Hausnarketak bideo itxuran

U. Gutierrez Lorenzo

Hedapen ariketa sakona egin nahi izan du aurten Gutun Zuria letren nazioarteko jaialdiak; sortzaileen parte hartzea biderkatze aldera, formatu ugaritan ondu dute egitaraua. Berritasunen artean daude multimedia kapsulak: bideo piezak dira kapsula horiek, hemen kontzeptuaren inguruan egindako hamar minutuko hausnarketak. Orotara, hogei sortzaile inguruk hartuko dute parte bakarrizketa birtualetan, eta nork bere tokitik helduko dio gai zabal horri.

Rakel Esparza Azkuna zentroko programatzaileak adierazi du jaialdian ahots gehiago jasotzeko modu bat direla bideoak: “Parte hartzea aniztu eta hedatzeko modu bat da, jaialdiaren parte diren askotariko ahotsek azal dezaten haientzat hemen zer den”.

Bideo horietatik abiatuta, jaialdiaren inguruko artxiboa sortu nahi dute; artista, idazle, jaialdiko aholkulari eta antolatzaileen hausnarketak pilatuta. Besteak beste, Nataj el Hachmi idazleak, Ivan de la Nuez jaialdiko komisarioak, Eneko Aizpurua idazleak, Txomin Badiola eskultoreak eta Joan Foncuberta argazkilariak egingo dituzte gogoeta birtualak. Iazko parte hartzaile batzuei ere eskaini diete tokia: Mari Luz Esteban antropologoari eta Anjel Lertxundi idazleari.

Martitzenean hasi ziren bideo kapsulak sareratzen, eta tantaka jarriko dituzte Azkuna zentroaren webgunean. Asmoa da hausnarketa birtual guztiak sarean eskuragarri uztea etorkizunerako ondare gisa: “Artxibo erraldoi bat osatu nahi dugu jaialdian gertatuko dena jasotzeko; material hori erabilgarri egongo da etorkizuneko ikerketetarako”. Esparzak ohartarazi du hausnarketak denboran iraunarazi nahi dituztela, lekukotasuna jasoz.

Formatu birtuala gogoetak betikotzeko modurik egokiena iruditu zaie Gutun Zuria jaialdiaren antolatzaileei. “Pantailen eta plataforma digitalen presentzia nabarmen hazten ari da garaiotan; bide horri heldu nahi izan diogu kapsulen formatuaren bidez”, esan du Esparzak. Era horretan, aniztasuna areagotu nahi izan dute; hain zuzen, aurtengo Gutun Zuria jaialdiaren oinarrietako bat da aniztasuna. “Kapsulen bidez ahots gehiagok parte har dezakete jaialdian; beste toki askotatik egon daitezke jaialdian”.

Hedapenean sakontzen

Bideo motzez gain, online eskaintzak beste ertz bat izango du; aurrez aurre Kuban, Marokon eta Argentinan egingo diren solasaldiak online ikusi ahal izango dira. Martica Minipunto artistak Escribir con la lengua (Mihiarekin idatzi) solasaldia eskainiko du La Habanan. Damian Tabarovsky idazlea, berriz, Platako unibertsitatean egongo da, Argentinan, El aquí como respuesta escéntrica (Hemen, erantzun bitxi gisa) solasaldia eskaintzen. Salah Malouli artistak Casablancatik hartuko du parte letren jaialdian, Marokotik.

Bilboren mugak gaindituko ditu jaialdiak, estreinakoz. Esparzak azaldu du erabakia aurtengo gaiarekin estuki lotuta dagoen arren aspalditik zutela buruan bueltaka ideia hori: “Gogotsu geunden beste lurralde eta sortzaile batzuekin sareak sortzeko; Gutun Zuria beste leku batzuetara eta beste jende batengana helduko da aurten, fisikoki eta birtualki”.