Maialen Arteaga
Hamar urte hiru aldiz, hiru urte hamar aldiz, edo hamabost urte bi aldiz. 30 bete ditu aurten Ondarroako Radixu irrati libreak. Proiektuaren hastapenak oraindik lehenagotik datoz, baina elizako kanpandorreko estudio zaharra berjabetu zutenetik 30 pasatu dira jada.”Euskal Herrian gaztetxe, fanzine eta irrati libreen bueltan olatu bat egon zen, eta olatu horren bultzadan sortu zen gure irratia. Garai hartan irrati libreen koordinakunde bat zegoen, eta haiek utzitako emisora batean hasi ginen”, kontatu du Txomin L. Aramaio Radixu irratiko kideak. Proiektua herri mugimendutik jaio zela dio: “Ideia Ondarroako gaztetxearen inguruan sortu zen. Bertako asanbladetan ikusi zen irrati libre baten beharra zegoela. Buruan geneukan proiektu hori gauzatzeko herriko hainbat talderekin kontzertu bira bat egin genuen, diru apur bat atera eta martxan jarri ahal izateko”. Herriko hainbat kide batu ziren sorrera hartan: “Jatorri ezberdinetakoak, gazteak… Oraindik orduko kideren bat ere badago taldean”.
Orain ere aniztasun handia dago adinari dagokionez: “20 urtetik gorako batzuk gaude, 10 urtetik gorako nerabe batzuk ere bai… 15-20 lagun inguru gaude”. Kide horietako bakoitzak zeregin edo funtzio bat du; batzuek astero egiten dute irratsaioa; beste batzuk arlo informatiko eta teknikoaz arduratzen dira, sare sozialak eta komunikazioaren ardura… Boluntario gisa dabiltza kide denak, eta “ahalik eta txukunen eta ahal den neurrian” ardurak banatzen saiatzen dira.
Radixu irratiko proiektua uhinetatik harago doa, ordea. Ondarroako Zapato Azule eguna antolatzen dute, eta antolakuntza horretan beste hainbat herritarrek ere hartzen dute parte. Proiektuaren transmisioa bermatzeko saio batzuk antolatu izan dituzte herriko ikastetxeetako ikasleekin, baina pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu dira geroko saio birak. “Ahal den bezain azkarren eutsiko diogu berriro horri”, nabarmendu du.
Iraganera begira jarri da Aramaio. Asko aldatu da egoera: “Baliabideak asko aldatu dira, lehen dena zen analogikoa, orain gehienak digitalizatuta daude. Emisioa bera ere aldatu egin da: lehen antenatik soilik emititzen genuen, orain sarean ere bai”. Baliabideak ez eze, eduki eta formatu aldaketak ere egon direla adierazi du Aramaiok: “Lehen irratsaio mordo bat egoten ziren, eta soilik gureak egiten genituen, eta orain, gureez gain, Arrosa sareko beste batzuk ere emititzen ditugu”. Modu horretan 24 orduz emititzen dute.
Egokitzeko gaitasuna
Testuinguru berrietara moldatze horretan, pandemiarena gehitu zaio. 30. urteurrena ere neurri berrietara egokitu behar izan dute: “Gure azken berrikuntza urteurreneko kotzertuak streaming bidez emititzea izan da. Elkarrizketa eta kontzertu akustikoak egiten gabiltza”. Gaurkoa bigarren emanaldia izango da. Dena Ondarroako taldeko kide gazteak egongo dira 20:00etatik hasita, eta YouTube bidez ikusi ahal izango da.
Tokian tokiko irrati libreek herriari “hurbiltasuna” eskaintzen diotela iruditzen zaio Aramaiori: “Horren adibide da itxialdian egon ginenean herriko entzule mordo bat izan genuela. Ostegunetik igandera iluntzero irratsaioak egiten genituen. Telebista piztu beharrean, herritarrek Radixu irratia entzuten zuten, herritarren berri izateko eta auzokoei buruz jakiteko”. Garai erraza izan ez bazen ere, oroitzapen onak ditu: “Oso polita izan zen. Irratia, azken finean, herritarrekin harremanak izateko modu bat da”. Radixu irratiaren izaeraz hausnartzerakoan, hainbat berezitasun datozkio burura: “Irrati lokal bat gara, eta Ondarroakoa. Ondarroak badu izaera eta hizkera oso propio bat, eta gure irratian esentzia edo berezitasun hori mantendu egiten da”.