Enpresen neurrira eginiko zapata

Imanol Magro Eizmendi

Hamar urte bete ditu Bizkaia pilotalekuak. Efemerideak aukera aparta dira balantzea egiteko. Argi-ilunez beteriko bidea egin du Miribillako ezkerparetak, final jendetsuak ikusle kopuru handia fidelizatzeko ezinarekin uztartuz. Bilbo pilota profesionalaren zirkuitura itzuli zuen, indarrez gainera, baina jaialdi askotan dagoen ikusle kopuru urriak azaleratu du sustrai laburreko egitasmoa dela oraindik.

Bertute eta gabezia horien oinarrian azpiegituraren berezitasun nagusia dago: kudeaketa pribatua. Bizkaiko Aldundiaren diru laguntza jasotzen duen kudeaketa pribatua, eta pilota enpresa baten esku dagoena: Baiko Kirola. Baina nola da posible azpiegituraren kudeatzailea eta hura erabiltzeko, pilota jaialdietan jokatzeko alegia, kontratatzen den enpresetako bat bera izatea? Non datza lehia librearen aukera? Hori ulertzeko hamar urte egin behar da atzera, pilotalekua esleitu zen garaira, hain zuzen.

Jaio aurretik Bizkaia pilotalekua buruhauste bilakatu zen aldundiarentzat. Gutxienez sei milioi euroko gainkostuaren eta bi urteko atzerapenaren zamarekin ireki zituen ateak. Hura kudeatzeko “elkarlan publiko-pribatua” bilatu zuen aldundiak, eta lehiaketa publiko bat jarri zuen martxan kudeatzaile pribatu horren bila. Halako kasuetan ohikoa denez, baina, lehiaketa publiko hori nahiko bideratuta zegoen, eta gakoa kontratua lortzeko baldintzetan zegoen.

Kontratuan, pilotalekua kudeatzeaz gain, Kirol Etxearen mantenuaren obligazioa ere ageri zen, kirol federazioak hartzen dituen pilotaleku alboko eraikinarena. Aldundiak 1,7 milioi euroko diru laguntza ezarri zuen urteko azpiegitura kudeatuko zuen enpresarentzat. Urtez urte BEZaren arabera handitzen joan da, eta egun bi milioi eurotik gora dago kopuru hori. Trukean, pilotalekuak sor zitzakeen diru sarrerak -alokairua, aparkalekua…- enpresaren eta aldundiaren artean banatzeko taula bat ezarri zen.

Taula mailakatua da. Lehen kopuruetan, zatirik handiena aldundiarentzat da. Esaterako, diru sarreren lehen 50.000 euroen %90 aldundiarentzat da. Eta, horrela, goraka jarraitzen du, erdibana banatu arte. Hor inoiz garbi gelditu ez den xehetasun bat dago: ea txarteldegiko dirua, sarreren salmentarekin lortzen dena, alegia diru iturri nagusia, banaketan sartzen den ala ez.

Diruarekin batera, aldundiak kirol mailako obligazio batzuk ezarri zituen: urtero pilotalekuan jokatu beharreko esku-huska eta pala profesional partida kopuru jakin bat. Jokatu beharreko esku-huska hamazazpi partidetan, besteak beste, “final bat” behar zuen, “hiru finalerdi”, torneo bat… Baina zer txapelketakoak? “Oihartzun handieneko hiru txapelketako batena” zehazten zuen agirian. Alegia, EPELenak, edo, beste modu batera esanda, Aspek eta Baikok antolatzen zituztenak. Garai hartan, Baiko Asegarce zen oraindik.

Baldintza horiek jarrita, ezinbestekoa zen Aspe eta Asegarcerekin akordio batera iristea kontratua lortzeko. Haiek partida horiek bermatu ezean, ezinezkoa zen lehiaketa irabaztea. Eta zer gertatu zen? Bada, Asegarceren akziodun nagusi bera zuen enpresa batek irabazi zuela: Custom Sportek. Iñaki Burutxaga da bien jabea, eta hark Jose Ramon Garai izendatu zuen pilotalekuko kudeatzaile. Euskal Herriko kirolean eskarmentu handikoa da Garai. Besteak beste, Jaurlaritzako kirol zuzendari eta Euskadiko Pilota Federazioko presidente izandakoa da. Urteekin, Baiko Kirola sortu zen, eta Burutxagak Custom Sport han sartu zuen. Eta berdin jarraitzen du denak. Aldundiak neurrira egin zien zapata enpresei, eta ez dute erantzi. Harekin jarraitzen dutenerako, ez da izango negozio iturri txarra.