Egun bakarra urte bihurtuta

Egun bakarra urte bihurtuta

Natalia Salazar Orbe

Kalea hartu du, aurten ere, mugimendu feministak martxoaren 8an. Pandemiari aurre egiteko segurtasun neurriak tarteko, ez da izan aurreko urteetako pilaketarik; herriz herriko mobilizazioak indartu dira aurten. Hala ere, milaka emakume atera ziren kalera astelehenean, mugimendu feministaren aldarria zabaltzera. Aldarri hori urte osoan isildu ez dadin, Basaurin Egunero izan dadin Martxoak 8 kanpaina abiatu dute: 11 horma irudiz jantzi dute herria. Emakumeen borrokak islatzen dituzte horiek guztiek. Pandemiak kaleak okupatzea zailago egin duen garai honetan, emakumeen aldarrikapenak ikusgai egitea du helburu proiektuak.

Basauriko kaleetan barrena ibilbide feminista bat sortu dute. Isabel Cadaval Berdintasun zinegotziak gogorarazi duenez, Basaurin mugimendu feministaren ibilbidea “oso indartsua” izan da historian, “eta gaur egun ere oso indartsu jarraitzen du”. Horma-irudi horien bidez, “genealogia feminista” ere lantzen dutela azaldu du. “Nondik gatozen ikusten da, eta gure aurretik borrokatu diren emakumeei merezi duten lekua ematen diegu”.

Cadavelek esan du mezuek lotura estua dutela herriko mugimendu feministarekin: “Erabili ditugun mezuek lotura daukate; batetik, leku horietan egiten den lanarekin; eta, bestetik, bertan feminismoarekin lotuta jazotako gertaera historikoekin”.

Horren adierazgarri, Kaleron, esaterako, Basauriko 11 emakume omendu dituzte. “1970eko hamarkadaren bukaeran abortatzeagatik epaitu zituzten. Garrantzitsua da euren herrian eta auzoan aitortza publikoa izatea”. Bestalde, kanpainaren mezu guztiak feminismotik, eta, zehazki, Marieneatik —Basauriko emakumeen etxea— eta Berdintasun arlotik lantzen dituzten gaiak dira.