Durangarrek erabakiko dute

Durangarrek erabakiko dute

Peru Azpillaga Diez

Ados al zaude PERI 1 proiektua gelditzearekin eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearekin, betiere, herritarren parte hartzea aintzat hartuta?”. Hori izango da Durangoko herritarrek Landako gunean egingo duten herri galdeketan erantzun beharko duten galdera. Igandean, trenbidea lurperatzean libre geratutako eremuan garatuko duten proiektu urbanistikoaren inguruko iritzia eman ahal izango dute 18 urterik gorako durangarrek: aurreikusita zegoen PERI 1 proiektuari babesa ematea, edota parte hartzea oinarri izango duen egitasmo berri baten alde egitea.

Hortaz, 1990ean abiatu zuten prozesu luze bat ixteko edo beste hasiera bat marrazteko aukera izango dute Durangoko herritarrek. 2018an Erabaki plataformako kideek, 5.000 sinadura bildu ostean, herri galdeketa bat martxan jartzeko abiatutako prozesua burutuko da etzi. “Pozik gaude, hasierako helburuak betetzea lortu dugulako”, nabarmendu du Xabi Zabala Durangoko Erabaki plataformako kideak. “Oso ibilbide luzea egin dugu galdeketa aurrera ateratzeko, baina, azkenean, bete egingo da, eta herriak parte hartzeko eta bere iritzia emateko aukera izango du”. Galdeketaren atarian, parte hartzea sustatzeko lanketan buru-belarri dabiltzala esan du; izan ere, hori da orain aurre egin beharreko erronka nagusia.

“Lehen aldiz, hitza eta aukera eman zaigu herritarroi, eta ezin dugu hori pasatzen utzi. Sinaduren bidez lortu genuen galdeketa onartzea, eta, loteslea ez bada ere, herritarren nahia zein den mahaigaineratuko du; horretarako, ezinbestekoa da bozkatzea eta nork bere iritzia azaleratzea”, esplikatu du Zabalak. Izan ere, galdeketaren parte hartzea “funtsezkoa” izango da ardura duten instituzioek emaitza kontuan har dezaten.

“Goitik behera datorren politikara ohituta gaude, eta bada garaia egitura hori zabaldu eta horizontaltasunaren bidean pausoak emateko”, ohartarazi du Zabalak. Esan duenez, “politika egiteko beste modu batzuen aldeko apustua” bermatuko du etziko galdeketak: “Gutxi batzuen interesetatik ihes egin, eta halako gaietan ere jendearen iritzia eta parte hartzea bultzatzeko”.

Durangoko trenbidearen orubea

Zer dago jokoan?

Trenbideak lurperatzean libre geratutako espazioan garatuko duten proiektuaren inguruan galdetuko zaie herritarrei. PERI 1 du izena, eta 1990eko hamarkadan abiatu zen prozesu baten emaitza da. Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak akordio bat lortu zuten; horren bidez, Jaurlaritzak trenbidearen lurperatzea finantzatuko zuen eta, trukean, Durangoko Udalak libre geratutako espazioan garatuko zuen proiektu urbanistikoaren irabazien zati bat emango zion Jaurlaritzari.

2000. urtean Zaha Hadid arkitekto irakiarrak diseinatutako proiektuak irabazi zuen Durangoko Trenbide Sistemari atxikitako lurzoruaren hiri antolamenduaren lehiaketa. Proiektua sei urte geroago onartu zen behin betiko, PERI 1 izenpean, eta, handik bi urtera, eremuaren titulartasuna eman zitzaion ETS Eusko Trenbide Sareari. Proiektua, ordea, ez zuten martxan jarri, eta 2012an lurpeko trena eta geltoki berria martxan jarri ostean, moldaketa batzuk egin zituzten; baina orduan ere ez zituzten abiatu lanak. Udalak 2017an jarri zuen berriz ere martxan proiektua.

PERIk baimentzen du trenbide zaharreko eremuan zer egin daitekeen. Geltoki berriarekin batera, zortzi altuerako eraikin bat aurreikusita dago bertan —ETSren bulego nagusietarako erabiliko zen hasiera batean—, merkataritza lokal batzuk, 1.000 metro koadroko udal ekipamendu bat, eta bost etxebizitza dorrez osatutako bizitzeko eremua. Dorreek hemezortzi solairu izango lituzkete, eta 554 etxebizitza, horietatik 11 babes ofizialekoak.

Eremuak hiriaren garapenerako izan zezakeen garrantzia ikusita, eta proiektuak sortzen zizkien zalantzek bultzatuta, Erabaki plataformak herri galdeketa bat martxan jartzeko prozesua abiatu zuen orduan. “Proiektu hura beste testuinguru bati erantzunez diseinatu zuten. Egoera eta herriaren beharrak asko aldatu dira, eta, gure ustez, ezinbestekoa da ezer eraiki aurretik herritarron iritzia jasotzea”, esan du Zabalak.

Proiektuari “estrategikoa” deritzo, herriaren etorkizuna baldintzatuko duelako, eta, horregatik, uste du herritarren “beharrei” erantzun behar diela: “1.000 etxe huts dituen herri batean ez dut uste halako proiektu bat behar denik. Ez dugu esaten guk nahi duguna eraiki behar denik; hasieratik defendatu duguna izan da herritarrei euren iritzia plazaratzeko aukera ematea”. Azkenean, proiektu batetik harago, “ereduen arteko talka” bat dagoela argudiatu du Zabalak: “Zer nahi dugu? Porlanez betetako herri bat, edo herritarron artean eraikitako herri bat? Zer eraiki nahi dugun eta nola egin nahi dugun: hor dago gakoa”.

Udala, herriari begira

“Galdeketa ez da loteslea izango, legez ezin delako halako galdeketarik egin”, azaldu du Aitor Bravo Durangoko Udaleko Lurralde Antolaketa Saileko zinegotziak: “Hala ere, udal gobernuan gauden bi alderdiok, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, esan genuen loteslea ez bazen ere, politikoki eta baita etikoki ere erabateko balioa emango geniola eta emaitza onartu egingo genuela”.

2019an osatu zuten Durangoko gobernu berria, eta ordurako martxan zegoen jada herri galdeketa egiteko prozesua. “Bazegoen batzorde bat sortua, eta, luze jotzen ari bazen ere, prozesua martxan zegoen”. Erabaki plataformarekin bildu ostean, galdera adostu eta osoko bilkuran onartuta, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseilura bidali zuten, galdeketak onespena jaso zezan.

Gobernuaren oniritziaren ostean, galdeketa prestatzen aritu dira. Behin prozedura martxan zegoela, herritarrak informatzeko fasea abiatu zutela erantsi du Bravok, eta, horretarako, Hirik At kooperatibarengana jo zutela. “Informazio asko zegoen, hori pilatu, alderdiekin eta eragileekin konpartitu, eta herritarrei zabaltzea izan da asmoa”. Horrekin batera, kanpaina egiteko tartea egon dela nabarmendu du: “Alderdiak posizionatu egin dira, eta bi eztabaida politiko antolatu dira. Hasiera batean galdeketa alderdi guztiek onartu bazuten ere, mota guztietako iritziak izan dira gerora”.

Galdeketak utziko duen emaitzaren arabera, aukera desberdinak sortuko direla esplikatu du Bravok: “Baiezkoa zein ezezkoa atera, hainbat aukera daude kasu bakoitzean; beraz, zaila da aurreikuspenak egitea”. Ezezkoak irabazten badu, egun zehaztua dagoen PERI 1 proiektuak aurrera egingo duela esan du, eta jada zehaztuta dauden irizpideen baitan soilik gauzatu ahalko lirateke aldaketak. Baiezkoak irabazten badu, “prozesu parte hartzaile berri bat” abiatuko litzateke, eta hainbat aukera zabaltzen ditu horrek: “Bizitegi erabilera mantendu, baina etxe gutxiago egitetik, erabilera aldatu eta beste ezaugarri batzuk dituen proiektu bat egiteraino”.

Emaitza edozein dela ere, Durangoko Udalak akordio bat bilatu beharko du Eusko Trenbide Sarearekin, eremuaren titulartasuna duen enpresarekin, eta baita Eusko Jaurlaritzarekin ere, harena baita eremu horien jabetza. Hain zuzen ere, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak adierazi du aurreikusitako proiektua bertan behera geratzen bada, udalak Jaurlaritzari hasiera batean inbertitutako dirua itzuli beharko diola. Zehaztu duenez, Jaurlaritzak 250 milioi euro aurreratu zituen trena lurperatzeko, “eta oraindik ez du jaso ezer bueltan”. Gogoratu duenez, bi aldeek sinatutako hitzarmenean adostu zuten Eusko Jaurlaritzari ematea udalak gauzatuko zuen operazio urbanistikoaren gainbalioaren zati bat.

Hala ere, Arriolak jakinarazi duenez, akordio bat lortzeko prestasuna du Jaurlaritzak, eta Bravok esan du udalak ere bide hori jorratzeko asmoa duela. “Orain arte, batik bat, lurren kudeatzailearekin izan dugu harremana, Euskal Trenbide Sarearekin. Jaurlaritzarekin ere saiatu ginen, baina urtarrilera arte ez genuen lortu haiekin elkartzerik”.

Galdeketaren ostean ere biltzea espero du, eta, herritarren nahia betez, akordio bat lortzeko “esperantza” dutela erantsi du Bravok. “Ikusi egin beharko da zer diru kopuruz ari den Jaurlaritza, eta, horren arabera, jakingo dugu zer egin daitekeen”. Hala ere, zalantza bat argitu nahi izan du Bravok: “Trena lurperatzeko proiektua legez ez dago libratuko den eremuan garatuko den proiektuari lotuta; hau da, Eusko Jaurlaritzak egindako inbertsioa ez dago proiektu honekin legez lotuta, gaia oraindik epaitegietan dagoen arren”.