Gernika-Lumoko akuiferoa zelan garbitu daitekeen ikertuko dute

Gernika-Lumoko akuiferoa zelan garbitu daitekeen ikertuko dute

Ibai Maruri Bilbao

Gernika-Lumoko lurpean akuifero garrantzitsu bat dago, Busturialdeko handiena, eta berebizikoa da eskualdeko ur hornidurarako. Baina badira ura kutsatuta dagoen zona batzuk. Horri konponbidea eman nahi dio Uraren Euskal Agentziak, eta kutsatutako ura garbitzeko metodo egoki bat topatu gura du. Horretarako teknikak probatuko dira, eta proba horiek lehiaketara atera ditu. Irabazlea hautatzen dutenean, aukeratutako enpresak hemezortzi hilabete izango ditu probak egiteko. 223.000 euroko aurrekontua izango du.

EAEko Plan Hidrologikoaren Neurrien Programan jasota dago Gernikako akuiferoko kutsadura ezabatzeko jarduketak egitea. Tarteka merkurio tasa handia izaten du akuiferoko urak, bereziki Errenteriako auzoko eta Ajangizko neurketa puntuetan; hau da, akuiferoaren iparraldeko eta hegoaldeko muturretan. 1990eko hamarkadatik dator arazo hori. Gainera, 2005eko isuri baten ondorioz, kloroeteno indize handiak daude akuiferoko beste hainbat tokitan; zehatzago, Ibarra industrialdearen azpiko putzuetan. Uraren Euskal Agentziak kloroeteno hori kendu nahi dio akuiferoari orain, proiektu honen bitartez. Ur hori ez da edangarria, eta ez da edateko erabiltzen. Busturialdeko Ur Partzuergoa ahalegindu izan da beste erabilera batzuk bilatzen; adibidez, kaleak garbitzera edo industriara bideratzen. Izan ere, emari garrantzitsua du sikate sasoietan hornidura arazoak dituen eskualde batentzat: segundoko 60 ur litro ematen ditu. Edangarri bihurtu nahi du orain Urak.

Kloroetenoaren isuri handi hura geratu zenetik, uraren agentziak eta eskualdeko ur partzuergoak monitorizatuta daukate unean-uneko egoera, eta ikusi dute azken urteetan egoerak hobera egin duela, gorabeherak izaten dituen arren. 2014an, kloroetenoaren beste isuri zaharrago baten arrastoa ere topatu zuten, arroan gorago joanda. Orain, lortu nahi dute ura erabat garbi utzi ahal izateko metodo bat topatzea, baita akuiferoa babestea ere, gehiago kutsa ez dadin. Izan ere, badago berriz kutsatzeko arriskua, inguruko industriak lurrera egin ditzakeen isurien ondorioz. Gernika-Lumoko industrialdearen zati handi bat akuiferoaren gainean dago. Azken urteetan, halako isuriak eragozteko neurriak hartu dituzte, baina, oraingoz, akuiferoa ez dago erabat babestuta. Esaterako, Bizkaiko Aldundiaren Azpiegiturak foru sozietateak hainbat lursail garbitu ditu; besteak beste, orain garbitu nahi diren putzuetako baten gainean dagoena.

Kutsadura konpontzeko tratamendu posibleen bideragarritasuna aztertuko dute orain. Biorremediazioa lehenetsiko dela esan du Uraren Agentziak; hau da, mikroorganismoak, landareak, onddoak eta enparauak erabili beharko dira kutsatzailea degradatzeko eta ur masa bere onera leheneratzen laguntzeko.

Kloroetenoa akuiferoaren toki bitan dago: Cruz de Malta enpresaren fabrika zaharraren inguruan eta Euskotreneko zundaketa puntuan. Lehenetsiko da Cruz de Maltaren instalazioen inguruan dagoen kutsadura fokuan jarduketak egitea, kutsadura hori arriskutsua delako Busturialdeko hornidurarako ustiatzen diren uren kalitaterako. Euskotrenen fokuaren inguruan informaziorik ez dagoenez, lehentasuna izango da hango kutsadura zenbatekoa den neurtzea; era berean, ura garbitzeko jarduera posibleen bideragarritasuna aztertuko da, han ere kutsadura murrizteko.

Egoera ezagutu

Ikerketak lau fase izango ditu. Lehenengo eta behin, akuiferoa osatzen duten materialen ezaugarri geologiko eta hidrogeologikoen inguruan dagoen dokumentazioa bildu eta aztertu beharko da; baita lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari buruz dagoen informazioa ere. Era berean, akuiferoaren eredu kontzeptuala hobetzeko beharrezkoak diren ikerketa eta karakterizazio lan osagarriak egingo dituzte. Hala, uretan berez gertatzen ari den degradazio mekanismo nagusia zein den jakin ahal izango da.

Bigarren fasean, akuiferoan egingo diren probak diseinatu beharko dira. Fase horretan, foku bakoitzaren ezaugarrietara hobekien egokitzen diren metodoak diseinatzea da helburua. Horretarako, besteak beste, hainbat zulaketa eraiki edo egokitu ahal izango dira, ponpaketa saiakuntzak eta trazadoreak egin, eta beharrezkotzat jotzen diren uren eta lurzoruen laginketak egin.

Teknikei dagokienez, lehenetsi egingo dira akuiferoaren formazioa errespetatzen duten tekniketan oinarritutako tokian bertan egiteko tratamenduen bidezko metodologiak. Teknika horien bideragarritasuna aldez aurretik ebaluatu beharko da. Oro har, lehentasuna emango zaio Cruz de Maltako fokuaren eremuari, baldin eta, lehen fasean egindako azterketen ondorioz, ez bada ondorioztatzen komeni dela Euskotreneko fokuaren eremuan jardutea lehenik.