Mikel Ayllon: “Denok dugu zeresana zoriontasunaren gaiaren inguruan”

Mikel Ayllon: “Denok dugu zeresana zoriontasunaren gaiaren inguruan”

U. Gutierrez Lorenzo

Antzerkia eta literatura uztartzen dituen emanaldi bat ondu dute Mikel Ayllon idazleak (Laudio, Araba, 1980) eta Piszifaktoria taldeak. Elkar ezagutu genuen eguna antzezlana eta Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburuaren inguruko solasaldi bat egingo dituzte astelehenean.

Loraldia festibaleko lehen emanaldia da zurea. Zerekin egingo dute topo lehen bisitari horiek?

Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburuaren aurkezpen hibrido bat da. Liburuko ipuinetako batean oinarritutako antzezlan labur bat prestatu genuen, eta, liburua aurkezterakoan, ideia polita iruditu zitzaigun antzezlana eta hizketaldia uztartzea.

Literatura eta antzerkia uztartzen dira emanaldian.

Piszifaktoria taldean, diziplina ezberdinetatik gatozen artistak elkartzen gara, eta talde horren sinadurapean egiten ditugu horrelako ekimen multidiziplinarrak. Antzezlanean soinuak, soinu efektuek eta musikak daukaten presentzia berezia da.

Antzezlanaren ondoren, zuk hartuko duzu hitza. Izenburuak iradokitzen du zoriontasuna izango duzula mintzagai, baina zein ikuspuntutik?

Liburu honen inguruan hitz egiten dudanean, zoriontasuna izaten da gai nagusia. Liburuan agertzen diren pertsonaiek komunean dute bizitzako une batean erabaki garrantzitsu bat edo batzuk hartu behar dituztela: denek erabakitzen dute zoriontsu izatea. Orduan hasten dute bidea, baina ez dakigu nora eramango dituen bide horrek. Bide horretaz hitz egiten dut, eta baita zoriontasun jasangarriaz ere. Saldu digute zoriontsua izatea dela beti oso goian egotea, beti oso pozik: hori ez da jasangarria epe luzean. Zoriontasun orekatua bilatzea da gakoa.

Solasaldian ikusleen parte hartzea bultzatu nahi duzue?

Guretzat interesgarriena izango litzateke jakitea zeintzuk diren jendearen ikuspegiak. Denoi gertutik tokatzen zaigun zerbait da zoriontasunaren bilaketa: denok daukagu zeresana zoriontasunaren gaiaren inguruan.

Zer-nolako plaza da Loraldia zuen emanaldiarentzat?

Ezin aproposagoa. Diziplinen arteko uztarketa lantzen dugu guk, eta Loraldia ere horretan dabil.

Era berean, beste ekintza bat prestatzen ere hartu duzu parte: Maskara azpiko karmina.

Soinu esperientzia bat da, eta kalea bihurtu dugu oholtza natural. Fikziozko istorio bat kontatuko dugu, eta entzulea paseo bat egitera gonbidatuko dugu, Arriaga plazatik Isozaki dorreetaraino.