“Orain, etxebizitzaren arazoa kontzeptualizatuagoa dago”

“Orain, etxebizitzaren arazoa kontzeptualizatuagoa dago”

Maialen Arteaga

Aitor Ipiña (Portugalete, 1963) Bizitegi elkarte sozialaren arduraduna da. Bilboko Otxarkoagako elkarteak pertsona zaurgarrienak artatzen ditu, zerbitzuak eta laguntzak eskainiz, bazterketa gabeko gizarte batera bidean pausoak emateko. 40 urte bete dituzte aurten. Harrezkero, Bilboko eta gizarteko testuingurua “erabat” aldatu direla esan du.

Zer testuingurutan eta zergatik sortu zen Bizitegi?

1980an sortu zen, Otxarkoagan, abade kaputxinoen lantegi baten inguruan. Orduko bazterketaren testuinguruan jaio zen, drogen eta, batez ere, heroinaren garai gogor haietan. Otxarkoagan gai horren bueltan gaizki pasatzen ari zinenei laguntzeko asmoz, auzolanean hasi zen elkartea, eta Bizitegi sortu zen: bizitzeko tokia. Etxebizitza konpartituak eraiki zituzten. Oso denbora motzean auzolanean eraikitako etxebizitza horien sare bat sortu zen, hamabost etxe ingururekin. Elkartasun mugimendu handi bat izan zen.

Otxarkoaga auzoko beharrei erantzuteko hasi zen. Oraindik ere auzoko jendea artatzen duzue, edo harago doa?

Otxarkoagan hasi ginen, eta gero Errekaldera jo genuen. Izan dugun garapenean, etxebizitzaren auzia Bilbo osoan lantzen dugu, baita Bizkaiko Diputazioarekin ere. Hala ere, gure egoitza eta baliabide gehienak Otxarkoagan daude oraindik. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu gizarteratzeko eta parte hartzerako aukerak sustatzea; beraz, auzoetako lana premiazkoa da. Uribarrin, Errekalden, Otxarkoagan…; benetako parte hartzea sustatu dezakegun auzoetan gaude. Gizarte hain indibidualista honetan zaila da lotura horiek sortzea; baina etxebizitza, lana eta bestelako auziak jorratzeaz gain, pertsonen arteko harremanak sortzean jarri behar dugu ikusmira, harreman berri horiek bizi proiektu esanguratsuak sor ditzaketelako.

Duela 40 urte sortu zen Bizitegi. Orduko eta oraingo erronkak eta beharrizanak berak dira?

Garai hartan, oso testuinguru zehatz bati erantzuten zion. Drogen arazoaz gain, ez zegoen gizarte zerbitzuen sistema duinik. Arlo publikoa ez zegoen oso garatuta; beraz, asetuta ez zeuden oinarrizko beharrizan batzuk bermatu behar ziren. Ez zegoen babes sozialerako sarerik, eta, gure kasuan bezala, auzolanean sortutako proiektuak gorpuzten joan ziren, gabezia horiek asetzeko. Sektore hori asko hobetu da azken urteetan. Orain, premia berrietara egokitu behar izan gara. Buruko gaitzak dituztenen bazterketa lantzen hasi ginen, Bermeoko ospitalearekin batera. Buruko gaitzak dituen jendeari irtenbideak eta aukerak eskaini behar zitzaizkien. 2000an etxegabekoen auzia jarri genuen lehen lerroan; egun, agerikoa da, baina garai hartan ez zen horren argi ikusten, eta ez zen onartzen gure inguruan arazo hori zegoenik. Errealitate horrekin topo eginda Bilboko Udalarekin hasi ginen lanean, eta hainbat aterpetxe eta lotarako leku berri eskaini ahal izan ditugu. Azken urteetan bazterketa sozialean generoaren perspektiba ere txertatu da. Aurrerapauso eta irakaspen handia da hori, beharrezkoa da beren-beregi andreei zuzendutako zerbitzuak eskaintzea, zaurgarrien artean are zaurgarriagoak direlako. Genero perspektiba gure lanetarako gako nagusienetako bat da. Praktika guztietan txertatu behar da perspektiba hori.

Pandemiak etxe kaleratzeen auzia mahaigaineratu du. Zer irakurketa egiten duzue zuek?

Lehenago, arazo hau ere bazegoen, baina orain, etxegabetzeen auzia kontzeptualizatuago dago, eta pandemiarekin agerian geratu da. Herritar askok ez dute etxean isolatzeko aukerarik izan, etxerik ez dutelako: horrek lan lerro bat zehaztu du Bizitegin. Etxebizitzaren arazoak ez dauka praktikan konponbide erraz edo arinik, bitarteko prozesu asko oso mantsoak direlako. Soldatapeko lanarekin dauden askorentzat ere arazoa da etxebizitzarena.

Beste arrakalarik azaleratu da?

Bai. Pandemiak azaleratu duen beste auzi handi bat etorkinena da. Erronka handi bat dugu pertsona horien gizarteratzearekin eta aniztasun kulturalarekin. Etorkinak iristen dira, eta iristen jarraituko dute, eta Bilbo eta bestelako hirietako kaleetan bukatuko dute. Badirudi irlatxo batean bizi garela, [Espainiako] estatu mailan ere bai, ez gaudelako pertsona migratuen helmugan edo ibilbide nagusietan, penintsula hegoaldean gertatzen den bezala. Baina onartu behar dugun errealitate bat da, eta erantzuten jakin behar dugu. Ondorioztatu dugun beste arrakala nagusia teknologiarena da. Zerbitzu publiko gehienak bide telematikora moldatu dira pandemian: osasun sistema, Lanbide, ikasketak… Herritar askok ezin izan dituzte zerbitzu publiko horiek jaso, baliabide faltagatik. Ziurtzat jotzen da denek dutela teknologia eskura, baina arrakala handi bat dago.

Nola ospatuko duzue Bizitegiren 40. urteurrena?

Ibilbidea azaltzen duen dokumental bat egin dugu, sorreratik egon direnen testigantzekin. Datorren martitzenean eskainiko dugu, Bilboko BBK aretoan, 18:30ean. Ikusi dugu kultura lanabes bezala erabili behar dela. Batetik, baztertuta dauden pertsona horiek parte har eta modu sortzaile batean jardun dezaten. Bizitza osoan oso gutxitan txalotu dituzte, eta merezi dute. Bestetik, sentsibilizazio tresna bezala: herritarrengana mezu zuzen eta indartsu batekin heltzeko balio du. 40. urteurren hau ospakizun bat baino gehiago da: aurrera begiratzeko eta etorkizunean pentsatzeko mugarri bat da.