Natalia Salazar Orbe
Hamarkada bat joan da Bilboko Miribilla auzoan, Iruñeko Nafarroa Arenarekin batera, Euskal Herriko frontoirik handiena eraiki zutenetik. Bizkaia frontoiaren inaugurazio ekitaldia 2011ko martxoaren 5ean egin bazuten ere, gaur bete dira hamar urte bertan lehen partida jokatu zutenetik. Zazpikaleetako Esperanza frontoiak Bilbo pilotan umezurtz utzi aurretik zabaldu zituen ateak Bizkaia pilotalekuak, eta final handien agertoki izan da orduz geroztik. Gaur 11 partidarekin ospatuko dute urteurren hori: zazpi lehiatuko dituzte pilotalekuan, eta beste lau, trinketan.
Pilotalekuak 3.000 lagunentzako tokia du. Trinketako gune bat ere badauka, 458 ikuslerentzako. Ateak ireki zituenez geroztik, maila goreneko pilota profesionalen partidak jokatu dituzte bertan. LEP.Mk antolatuta, 176 jaialdi izan dira, esku pilota profesionaleko txapelketekin lotuta. Guztira, 442 partida egin dituzte. Besteak beste, azken 30 finaletako 24 lehiatu dituzte bertan: lau t’erdiko bost, binakakoaren hamar eta buruz burukoaren bederatzi; eta 28 finalerdi. Horrez gain, Bilboko Aste Nagusiko 38 jaialdi ere jokatu dituzte Miribillako pilotalekuan. Bizkaiko Txapelketaren zortzi aldiak ere han izan dira. Binakakoei dagokienez, Eibarko Astelenarekin batera, gehien erabili den frontoia da: denera, sei jaialdi hartu ditu.
Zenbaki hotzetatik harago, Bizkaia frontoiak egin duen ekarpena nabarmendu zuen Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak 10. urteurreneko ekitaldien aurkezpenean. Esan zuenez, palari eustea ere ahalbidetu du. Denboraldi oro pala profesionaleko jaialdi eta txapelketak jokatzen dituzte, Innpala enpresak antolatuta: Binakako Liga, Banakako Txapelketa, Munduko Txapelketa, Nazioarteko Opena, Bizkaiko Txapelketa eta Aste Nagusia. Pala profesionaleko 525 jaialdi antolatu dituzte bertan.
Horrez gain, 2018az geroztik, emakumeek esku pilotako Bizkaia txapelketaren lau alditan lehiatu dituzte Bizkaia frontoian. Hamar urteko ibilbidean 270.000 lagun baino gehiago izan dira pilotalekuan. Horietatik 230.000 inguru izan dira euskal pilotaren ikusleak. Izan ere, beste diziplina batzuetako 198 kirol ekitaldi ere egin dituzte han, hala nola herri kirolak, boxeoa, karatea, taekwondoa, gimnastika eta judoa. Horien artean, gizonezkoen eta emakumezkoen 24 boxeo gau lehiatu dituzte. Kirolaz harago, 119 turismo eta sustapen ekitaldi egin dituzte frontoian.
Balantzea, “oso ona”
Pozik azaldu zen Lorea Bilbao zenbaki horiekin guztiekin, eta balantzea “oso ona” dela adierazi zuen: “Hamar urte hauetako ibilbideak egiaztatu diguna da hasiera hartan jarri ziren helburuak bete-betean bete direla. Euskal pilota eta, orokorrean, kirola bultzatzea eta biziberritzea da helburua, zelan ez; baina baita Bizkaiko kirol federazioei euren jardueratan laguntzea, inguruko jarduera ekonomikoa sustatzea, eta aberastasuna eta ongizatea sortzen laguntzea ere”.
Izan ere, frontoia baino gehiago da Bizkaia pilotalekua. Eraikinean Kiroletxea ere badago; bertan egoitza dute Bizkaiko 41 federaziok, ASFEDEBI Bizkaiko kirol federazioen elkarteak eta KITEB kirol teknikarien Bizkaia eskolak. Teknikariak eta arbitrajeko langileak prestatzeko erabili ohi da, baita federazioen egoitza sozialerako ere.
Bizkaia frontoian kirol medikuntzako eta biomekanikako zerbitzua ere badago. Azken hamar urteetan 35.000 mediku azterketa baino gehiago egin dizkiete denetariko kirolariei. Prestakuntzaren arloan, Ariketa Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko ikasleek unibertsitateko praktikak Bizkaia pilotalekuko instalazioetan egiten dituzte, ezker hormako frontoian zein trinketan.
Frontoiaren egitura eta ezaugarriak detaile eta kontu handiz zainduta daude. Besteak beste, frontiseko harriak aukeratzeko orduan, horien ezaugarri akustikoak izan zituzten kontuan, eta berdintsuak izan zitezen nahi izan zuten. Zorurako ere materialik egokienen bila aritu ziren, pilotaren botearentzat kalitaterik handiena lortzeko asmoz.
Kanpotik, monolito beltz erraldoi baten itxura du eraikinak: konpaktua, soila eta zorrotza. Bertara joaten diren ikus-entzuleak ere izan zituzten kontuan pilotalekuaren diseinuan. Kanpoaldeko soiltasun horrek kontrastea egiten du barrualdeko konplexutasun geometrikoarekin. Harmailek plano inklinatua osatzen dute. Eta kanpoko kolore ilunaren ordez, barrualdeak koloreari eta argi naturalari uzten dio lekua.
Ia 25 milioi euroko inbertsioa egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, BEZik gabe. Bilboko Udalak eraikina egiteko lurrak eman zituen. Gunearen kudeaketa, berriz, enpresa pribatu baten esku geratu zen. 2007an ekin zieten eraikina egiteko lanei.