Genero ikuspegia txertatuta

Genero ikuspegia txertatuta

N. S. O.

Bilboko Udalak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana aurkeztu du, eta 2020tik 2023ra arte gauzatu beharreko jarduerak jaso dituzte bertan. Helburua da “genero diskriminazioa eta desberdintasunak eragiten eta berreragiten dituzten egiturak desagerraraztea”. Horri esker emakumeen kontra erabiltzen den indarkeriaren kausak eta ondorioak erauziko direla azaldu dute. Udala osatzen duten sailek 2023ra arte garatu beharko dituzten 142 jarduera jaso dituzte genero ikuspegia udalaren politiketan txertatzea helburu duen planean.

Lehentasunen artean, besteak beste, hauek finkatu dituzte: Bilboko emakumeak ahalduntzea, banaka, gizartean eta politikaren alorrean; gizarteko hainbat arlotan emakumeei eragiten dieten diskriminazioak eta desberdintasunak desagerraraztea, eta emakumeen kontrako bortizkeria matxista erauztea.

Helburu orokorrak lortzeko, hainbat helburu zehatz zerrendatu dituzte. Baita horiek guztiak gauzatzeko jarduerak eta neurketa adierazleak ere. Besteak beste, indarkeria matxista jasan duten emakumeei aitortza, ordaina eta memoria emateko gune bat sortzea aurreikusi dute. Horrez gain, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eskumen zuzena duten udal langile guztiei gai horri buruzko prestakuntza eskainiko diete, ikuspegi intersekzionaletik, indarkeria mota guztiak kontuan hartuta.

Gazteen heziketara begira, hainbat jarduera aurreikusi dituzte. Besteak beste, Indarkeria Matxista Prebenitzeko Programa indartzea, gazteen artean jarrera sexistak eta bortitzak aldatzeko. Gazteguneetako begiraleei zuzendutako prestakuntza ekintzak hobetzeko asmoa ere iragarri dute, nerabeak sentsibilizatzeko eta indarkeria matxistako egoerak goiz detektatzeko eta eskumena duten zerbitzuetara bideratzeko.

Hirigintzari dagokionez, hiriko segurtasunean eragiten duten puntu beltzak identifikatu eta antzeman gura dituzte, dagokion arloak eremuok zuzendu ditzan. Espazio publikoaren diseinuan, argiterian eta eraikinetan ere genero ikuspegia ezarriko dute.

Jarduera horiek eta beste guztiak zehazteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Udal Planaren ebaluazioa hartu dute kontuan. Plana estrategikotzat jo du udalak, eta parte hartze bidezko prozesu baten emaitza gisa aurkeztu du.

“Ikuspegi feminista falta”

EH Bilduk kritika egin dio planari, “udal gobernuak ez duelako lortu Bilboko mugimendu feministaren ekarpena behar bezala jasotzea, eta plana 2018an onartutako Berdintasunerako Ordenantzan oinarrituta dagoelako”. Alba Fatuarte zinegotziak adierazi duenez, “anbizio falta horrek isla izan du V. Berdintasun Planean, eta, horregatik, bertan jasotzen diren berdintasun politikei baliabideak, ikuspegi feminista eta ausardia politikoa falta zaizkie, Bilbon berdintasunaren arloan ditugun erronka handiei ganoraz aurre egin ahal izateko”.

Berdintasun plana lau urte berandu iritsi dela salatu du EH Bilduk, eta horrek erakusten duela berdintasun politikak ez direla lehentasuna izan Bilboko udal gobernuarentzat. Pandemiak eragindako krisian egonda, planak “krisi honen sakoneko dimentsioari aurre egiteko tresna” izan behar zuela uste zuten. Helburu hori ez dela bete esan du.

Elkarrekin Podemosek ontzat jo du plana. Carmen Muñoz zinegotziaren esanetan, “jauzi kualitatibo garrantzitsua da aurreko Berdintasun Planaren aldean. Lehen aldiz, ikuspegi feminista sartu da udalean gauzatuko diren berdintasun politika guztien oinarri gisa”. Hala ere, Muñozek aitortu du eurek plan “anbiziotsuago bat” nahiko luketela genero ikuspegiari dagokionez, “modu transbertsalean udal eremu guztietan behin betiko txerta dadin”. Planaren ebaluazioa ere hobetu beharrekoa dela uste du, batez ere haren eraginari dagokionez.