Bertso uzta, plazara bueltan

Bertso uzta, plazara bueltan

Uxue Gutierrez Lorenzo

Bertsolariek kantuan aritzeko beharra eta nahia dute; plazara atera eta elkarri kantuka aritzeko grina. Ohiko egoeran, ia asteburuero izaten dira bertso saioak hango eta hemengo plazetan, eta, gainera, txapelketek ere betetzen dute bertso egitaraua. Azken urtean, baina, ez da halakorik izan. Txapelketarik ez, eta apenas egon da bertso emanaldirik. Agertokirik ez, baina bertsolariz beteta daude bertso eskolak eta herriak. Oholtza barik, baina gogoz gainezka zeudela sumatu zuten Durangaldeko bertso eskolako bertsolariek, eta hortik tiraka ondu dute Durangaldea Uztabarritzen bertso zirkuitua.

Uzta hori dira, hain zuzen ere, eskualdeko bertsolariak; eta, beteko dituzten agertokiak, berriz, eskualdeko bederatzi herri. Bina saio hartuko dituzte Durangok eta Zornotzak, eta bana Mallabiak, Iurretak, Otxandiok, Zaldibarrek, Elorriok, Abadiñok eta Berrizek. Bihartik hasita eta uztailera bitarte, 11 bertso saio antolatu dituzte Durangaldeko bertso eskolako kideek. Udaberri koloretsuak bertso doinuz hornitzeko prest daude bertsolari gazteak.

Elorrioko gaztetxean ekingo diote zirkuituari, bihar. Iruri Altzerrekak, Txaber Altubek, Erika Lagomak eta Aitor Estebanek kantatuko dute saioan, eta Iker Apraiz arituko da gai jartzaile lanetan.

Aukera eta nahia biltzen ditu bertso zikloak. Batetik, zirkuitua egiteko bertsolari, gai jartzaile, azpiegitura eta baliabide nahikoa lortu dituzte antolatzaileek. Eta, bestetik, identifikatutako hutsune bat betetzeko gogotsu agertu dira. Eneko Abasolo Abarkas bertso eskolako kidearen esanetan, bertso saioen faltaren eta bertsotan aritzeko grinaren batura da Durangaldea Uztabarritzen: “Beharrizana eta gogoa genuen plaza biziberritzeko eta eskualdeko gazteak bertan aritzeko”. Hain zuzen, kantatzeko plaza faltak eragina du bertsolari gazteen jakintzan eta formazioan: “Hutsune bat dago, gazteek ez dute apenas kantatzeko plazarik, eta horrek zulo bat sortzen du gazte horien bertso ibilbidean”.

Ekinbidea abiaraztea erabaki dute Durangaldeko bertso eskolako ikasle, irakasle eta gainerako kideek: “Pandemiaren aurrean ezin gara geldirik geratu: gauzak antolatzen jarraitu behar dugu” , adierazi du.

Prestakuntza lanetan buru-belarri aritu dira bertso eskolako zortzi kide, eta, orotara, 30 bertsolaritik gora ariko dira eskualdea bertso doinuz zipriztintzen. Bertsolarien profila bi multzotan banatu dute: batetik, eskualdeko bertsolari gazteak izango dira protagonista; talde horretako bertsolariek osatzen dute egitarauaren gehiengoa. Bestetik, goi mailako bertsolari andana ere gonbidatu dute; kasurako, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza ariko dira kantuan.

Izan ere, bertso saioen eskasia orokortua dela ondorioztatu dute antolatzaileek, eta bertsotan jarduteko aukera ahal beste zabaldu nahi izan dute. Belaunaldien artean kantuak trukatzea onuragarria dela uste du Abasolok: “Gazteentzat aukera bat da goi mailako bertsolariekin kantatzen hasteko, normalean oholtza ez baitute haiekin partekatzen”. Dinamika ahalik eta gehien zukutze aldera, bertsolari gazteek bizpahiru aldiz kantatuko dute. “Herri batean baino gehiagotan ariko dira, eta jende ezberdinarekin; aniztasun hori aberasgarria da, eta horren alde egin dugu”.

Bertsolarientzat arnasgune ez ezik, bertso sistema osatzen duten gainerakoentzat ere izan nahi du parada zirkuituak. Abasoloren aburuz, eskualdearen “bertso osasun ona”baliatu ahal izan dute prestakuntzan: “Denen arteko lankidetza eta partaidetza dago: bertsolari, gai jartzaile, bertsozale, herrietako plazak… jendea laguntzeko prest agertu da; beraz, dena aprobetxatu dugu”. Kasurako, Maite Berriozabal, Ainhoa Urien eta Ander Gerrikaetxebarria jardungo dira gai jartzaile lanetan.

Espazioei dagokienez, toki itxi eta irekiak izango dituzte bertsolariek agertoki. Kanturako gune bilakatuko dira Durangaldeko pilotalekuak, kultur etxeak, gaztetxeak eta plazak. Herri bakoitzean giro ezberdina sortuko da, betiere asmoari eutsiz: bertso mundua suspertzea eta inguruko bertsozaleei eskaintza egitea.

Dinamikaren tamaina ikusita, zirkuituari Durangaldea Uztabarritzen izena ipintzea erabaki zuten bertso eskolako kideek: “Udaberrian hasita, uzta berria aurkeztera gatoz”, zehaztu du Abasolok.

“Kultura segurua da”

Gabezia bati aurre egiteko asmoz jaio da Durangaldea Uztabarritzen, eta antolatze hutsa esanguratsua iruditzen zaio Abasolori: “Ezin gara geratu etxean hau pasatu artean. Gauzak antolatu behar dira, segurtasuna eta osasun neurriak mantenduta, baina nik uste bizirik jarraitu behar dugula”. Bertso saioak bakarrik ez, mota guztietako kultur egitasmoak bultzatu behar direla uste du.

Hain justu, egiten hastea izan zen Durangaldeko bertso eskolak zirkuitua prestatzeko ezarri zuen oinarria, eta hortik aurrera malgutasunez jokatzeko prest dira: “Behintzat, saia gaitezen. Azken momentuan atzera egin behar badugu, egingo dugu, baina, bitartean, egon dadila, behintzat, aukera bat sortzeko”.

Gaur-gaurkoz, esate baterako, prestaketa lanetan hasi zirenean baino mugikortasun neurri malguagoak daude: pasa den asteartetik Bizkai, Gipuzkoa eta Araba arteko joan-etorriak baimenduta daude. Dinamikak luze joko du, eta, Abasoloren arabera, saioz saio eta astez aste joango dira egoerara doitzen. Azkenaldian oihartzuna izaten ari den baieztapena dute oinarri dinamikaren antolatzaileek: “Kultura segurua dela”.

Orain arte egindako lanarekin konforme daude bertso eskolako kideak, eta publikoaren harrera beroa da zirkuitua borobiltzeko nahi eta falta duten osagaia: “Guk gure partetik ipini dugu ahal genuen guztia; orain etor dadila jendea, eta goza dezagun denok bertsotan eta bertsolaritzaz”.