela deritzo Sarasolak, eta zabaltasun horri heldu diote egitaraua erabakitzeko: “Hemen gaiak jaialdia kokatzen du, baina, era berean, irekia da beste azpigai asko jorratzeko: hizkuntzaren inguruko hausnarketak egongo dira, migrazioaren ingurukoak, poesiaren ingurukoak…”. Interpretazio askeari bide emanez, malgutasunez ondu dute egitaraua. Euskal sorkuntzaren eskaintzari dagokionez, erronka bati erantzun nahi izan dio Sarasolak: “Euskarazko sortzaileek lekua izan dezatela jaialdian, baina ez dadila izan aparteko leku bat; erabat barneratu nahi izan ditugu jaialdiaren programazioan, eta kanpotik heldutako beste egile batzuekin elkarrizketan jarri”. Miren Agur Meabe eta Olga Novo euskaraz eta galizieraz poesia idazteaz jardungo dira Txikitik idazteaz handi solasaldian. Monica Ojedak, Itxaro Bordak eta Yuri Herrerok hizkuntza aldaeren balio literarioa izango dute hizpide Hizkuntzak hizkuntzetan, panpina errusiar linguistikoak saioan.

GUTUN ZURIA 2021

Finean, kontzeptu orokor baten partikulartasunez josi dute festibala: “Hemen kontzeptuaren dimentsio zabaletik abiatuta, forma zehatz bat hartu du hitzak saio bakoitzean”.

Gai eta sortzaile aniztasunaz gain, formatu berrietan bidea urratzeari ekin dio Gutun Zuriak. Rakel Esparza Azkuna zentroko programazio arduradunak lau bloketan banatu ditu jaialdiaren ekintzak: Azkuna zentroan bertan egingo dituzten aurrez aurreko ekintzak, online saioak, munduko beste txoko batzuetan prestatu dituzten solasaldiak, eta, azkenik, sarean tantaka emango dituzten bideo kapsulak. Formatu hibridoa garaira egokitu eta egitarau oparoa bermatzeko formula gisa irudikatzen du Esparzak: “Oso programa oparoa osatu dugu gaietan eta formatuetan; askotariko ahotsez beteta dator aurtengo Gutun Zuria”.

GUTUN ZURIA 2019

Bilbotik kanpo ere prestatu dituzte emanaldiak, estreinakoz. Marokotik, Kubatik eta Argentinatik egingo dituzte solasaldi batzuk. “Hitzaldi horietan jendea egongo da bertatik bertara entzuten, eta, horrez gain, hemendik ere ikusi ahal izango dira saioak birtualki”. Hemen guztiak lotzeko modu bat da tokia zabaltzea. Gainera, Gutun Zuria irratia ere egingo dute lehenengo aldiz. Jaialdian hizlari ariko direnak elkarrizketatuko ditu Idoia Jauregi kazetariak.

Iazkoaren berreskurapena

Urtebete atzera hasi zen COVID-19aren pandemia, eta, hortaz, bete-betean harrapatu zuen 2020ko Gutun Zuria. Martxoaren bukaeran egitekoa zen jaialdia, eta dena prest zuten. Egindako lana aitortu eta iazko parte hartzaileei tokia egin nahian, liburu batean laburtu dute 2020ko jaialdian galdu zena: Saiakera hemen hasten da liburu kolektiboa da, askotariko egileen gogoeten bilduma bat. Saiakerak behar zuen izan 2020ko festibaleko ardatz, eta saiakeran aritu eta aditu diren horiek bete dituzte antologiako orriak. “Bakoitzari aukera eman diogu hausnarketa erosoen sentitzen den hizkuntzan idazteko”, azaldu du Esparzak. Ondorioz, adibidez, Ixiar Rozasek euskaraz josi du testua, eta Paul. B. Preciadok, berriz, gaztelaniaz. Egile bakoitzak errealitateari buruzko bere gogoeta propioa aurkezten du, belaunaldi, ideologia eta geografia ugariz hornitutako paisaia idatzia osatuz. Liburuaren aurkezpenak abiatuko du jaialdia, martitzenean, 18:00etan, Azkuna zentroko auditoriumean.

GUTUN ZURIA 2019