Iruri Altzerreka: “Plazan esperientzia lortzeko aukera bat da zirkuitua”

Iruri Altzerreka: “Plazan esperientzia lortzeko aukera bat da zirkuitua”

U. Gutierrez Lorenzo

Durangaldeko bertso eskolako ikasleetako bat da Iruri Altzerreka (Garai, 2000). Pandemiak asko apaldu ditu bertsotan aritzeko gazteak dituen aukerak, batez ere, bertso eskolatik kanpo. Egoera zertxobait samurtu asmoz ondu dute Durangaldea Uztabarritzen bertso zirkuitua. Altzerrekak birritan kantatuko du zirkuituan: Elorrion eta Zornotzan.

Bihar kantatuko duzu, Elorrion. Zelan zaude?

Gogotsu. Durangaldea Uztabarritzen antolatu dugu eskualdeko gazteok aukera eduki dezagun plazan abesteko. Normalean, plazaratze hori egiten da txapelketen eta sariketen bidez, baina orain dagoen egoerarekin nahiko saio gutxi daude. Eta, gazteon kasuan, are gutxiago. Presio pixka bat ere badago; plaza horiek sortu ostean maila ere eman behar da.

Zure moduko bertsolari gazteentzat zer-nolako aukera da bertso zirkuitua?

Plazan esperientzia lortzeko aukera bat da, bestela ez dugulako aukera asko. Horrez gain, zirkuituan txertatu ditugu egunerokoan plazan dabiltzan maila altuko bertsolariak; adibidez, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Julio Soto. Maila horretako bertsolariekin abesteko aukera bat ere bada.

Egitasmoa antolatzean erreparatu zenioten gazteak eta goi mailako bertsolariak batzeari?

Bai. Durangaldeko bertsolariez gain, beste batzuei ere aukera eman nahi genien. Plaza geldirik dago, oro har. Horrez gain, publikoaren begietara erakargarriagoa izateko ere gonbidatu ditugu punta-puntako bertsolariak.

Orain arte oso geldirik egotea tokatu zaizu?

Oro har, bertso eskolako kideok ez dugu saio asko eduki. Adibidez, orain dela gutxi, irailean, egin zen Bizkaiko Txapelketarako sailkapen fasea, eta horretarako entrenatu ginen.

Halere, bertsotan entrenatzen jarraitu duzue, ezta?

Bertso eskola ere ez da izan lehengo modukoa. Adibidez, denok ez gara herri berekoak, eta askotan egin behar izan dugu online bertso eskola, eta ez da berdina. Entrenatzeko moduak aldatu dira, eta egokitu egin behar izan gara.

Saio gutxi, entrenamendu korapilatsuak… Motibazioan eragin du egoerak?

Bai. Bertso zirkuitu hau antolatzea ere izan da motibatzeko modu bat. Bertso eskolako batzuek esan zuten: “Guk ez badugu antolatzen hau, ez du inork antolatuko guregatik. Guk hartu behar dugu bertsolari eta antolatzaile papera”. Zirkuituari esker saio bat daukat agendan, eta entrenatu behar da horretarako; helburu bat daukat. Saio bat edukita, lehentasun handiagoa ematen diot entrenatzeari.

Bertsolari eta antolatzaile rola hartu duzue. Beste batzuentzat pizgarri izan daiteke?

Gauden egoeran gaudela ere gauzak ateratzea posible dela erakusteko modu bat da. Agian honen ostean beste eskualde batzuk animatuko dira antzeko zerbait egitera. Batek jakin!