Kultura, berriz loratzen

Kultura, berriz loratzen

Uxue Gutierrez Lorenzo

Aurtengo helburu nagusia jaialdia egitea bera izan da”. Argi mintzatu da Amaia Ocerin Bilboko Loraldia festibaleko komunikazio arduraduna. Kultur jaialdia aurrera ateratzea izan dute helmuga 2021eko udaberrian, horrek esan nahi duen guztiaren jakitun. “Kultur industriaren jarduera sustatzea, sortzaileei aukera ematea plaza bat izan dezaten Bilbon, eta jaialdiak hasitako bidea bertan behera ez geratzea”. Hausnarketa horietatik, eta beharrak identifikatuta ekin zioten VII. Loraldia prestatzeari, “apurka ereiten ari garen lore hori ez dadin bere horretan geratu”.

Udaberri kulturala ereiten hasiak ziren Loraldia kultur elkarteko kideak azken urteetan, baina, beste asko bezala, bete-betean harrapatu zituen pandemiak, iaz. Loraldiaren kasuan, dena prest zeukaten, eta hasiak ziren hiria kulturaz hornitzen. 2020ko martxoaren 10etik 29ra bitarte 29 emanaldi eskaintzea zuten asmo, baina bigarren saioaren ondotik egitaraua bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. “Kolpe latza izan zen, baina udaberria eta uda pasatu genituen nork bere etxetik lanean, esperientzia berriak sortzen. Esperientzia digitalen aldeko apustua egin genuen udazkenean”.

Kanpora begirako etenaldiaren ondoren, indarrez ari da berriz loratzen kultur udaberria. Sortzaileen eta publikoaren beharrei erantzuteko asmoz hartu dute egitaraua osatzeko lana antolatzaileek, gogoz. “Gizartea kultura gosez dago. Loraldia eta halako jaialdiak beharrezkoak dira; publikoak eskertu egiten du eskaintza”, esan du Ocerinek. Datorren astelehenetik hasita, hemeretzi egunez jarraian antolatu dituzte ekintzak, Bilboko hamahiru gunetan. Diziplina artistiko oro ikusteko aukera izango du publikoak, eta online eskaintza ere txertatu dute aurten. 115 sortzailek beteko dituzte Bilboko areto nagusiak datozen asteetan.

2018KO LORALDIA

“Kultura ekitaldiak bai, baina nola eta zeintzuk?”. Galdera horien bueltan gogoeta egin behar izan dute Loraldiaren antolatzaileek irizpideak markatu eta apurka egitaraua atondu ahal izateko. Lau helburu zehatz jarri dizkiote zazpigarren Loraldiari: sortzaile gazteen parte hartzea; emakume sortzaileentzako plaza izatea; euskal kulturan erreferente izan diren artisten transmisio lana egitea; eta kultur diziplinak uztartzea. Hari horietatik tiraka ondu dute programa.

Emakume sortzaileen artean, Olatz Salvador eta Idoia Azurmendi musikariak, Oihana Iguaran bertsolaria eta Garazi Etxaburu dantzaria ariko dira Loraldian. Belaunaldi transmisioari dagokionez, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Agustin Xaho dira festibalak nolabait goratuko dituen figurak. Loreak eta zauriak ikuskizunak Lete izango du gogoan, Beñat Gaztelumendi, Xabier San Sebastian, Joserra Senperena eta Quico Pugesen eskutik. Bestalde, Mikel Antzak zuzendutako Pessoak atera zuen kartzelatik antzezlana izango da Sarrionandia ezagutarazteko helduleku.

Memoria ariketa modernoa planteatu nahi izan du Loraldiak: iraganeko erreferenteen lanketa gaurkotua. “Itzal luzeko figurak hartu eta interpretazio garaikidea egitea da asmoa, egungo sormen prozesuetara eta diziplinetara ekarriz”. Asmoa mamitu, eta diziplina ugari lotzen dituzten emanaldiak dira emaitza.

ESNATU NAIZ KABARETA

Eskaintza birtuala

Aurrez aurrekoaren aldeko apustua egin dute pandemia garaian, baina erabaki dute online eskaintzari ere heltzea. Pantaila bidez gozatzeko hiru emanaldi prestatu dituzte.

Esperientzia digitalen estreinakoa martxoaren 13an eskainiko dute, mahai inguru batean. Dantzertik gidatutako Arrakala jardunaldiak eskainiko ditu Loraldiak. Era berean, dantza eta bertsoa ardatz dituen Errimak bi oinetan ikuskizuna egingo du Haatik dantza konpainiak, martxoaren 17an. Azkenik, Olatz Salvadorrek eta Idoia Azurmendik prestatu duten Bozak emanaldia izango da jaialdiko hirugarren esperientzia digitala.

ERRIMAK BI OINETAN