Urdaibaiko saneamenduan, beste pauso bat

Uraren Euskal Agentziak lehiaketara atera ditu Ajangizko ponpaketa estazioa eta hari lotutako kolektoreak eraikitzeko obrak, 1,9 milioi euroan. Eraikitzen ari diren Urdaibaiko saneamendu sistema orokorraren parte dira lanak.

Ajangizko ponpaketa estazioa, udalerriko industria eta hiri isuriak biltzen dituzten kolektoreak eta horiek Gernikako saneamendu sarera bultzatzeko hodiak eraikiko dituzte. Horretarako, Oka ibaiaren azpian tinkatze bat egingo da: Ajangizko hondakin urak ibaiertzez aldatzea ahalbidetuko dute, Ajangizko urak gero Bermeoko Lamiarango araztegira bultzatzeko, ezkerraldetik.

Etxeko eta industriako hondakin urak bilduko dira kolektore berriarekin, ondoren arazteko. Obra horri esker, itsasadarreko isurketa baimendu garrantzitsuenetako bat jaso ahalko da: Maier enpresakoak, bai eta industrialdeko eta Kanpantxu auzoko industria emariak eta ur beltzak ere.