Txinparta amatatu ez dadin

Txinparta amatatu ez dadin

Peru Azpillaga Diez

Iaz erdizka geratu zen Gernika-Lumoko Lekuek jaialdi autogestionatua. Abiatu, abiatu zen egitasmoa, baina, lehen asteburuko kontzertuen ostean, COVID-19 gaixotasunaren hedapenak jaialdia bertan behera uztera behartu zituen antolatzaileak. Aurtengo ekitaldia ere, zortzigarrena, gaixotasunak baldintzatuta antolatu behar izan dute. Nabarmendu dutenez, herri osoan egiten zuten ohiko eskaintza zabala murriztu behar izan badute ere, jaialdiaren “izaera anitzari” eutsi diote.

Bihar hasi eta martxoaren 21era arte egingo dute Lekuek jaialdia. Asteburuetako kontzertuez gain, liburu aurkezpenak, film emanaldiak eta bestelako ikuskizunak ere izango dira. Izan ere, jaialdiaren formatua osasun neurrietara egokitu behar izan badute ere, egitasmoarekin aurrera egitea erabaki dute antolatzaileek.

Kultura helburu duten Gernika-Lumoko hiru elkarteren lanaren emaitza da Lekuek: Astra kultur fabrika, Iparragirre Rock elkartea eta Trinkete. “Gune bakoitzetik pare bat pertsona bildu, eta aurtengo jaialdia antolatzeari ekin genion”, hasi da azaltzen Izaro Sola Astrako kide eta jaialdiaren antolatzailea. “Denok genuen gogoa, baina argi genuen egoera berezi baten aurrean geundela, eta hainbat aukera jarri behar genituela mahai gainean”.

Solak esan duenez, guztiek zuten argi Lekuek ezin izango zutela “urtero bezala” antolatu. Horregatik, formatu txikiko egitasmo gisa aurreikustea erabaki zuten: “Tabernetako ekintzak, arte azoka… Kalean eta herrian egiten ziren ekintza gehienak bertan behera utzi ditugu, eta gure eskaintza hiru gune handietara mugatu dugu: Astra, bi solairutan bananduz, Iparragirre eta Lizeo antzokia”. Solak jakinarazi duenez, Trinketek iaz itxi zuen herrian zuen gunea, baina, hala ere, aurten ere parte hartu du jaialdiaren antolakuntzan.

“Urri aldera hasi ginen dena antolatzen; beraz, zalantzaz eta aukera posibleez beteta ekin genion zortzigarren edizio honi”, nabarmendu du Solak. Besteak beste, jaialdia martxoan mantendu nahi zuten arren, badaezpada taldeekin maiatzera atzeratzeko aukera ere adostu zuten. “Ohiko datari eutsi nahi genion guk, eta, azkenean, hala izan da, baina ez genuen nahi iaz bezalako esperientziarik errepikatzerik, eta B plan bat zehaztu genuen”.

Aste barruan, aurkezpenak eta zinema emanaldiak izango dira nagusi aurtengo jaialdian. Asteburuetan, berriz, kontzertuek hartuko dute protagonismoa: “Arraroa izango da, nahiko goiz hasiko direlako eta ez delako berez ohituta gauden ordutegia izango. Baina apustu hori egin genuen, eta, egia esan, ia kontzertu guztietarako sarrerak agortu egin dira dagoeneko”.

Jaialdia aurrera eraman ahal izateko protokolo komun batzuk zehaztu dituzte antolatzaileek: “Jende kopurua mugatu behar izan dugu, orduak moldatu, sarrerak eta irteerak kontrolatu, distantziak zaindu, aulkiak jarri…”, esplikatu du Solak. Astran, esaterako, zazpiehun pertsonarentzako tokia izatetik 70 pertsonarentzako tokia izatera igaro dira. Hala ere, antolatzaileak zehaztu duenez, Astran eta Iparragirren ibili dira pandemia garaian kontzertuak antolatzen, eta, beraz, ohituta daude: “Astran udan ekin genion gauzak antolatzeari, azkenean, mugitu ezean, hilik gaudelako, eta frogatu dugulako, parametro batzuk jarraituz, segurua dela kultur eskaintza egitea”.

Zortzigarren edizioari helduta, “konplikatua” izan arren, Solak azpimarratu du Lekuek antolatzea “inoiz baino beharrezkoagoa” dela: “Gizartea goibel dago; kulturaren munduko jendea ia ezer egin ezinik dabil… Boluntarioz osatutako egitasmo bat da Lekuek, filosofia parte hartzailearen eta autogestioaren bidez aurrera ateratzen dena”. Horregatik, uste zuten eurek ere euren aletxoa eman behar zutela aurten. “Beharrezkoa den horri gure ekarpena egin behar geniola”.