“Zentsuratu” egin dituzte

“Zentsuratu” egin dituzte

Natalia Salazar Orbe

Duela bizpahiru urte izan zuten lehen ezustekoa. Jaietan lelo feministak zituzten banderatxoak jartzeko eskaera egin zuen Zamudioko Zapata Gorriak talde feministak, ohi bezala. Izan ere, faroletan jartzen direnez, udalari baimena eskatu behar diote. Lelo batzuk zituzten banderatxoak ez zituztela jarri salatu du Amaia Rementeria taldeko kideak: Nire potxotxean eta nire mototsean nik agintzen dut eta Generoa belarri artean dago, ez hanka artean ziotenak, hain zuzen. “Zentsura” salatu dute, eta bi astetan bi hitzaldi egin dituzte mezu horien arrazoiak eta beharra azaltzeko.

Rementeriak azaldu du zenbait bizilaguni gogorrak iruditu zitzaizkiola berba haiek: “Herritar batzuek ez zituzten ulertu, edo pentsatu zuten apur bat gogorra zela berba haiek irakurtzea”. Hala azaldu zien Zamudioko Udalak. “Protestak jaso zituztela eta kendu egingo zituztela esan ziguten”.

Zentsura hura areagotu egin zen joan den azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren harira jarritako banderatxoekin. “Babosoak kanpora leloa zuten banderatxoak ere kendu zituzten. Hori gehiegizkoa zen jada”.

Herritarrek ez zituztela mezu haiek ulertzen iritzita, udalak esan zien pedagogia lana egingo zutela. “Baina ez zuten ezer egin”, esan du Rementeriak. Hori dela eta, trebakuntza ematen duen talde batekin harremanetan jarri ziren, eta banderatxoetan jasotako esaldien zergatiak azaltzea erabaki zuten. Abella abokatu taldeak hartu du lan hori.

Joan den astean egin zuten lehenengo hitzaldia, Zergatik esaten dugu generoa belarri artean dagoela eta ez hanka artean? izenburupean. Rementeriak eman ditu mezu hura idazteko arrazoiak: “Generoan pentsatzen dugunean, kulturalki eta sozialki patriarkatuak berak ezarri dizkigun ezaugarri batzuk buruan ditugula egiten dugu. Baina hanka artean edozein gauza izanda ere, zu senti zaitezke genero batekoa edo bestekoa, edo ez zarela genero horietako batekoa. Nahiz eta alua edo zakila izan, zuk nahi duzuna izan behar duzu. Zuk sentitzen duzuna izan behar duzu”.

Nire potxotxean eta nire mototsean nik agintzen dut leloari dagokionez —euskaraz eta gazteleraz idatzi zuten, eta mezu biak zentsuratu zituen udalak—, Rementeriak gogora ekarri du Onintza Enbeitak, Amaiurko diputatu zenean, Espainiako Kongresuan egin zuela adierazpen hori abortuaren legearen inguruan. “Zalaparta izugarria sortu zen. Esaldi horrek argi eta garbi adierazten duena da guk geure buruaren gainean agintzen dugula”. Ez dakite zergatik zentsuratu duten. “Koño berba erabili behar dugu indarra emateko [gaztelerazko mezua ere zentsuratu zieten]. Ez dugu ulertzen zergatik eskandalizatzen den jendea hainbeste hitz hori erabiltzen denean, denek darabiltenean ahoan. Denek lasai asko erabiltzen duten hitza da, baina emakumeok zentzu zehatz bat ematen diogunean, eskandalizatu egiten dira. Eskandalu hori bukatu nahi dugu, baina argi eta garbi esan gure buruaren gainean guk agintzen dugula, ez beste inork”.

MARTXOAREN 8A ZAMUDION

Atzo eman zuten bigarren hitzaldia, azken lelo horri lotuta. Ahalegindu dira azaltzen zentsuratu dieten esaldi bakoitzarekin zer esan nahi zuten. Emakumeek ere hizkuntza mota hori zergatik erabili behar duten azaldu dute. “Sarri emakumeak eta hizkuntza motak oso lotuta daude. Gizonezkoek gauza asko esan ditzakete inolako arazorik gabe. Baina guk ezin ditugu aipatu hitz batzuk, antza denez, ez datozelako bat gure emakume izaerarekin. Hori da moztu nahi duguna, esaldien esanahia azaltzeaz gain”.

Rementeriak garrantzitsu deritzo lelo horiek kalean ikusgarri egiteari. “Horren inguruko eztabaida piztu behar da, gizartean ez baita ezer aurreratzen. Jarraitzen dugu kontzentrazioak egiten emakumeak hiltzen dituztenean edo eraso egiten dietenean. Hori besterik ez. Eta ez da nahikoa”.

“Haserre” daude

Zapata Gorriak taldeko kideak udalak mezuak kentzeko erabakiarekin “haserre” daudela adierazi du. “Lehenik eta behin, gurekin hitz egin barik egin dutelako. Bestetik, ez digutelako ematen aukerarik azaltzeko. Herritarren artean kezka sortu badu, bazuten afera gurekin batera bideratu eta azalpena emateko aukera. Horrez gain, bistan denez, zentsura kasu argi bat da. Euren burua hain demokratikotzat dutenak, orain zer? Euren burua feministatzat dute, eta data jakinetan argazkian atera nahi dute, baina gero benetan politika feministak egin behar direnean, ez daude prest; edo benetan pausoak eman behar direnean eta eztabaidak piztu gaia denbora osoan egon dadin jendearen ahotan. Prest daude puntu batera arte, baina ez buru-belarri sartzeko”.

Bizkaiko Hitza saiatu da Zamudioko Udalarekin harremanetan jartzen, eta haren ikuspegia eta erabakiaren arrazoiak argitzen. Hala ere, ez du jaso erantzunik.