“Autonomia nahi dugu”

“Autonomia nahi dugu”

I. Maruri Bilbao

Protesta ez da berria. Karrantzak, esaterako, urteak daramatza Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera salatzen: “Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartu ez garenez, diputazioak ez du bete herrian saneamendu araztegi bat eta ur hornidurako araztegi sarea osatzeko lanak egiteko hitzarmena”, azaldu du Raul Palacio Karrantzako alkateak. Eurek auzitara ere jo dute. Beste herri batzuk ez dituzte hainbeste estutu. Baina Errigoitiko alkate Aintzane Arrienek esan du diru laguntza eske doazenero itaun bera egiten dietela: “Noiz sartuko zarete partzuergora?”.

Karrantzak sartu gura du, baina ez ipini dizkioten baldintzetan. Errigoitik ez du gura. “Erabaki bat edo beste hartzeko autonomia nahi dugu. Sartu edo ez, diru laguntzak jasotzeko eskubidea bermatzea gura dugu”, esan du Arrienek. Joan den abenduan agerraldia egin zuten Artzentalesko, Lanestosako, Arakaldoko, Eako, Ajangizko eta Muxikako udal ordezkariekin.

Karrantzak 2004an egin zuen lehen saioa partzuergora sartzeko. Ondoren etorri ziren diputazioarekin azpiegiturak eraikitzeko sinatutako akordioak: 2011n eta 2014an. Urteak pasatu diren arren, oraindik ez dira sartu. “Eta ipini dizkiguten baldintzetan, ezta sartuko ere”, ohartarazi du alkateak. Batetik, azpiegiturak eta hoditeria egokitu behar dituztela esan die partzuergoak. Kontuak egin dituzte, eta bederatzi milioi eurotik gorako inbertsioa egin beharko lukete. Aurtengo udal aurrekontua 3,7 milioi eurokoa da. “Ez dugu horrenbeste diru”. Bestetik, uragatik ordaindu beharrekoa “gehiegizkoa” iruditzen zaie. “Diputazioak berak aztertu zuen partzuergoan sartzeak abeltzainei zelan eragingo dien: ondorioztatu zuten ustiategien %70ek itxi egin beharko dutela, ura ordaindu ezinik”. Bizkaiko herri handiena da Karrantza, baina baita sakabanatuena ere. “Partzuergoarekin hobeto kudeatuko genukeela uste dut; baina ipini dizkiguten baldintzekin ezinezkoa da”.

Behar beste ur

Errigoitin ez dute partzuergoaren beharrik ikusten. “Are gutxiago beste herri batzuei ipini dizkieten baldintzekin”, ohartarazi du Arrienek. Esan du behar duten beste ur dutela herrian, eta kudeatzeko gai direla. Horretarako laguntza eskatu dio diputazioari. “Uste dugu ura tokian bertan kudeatzea dela jasangarriena. Guk badugu behar beste ur. Zertarako ekarri urtegi batetik?”.